“Erraza izango da hau, pentsatu nuen… inuxentea!”

Baziren egun batzuk hilerokoa jaitsi aurretik sumatzen ditudan sentsazio berdinak sentitzen nituela eta gogoz nengoen baina lasai, banekien laster elkar ikusiko genuela eta. Igande gauean lehenengo aldiz uzkurdurek esnatu ninduten, baina oso arinak, lasai lo egiten utzi zidaten. Astelehenen goizean tapoi mukosoa deitzen zaiona isuri nuela iruditu zitzaidan esnatu berritan. Ospitalera “monitoreetara” joan behar izan nuen 41. astea iristear zelako eta ginekologoak taktoa egin zidanean sorpresa, “bi zentimetro dilataturik zaude” esan zidan. Hau poza! Ia enteratu gabe dilatatu banaiz, erraza izango da hau, pentsatu nuen… inuxentea! Ginekologoak 41. astean sartzear nengoenez Hamiltonen maniobra egitea nahi nuen edo ez galdetu zidan, ezetz esan nion.

Magaleko whatsapp taldera idatzi nuen berriak emateko, muki tapoia eta ginokologoak esandakoa. Animo mezuak iritsi ziren bueltan! Beraiek ere zain zeuden zu ezagutzeko.

Astelehen hartan izugarrizko beroa egiten zuen, arnasa hartzea ere kostatzen den bero mota hori. Beraz, eguneroko mendi buelta ematera joan beharrean etxea goitik behera garbitzeari ekin nion, inoiz garbitutako txokoak ere. Pertsiana guztiak jaitsita nituen, baina halere, leihoa garbitzeko irekitzerakoan, izugarrizko beroa sartzen zen. Zure aita lanera joana zen Leioara, eta gogoz nengoen bera itzultzeko, erditzea martxan jartzen bazen ere.

Baina ez, ez arratsaldean ez gauean ez nuen uzkurdura bakar bat ere izan.

Astearte goizean Donostiako Tabakalerara joan ginen, aitak liburu batzuk jaso behar zituelako. Bide batez, erakusteka pare bat ikusteko aprobetxatu genuen, baina nik tarteka gelditu egin behar izaten nuen, uzkurdurak sentitzen nituelako.


Etxera itzultzeko izugarrizko sentsazioa nuen, kobazuloan gordetzeko beharra bezala. Etxera itzuli eta ez nuen uzkurdura gehiagorik sentitu… “hau martxan jarri beharra dago” pentsatu genuen, eta zer hobe maitasun pixka bat baino… 

Arratsaldeko 17:45etan sentitu nuen lehenengo uzkurdura, ezberdina. Bi minutura hurrengoa. Hiru minutura hurrengoa. Minutu inguru irauten zuten eta 1,2,3 edo 4 minutuero nituen. Oso eramangarriak ziren, pilateseko baloiaren gainean musika entzunez pasa nituen. Ordubetera gutxi gorabehera zure aita ikasteko gelatik atera zen eta uzkurduren berri eman nion. “Ordubete uzkurdurekin? orduan orain bai, ez, hasi da, ez??” Besarkada estu-estu batekin ospatu genuen oso gutxi falta zela zu ikusteko. Hurrengo orduak lasai joan ziren, uzkurdura erregularrak, geroz eta intentsitate handiagokoak, aita Clara eta Josunerekin whatsapp bidez komunikatzen zen. Gaueko 9ak alderako uzkurdurak intentsitate nahiko handia zuten eta dutxa bat hartu nuen. Ze gustura!! Dutxa eta gero uzkurduren maiztasuna pixka bat jaitsi zen, 5 bat minutuero edo izango nituen… Zure aitak afaria prestatu zidan eta oso gustura afaldu genuen biak sukaldean (zure amak superbotere hori du, gaizki sentituta ere jatekoa), tarteka altxa behar izaten nuen uzkurdurengatik baina ongi sentitzen nintzen.

Afaldu eta gero ordea intentsitatea asko handitu zen. Emaginentzat prestatuta genuen gelan gordetzen nintzen (gelarik ilunena), gora, behera, aldakei bira, hankak mugitu… gelditu gabe pasa nituen uzkurdura guztiak. Momentu batean Josune eta Clararen beharra sentitu nuen, dena ongi zihoala jakin nahi bainuen.


Goizeko 2terdiak aldera iritsi ziren. Lehenengo Josune eta gero Clara. Ez nituen sumatu nigana, besarkada bat ematera hurbildu ziren arte. Irribarretsu. Lasai.

Tentsioa hartu, zure bihotz taupadak entzun, zure kokapena ukitu… dena ongi zegoen.
Aspaldi zen nik uzkurdura bakoitzarekin garrasi egiten nuela, beno, zure aitak kantatu egiten nuela esaten du “aaaaaah”. Baina kanta geroz eta garrasiago bihurtzen joan zen. Uzkurduren artean apenas nituen segundo batzuk lasaitzeko, denak jarraian balira bezala sumatzen nituen, atsedenik gabe, treguarik gabe. 

Piszina ur beroz bete zidaten eta ea sartu nahi nuen galdetu zidaten. Aze plazera barrura sartutakoan! Uzkurdurek gogor jarraitzen zuten, tarterik gabe, eta bultzatzen ere hasi nintzen. Ez dakit zenbat denbora pasa nuen piszinan baina badakit asko izan zena, eta erditzeak aldaketarik ez zuenez maniobra batzuk egiten saiatuko ginela esan zidaten. Horretarako piszinatik atera eta gelara joan ginen. Maniobrak egiten saiatu ginen baina ezin izan nuen, uzkurdurek ez zidaten tarterik uzten. Belauniko jartzen nintzen eta indar egin, altxa, mugitu eta uzkurdura sentitutakoan berriz lurrera… Goizeko 7tarako ez bazegoen berririk takto bat egitea proposatu zidaten. Nik momentu horretan bertan egiteko eskatu nien, jakin nahi nuela ia gertu zeunden… Josunek egin zidan taktoa, xuabe, eta bertan zinela esan zidan baina nik ez nion sinetsi. Nik neuk ukitu nezan animatu zidan eta bai, hortxe zeunden, ez nuen apenas behatza baginan sartu beharrik zure burua ukitzeko. Kokoriko (cuclillas) postura probatzea gomendatu zidaten. Zure aita ohean eseri zen eta ni eusten ninduela ni kokoriko bere aurrean. Pixka bat kosta zitzaidan posturara egokitzen, baina hain errez irteten zinen horrela bultzata, horrela jarraitzea erabaki nuela. Eta segituan jaitsi zinen, uzkurdura bakoitzean 2-3 aldiz bultza eta pixka bat gehiago irteten zinen… dena zegoen lasai, xuxurlaka hitz egiten zigun Josunek eta zure aitak belarrira goxo goxo.


Josunek urraturik izan ez nezan ez gehiago bultzatzeko esan zidan eta hurrengo uzkurdurarekin bakar-bakarrik atera zenuen burua.

Irailaren 18a zen, asteazkena, goizeko 7:45h. “Hurrengo uzkurdurarekin jaioko da eta zuk har ezazu” esan zidaten. Eta halaxe izan zen. Hurrengo uzkurdurarekin atera eta besotan hartu zintudan. 

Eta buah! A ze subidoia! Ze poza! Hemen zinen… Bat-batean mundua aldatu egin zen. Bion arteko zilborrestea oso motza zen eta ezin zintudan bularrean jarri. Taupaka egiteari utzi zionean aitatxok moztu zuen. Gero karena, pixa, konpresak, dutxa, bularra, mezuak…. Josune eta Clara bi bat ordu gehiago egon ziren gurekin etxean, dena ongi zegoela bermatu arte. Eta gero gu. Goxo-goxo, gure ohean, erditzeko usai guztiekin, nekatuta baina ezin lokartu.

Eskerrik asko Magale, familiei aukera hau emateagatik. Eta bereziki Clara eta Josuneri, hain ongi sentiarazteagatik, hain goxo tratatzeagatik, hain profesionalki lan egiteagatik, plazer bat da zuekin erditzea.

Eta zuri Jon, eskutik heltzeagatik.

Leave A Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude