“Dena primeran dagoela esan diguten arren, ezin omen da gehiago itxoin, eta bihar erditzea induzitzeko ohea erreserbatu digute ospitalean. Atzo ospitaleratu behar genuen berez, baina aitatxok eta biok azken momentura arte itxaron nahi izan dugu zure kabuz etortzea erabakiko zenuelakoan.”

41 + 6.eguna. Gaur egin dugu erditze aurreko azken ikuskapena. Dena primeran dagoela esan diguten arren, ezin omen da gehiago itxoin, eta bihar erditzea induzitzeko ohea erreserbatu digute ospitalean. Atzo ospitaleratu behar genuen berez, baina aitatxok eta biok azken momentura arte itxaron nahi izan dugu zure kabuz etortzea erabakiko zenuelakoan. Guk ez beste guztiek zu ateratzeko presa estiloko bat dutelako inpresioa daukagu. Edozein kasutan, bihar 42 aste betetzen dituzu hor barruan eta, beraz, hauek dira nire sabelean pasako dituzun azken 24 orduak. Magaleko emaginei kontatu dizkiegu berriak eta lasaitasuna transmititu digute. Gure esku zegoen guztia egin dugula azpimarratu, eta bihar erditzeaz disfrutatzea gomendatu digute. Arrazoia dute, garrantzitsuena zu ondo etortzea da, eta nahiz eta etxean erditzea nahiago izan, bagenekien ospitalean jaiotzen buka zenezakeela. Asko landu dugu aukera hori haurdunaldian zehar, baina ez nuen uste indukzioan bukatuko genuenik, eta horrek uste baino egonezin handiagoa eragin dit. Aitatxo lasai dago, zure etorrerarekin guztiz motibatuta, eta momentu honetan falta zaizkidan indarra eta konfiantza helarazten dizkit. Honelako gauzengatik maite dut horrenbeste. Bihar datorrenerako mentalizatzeko prozesu horretan, afari goxo bat prestatzen utzi dut eta ni dutxa bero bat hartzera joan naiz. Gainean nituen zama guztietatik askatzen lagundu nau urak, eta dutxatik irtetean, aitatxori esan diot egin dudala falta zitzaidan “txip aldaketa”. Besarkada berezia izan da ondorengoa; orain bai, orain prest gaude zu gure artean jasotzeko. Lasai eta motibatuta. Ez dakit kasualitatea izan den, baina bat-batean, ur-jarioa sentitu dut hankartean. Poltsa puskatzen ari ote naiz? Erantzuna jakin orduko, lehen kontrakzioak hasi dira eta horrelako plazerik sorraraziko didan minik ez dudala inoiz eduki pentsatu dut. Gaueko hamarrak dira eta zerbait jan ondoren ariketak egiten hasi gara aita eta biok. Horrela egin zaizkigu goizeko 1:30ak eta, emaginek gomendatu bezala, lo pixka bat egiten saiatzea erabaki dugu. 2:30ean, ordea, ezin naiz ohean egon, kontrakzio olatuen festak aurrera egitea baino ez dut desio eta ohetik jaiki naiz isilean. Pilotan, koltxonetan… ariketak egiten aritu naiz, musika lagun, zurekin hizketan. Horrela aurkitu nau aitak 4:30ean eta, ohera bueltatzea proposatu diodan arren, gurekin geratu da, fularra eta bestelakoak prestatzen. Kronometroaren kargu ere egin da. 6 :30ak inguruan esan dit “Ederto goaz, kontrakzioek minututik gorako iraupena dute eta hiru minutuero datoz. Bi ordu goaz horrela, beraz, Clara eta Josuneri deituko diet”. 8:00ak inguruan heldu omen dira gure etxera, baina nire burua deskonektatzen hasia da eta ia ez naiz ohartu ere egin. Aspaldi galdu dut orduarekiko interesa. Batez ere, zure aitak ospitalera deitu eta momentuz joango ez garela abisatu duenetik. Hurrengo orduak oso intentsuak izan dira: fularretik tira, aitarekin ariketak egin, dutxa, pilota, musika, egarria asetu… Lasaitasuna ematen dit Clara eta Josune gurekin izateak. Ezin babestuago sentitzen naiz daukadan konpainiarekin eta nire etxeko berotasunean. ​Eguerdi aldera, pistinan sartzea gomendatu didate eta nik gustura jaso dut proposamena. Horrenbeste ordu eta gero, gorputza nekatua dut eta kontrakzioek tarte txikia uzten didate indarra berreskuratzeko. Ze plazera… Ur beroa, abesti atseginak, iluntasuna… konturatu gabe pasa zait denbora hemen barruan. Laztan bakoitza, hitz bakoitza, magia da indarra berreskuratzeko. Clara eta Josunek zure burutxoa ikusten ote den begiratzea proposatu didate eta nik gustura entzungo nuke baiezkoa, baina ez da hala izan. Bultzatzeko gogo ikaragarria dudan arren, zure burua ez da inondik ageri. Taktu baginala egitea proposatu didate eta, dilatazioa ondo doan arren, badirudi zure burua pittin bat inklinatua dagoela eta horrek ez dizula erditze kanalean aurrera egiten uzten. 15:00ak direla eta bultzaka ordu batzuk daramatzadala kontuan izanda, bi aukera eman dizkigute orduan: ospitalera joan eta epidurala eskatu, edo etxean ariketak egiten jarraitu zure burutxoa birkolokatzen saiatzeko. Bigarren kasu honetan, 6 bat ordutako lana izango dela estimatzen dute, eta gaueko hamarretarako jaiotzen ez bazara, ospitalera joatea birplanteatu beharko dugu, poltsa puskatuarekin 24 ordu beteko ditugulako… Ai ene! 6 ordu gehiago horrela? Izango al dut indar nahikorik 6 ordu gehiagorako? Bestalde, ospitalera orain? Oso ondo nago etxeko berotasunean, zuekin, ez dut inora joan nahi… Aitak, bi aukerak ondo daudela esan dit, egiteko gorputzak eskatzen didana. Eta horixe egin dut, etxean geratu. Hemen bezala ez naizela inon egongo iruditzen zait. Hasi gara, ba, ariketak egiten, bata bestearen atzetik. Clarak eta Josunek azaldu, eta aitatxok eta nik, egin. Nork esan du bikotekideek ez dutela erditzen? Hau guztia ezin izango nuke zure aita gabe egin. Nire pisuarekin laguntzen nau, edaten eta jaten ematen dit, laztanak egin, masajeak, animoak eman… Momentu honetan ez naiz jabetzen, baina Clara eta Josune etengabe ari dira berari argibideak ematen. Ikusten ditut, sentitzen ditut, zu eta ni ondo gaudela begiratzera datoz gutxiro, zure bihotz-maiztasuna, nire tentsio arteriala… “beste ariketa bat, Izarne?”. Bi hauek makina batzuk dira: lasai ikusten ditut, beraien saltsan, badakite zertan ari diren eta sekulako konfiantza ematen didate. Horrela pasa ditugu beste bost bat ordu. Arratsaldeko zortziak dira eta berriro proposatu digute zure burutxoa ikusten ote den begiratzea. Ados!! “Zer? Ikusten da?”… “Pare bat kontrakzio gehiago… ziur egoteko. Ondo zoaz. Jarraitu horrela”… “Zer? Ikusten da? Hortxe sentitzen dut ba…” “Bai!Hor dator!Buruko ileak ikusten dizkiogu!”… Eta orduan bai, erreserban nuen indar apurra etorri zait. Orain ezin gaitu ezerk geldiarazi. Zuk jaiotzeko gogoa daukazu, eta guk zu ezagutzeko gogoa daukagu. Eta hor hasi da zurekin elkarrizketa. Kontrakzio eta kontrakzio artean, “Lur, laztana, lagundu amatxori. Etorri, zu ezagutzeko gogotsu gaude. Oso hilabete politak izan dira, baina gure artean nahi zaitugu jada”. Eta azkenean gertatu da. Gaueko bederatzietan jaio zara eta zoragarria izan da. Benetan ere, erdibitu egingo nintzela pentsatu dut momentu batez. Badator burua… pasa da… “susko haloa” zer den bizi izan dut. Pixka bat gehiago, beste bultzada bat, eta hor etorri zara mundura. Zein gauza polita! Zein gauza perfektua! Begiak zabal-zabalik dituzu lehen momentutik. Zein sentsazio zoragarria. Ezagutu zaitugu behingoz, eta ezin zara ederragoa izan. Ongi etorri gure artera, laztana.

Clarak eta Josunek edoskitzea hasten lagundu digute eta berehala lotu zara titira. Zuk ere esfortzu handia egin duzu eta gose zarela dirudi. Atmosfera ezin hobea sortu da etxean. Denak pozez zoratzen, konplizitate giro ederra usaintzen da. Aita eta bioi ahaztu zaizkigu eguneko nekeak eta hurrengo orduak zuri begira pasako ditugu, elkarri laztanka eta muxuka. Clarak eta Josunek dena ondo dagoela esan digute eta hurrengo eguneko bisitara arte agurtu gaituzte. Eskerrik asko, gure emasorgin kuttunak, zuek gabe hau ez zatekeen posible izango. Eskerrik asko gu bezalako familiak hain zoriontsu egiteagatik. Erditze bakarrean jasan behar izan ditugun oztopo, kritika eta epai guztiak kontuan izanda, ze pasa ote duzue zuek urte hauetan? Nabaritzen da egiten duzuen lanean sinesten duzuela eta maitasunez egiten duzuela. Segi familiak zuen magiaz ornitzen. Behar zaituztegu. Jon Ander, Lur eta Izarne

Leave A Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude