«Nik esango nuke erditzean ez dagoela alperrikako sufrimendurik eta disfrutatu daitekela momentu horretaz, dudarik gabe.»

Udazkeneko egun haizetsua aukeratu duzu jaiotzeko Amets. Ilargi betea… Urriak 13, nere gorputza martxan jarri da, gauean kontrakzioak hasi dira eta goizaldera Josune, Clara eta Mariarekin jarri gara kontaktuan. Erregularragoak bihurtzen hasi dira eta pozik gaude, indartsu sentitzen gara aitatxo eta biok. Zu ikusteko gogoz gaude txikitxo!

Oier zure anaiaren moduan, etxeko goxotasunean jaioko zara, Amets. Horrela erabaki dugu oraingoan ere, bi emagin zoragarrirekin. Erditze honetan lasaiago nago, kontrakzio bakoitza gustora hartzen dut, haurdunaldiko etapa itxi eta fase berrirako prest nago. Gau aldera intentsifikatzen doa mina eta sakroan presio haundia nabaritzen hasi naiz, Josune eta Clarari deitzeko momentua dela erabaki dugu, bai, hau potente jartzen ari da.

Laster datoz biak Amets, iritsi dira. Etxera sartu eta kontrakzio batetik besterako deskantsuan besarkada eman, hitz egin eta parra egiteko denbora ere ematen digu. Badator beste kontrakzio bat, berriz presioa sakroan, pelbisean mina. Pistina prestatzeko eskatzen diegu, baina bapatean bultzatzeko gogoa, ur poltsa puskatu dut, aitatxo eta biok zutik gaude bata bestearen parean, bera da hain beharrezko dudan sostengu fisiko eta emozionala. Izugarrizko lana egiten ari da gurekin batera, gerri aldea masajeatzen dit mina arintzeko eta animo hitzak ez zaizkio falta erditze osoan zehar. Berarentzat ere potentea da momentua, gogorra, aitatxo indartsua da! 


Eta Amets, orduan, zure burua ateratzen sentitzen dut, bua!
ezin dut gehiago! baina gauza bat aitortuko dizut pottoko, erditzean gorputzak agintzen du eta beldurra ez da bidelagun, mina laguntzat hartzea besterik ez dago, beraz hiru bultzada ondoren etxeko
salan jaio zara txikitxo!

Josune eta Clara etorri eta bi ordura gurekin zaude, 2019ko Urriaren 14an. Esperientzia oso polita izan da. Gogorra, mingarria, enpoderantea, errespetatua, intimoa eta gomendagarria. Eta bai egia da, aukera hau ez da guztiontzat, emakume eta bikote bakoitzak nahi desberdinak ditugu. 

Nik erditzea zer zen jakin nahi nuen bukaera arte, nere kabuz gai izan bizitzak eraman nauen egoera honi aurre egiteko. Gure amek, amonek eta birramonek lortu zuten eta nere buruari galdetzen diot gu baino indartsuagoak ote ziren ala guri sinistarazi diguten ezin dugula eta hobe dela “alperrik” ez sufritzea. 


Nik esango nuke erditzean ez dagoela alperrikako
sufrimendurik eta disfrutatu daitekela momentu horretaz,
dudarik gabe.

Hau irakurtzen ari bazara kuriositatea piztu zaizulako eta dudak badituzu %100 gomendatzen dizugu. Gure satisfazio maila erabatekoa izan da bi erditzetan. Alde emozionalak garrantzi haundia du bai haurdunaldian eta baita erditzean ere, ez gara makinak eta ekografiak, analitikak eta bestelako probez gain eta horiek bezain beste behar dugu psikologikoki indartsu sentitzea, erditzeko gai garela esatea, beldurrak gainditzen laguntzea eta bizitzako prozesu honen jabe sentiaraztea. Magalerekin hau jasotzea lortu dugu eta pertsonalki bi erditzeak horrela bizitzeak asko aportatu dit.

Mila esker berriz ere Clara eta Josune zuen lanagatik. Eskerrik asko prozesu hau ikuspegi honetatik biziarazteagatik.