«Haran eskuartean zuen Nuriak, eta bere lehen hitzak… ‘Ai txiki’, bigarrenak niretzako… ‘Aitor begira!’ eta handik aurrerakoa hitzetan ezin da adierazi.»

Klik eta argia!

Azken egunak luzeak izaten ari dira guretzako, nire bikotea eta bizitza bidaiari fin eta indartsua den Nuria haurdunaldiaren bederatzigarren hilabetean bete-betean sartuta dago. Haurdunaldiko helmuga ikutu dezakegu, usaindu, sentitu. Eta honela galdetzen diot egunero: 

– Nuria, zerbait desberdina sentitzen al duzu gaur?

Erditzearen fasea hastea nahi dugu, gure maitasun hazien nahasketa eta bilakaera besarkatu nahi dugu. Gorputzaren funtzionamendua aurrera dihoan legez, buruak eragin handia du prozesuaren aurrera egite hortan eta etenaldietan.

Memoria atzera botata, martxoaren 10ean kokatzen gara, haurdunaldiaren 39. astean. Nuriaren sentsazioak Haran gertu dagoelaren seinale dira. Kontrakzioak, batez ere, arratsalde eta gau partearen ilun eta lasaienean sentitzen ditu Nuriak. Intentsidadea erditzeko bidaia martxan jartzen ari delaren seinale argiak dira.

Momentu horretan bertan, COVID19a azaldu zen gure bizitzetan, honek ekarri zituen zalantza eta eragin guztiekin: proiektu profesionalaren itxiera, ardurak, osasuna, kezkak, etxekoen egoera, familia… COVID19ak martxan jarritako beldurrek indar gehiago izango zutela zirudien, Nuria bizitzen ari zen haurdunaldiaren bukaerak baino. Hurrengo bi asteak, tarteka, benetan gorabeheratsuak izan ziren, kontrakzioak hasi eta ordu batzuetara gelditzen baitziren. Nuria Kantauri itsasoaren olatu handietan arraunean ibili zen indarrez beti, olatuan gora eta tarteka txanpa ezin hartu, olatuetan behera, egoeraren kontrola galduko bagenu sentsazioarekin. Momentu horietan, beharrak zeharo aldakorrak ziren; afektiboak, fisikoak, beldurrak, inseguridadeak, idealizazioak, errua.

Bestalde, instintoa, arrazionaletik haratago dihoana, krokodriloaren garuna… Hormonak eragindako eraldaketa txiki eta geldiezinetan murgilduta, Jekyll doktorea eta Mr. Hyde-en instintoaren baitan dantzan zen Nuria. 

Erditze prozesua gelditzen zen, ulertu dugu ondoren eragina ez zela izan etxeko itxierak edo konfinamendu  honek eragindakoa bakarrik, nahiz eta, guk askotan horrela bizitzen genuen. Bederatzi hilabetetako bidai baten amaiera gertu dago. Prozesu baten itxiera indartsua eta potentea izan ezean…Prest egongo al ginateke bidai berriei edo hazkundeari ekiteko? 

Eta berriro nire eguneroko galdera: 

– Nuria, zerbait desberdina sentitzen al duzu gaur? 

Oraingoan bere erantzunak malko distiratsu baten forma dauka:

– Aitor ez; dena geldi dagoela sentitzen dut. Agian ez nago prest etxean erditzeko?

Estu hartu eta berak beste galdera bat bota dit: 

– Aitor, gaizki egindako gauzen ondorioz haurdunaldia luzatzen ari bada?

Errua noizbehinka ateratzen den zerbait da, hormonen dantza honen barruan erruak bere lekua bilatzen du, beldurrekin batera. Baina bada beti beste leku handiagoa hartzen duen sentimendu polit bat, argia ematen duena eta hori gure kasuan “ESPERANZA” deitzen da.

 

Erderaz idazten dut gure hitz berezia delako, itxaropena esanahi berdintsua izanda guretzako ez dauka xarma eta pisu berdina. 

Esperanza mantendu behar da. Pentsamendua eraldatzeko momentuan, konfinamendu honetan eskura jartzen zaizkigun aukeren ustiapena egin… Maitasuna egin, umorea, sukaldatu, youtuberekin batera dantza, yoga, umorea, irakurketa saioak, idazketa, begiradak, meditatu, umorea, kandelak, musika eta musika, irribarrea, sukaldatu berriro, umorea, maite dugun jendearen mezu positiboak, besarkadak, txirrinda arrabola… Honez gain, munduaren eta bizitzaren  sorreran eta garapenean, badaude hainbat gauza guretzat ezinbestekoak direnak edozein ekintza egiterakoan; maitasuna, pasioa eta gardentasuna edo zintzotasuna. Arma hauekin eta Magale etxeko emaginekin, Josune, Clara eta Oihane, zein Osakidetzako gure ginekologoaren aholku eta orientazioekin, amaigabeak ziren egun horiek aurrera egin zuten eta beriro ere tarteka haize boladek eramandako esperanza berreskuratu egiten zen, gurekin zegoen berriz ere. 

Martxoaren 24ean ederki afaldu genuen, 41. astearen atarian ginen eta telesail bat ikusten jarri ginen. Aste batez hasi eta gelditzen ziren kontrakzioak berriro gure artean ziren. Leihoaren beste aldera etxera sartu nahian beldurra eta errua. Oraingoan, ez genien lekurik egin!

Gau izugarri baten ostean non Nuria eta biok lo sakonetan ibili ginen, ni gehiago… Goiza iritsi zen. Nola ez, ni erasora berriro! 

– Barkatu Nuria, zerbait desberdina sentitzen al duzu gaur? 

Oraingoan bere irribarrea begiratzearekin aski izan nuen. “Aitor, nire gorputza eta Haran martxan dira.”

 

Martxoaren 25a zen, goizeko 8:30ak. Nuria, kapitainaren paperean jarrita, ordu batean 200 agindu jaso nituen, labadora jartzeko aztia ere izan zuen Nuriak, kontrakzioak bi minuturo izanda ere, hauen iraupena ere ez zen nolanahikoa, bakoitzak minutu bateko iraupena zuen… erratza pasa, fregona, komuna ere txukundu beharko da, ezta? Galdetzen zidan uzkurtzen zen bitartean.  Clara eta Josunerentzako ez al zenuen paella bat egin behar?

Informazio guzti honen aurrean ahal nuen moduan erantzuten ari nintzela eta Nuria nire parean minez uzkurtuta zegoen bitartean:

– Nuria, eta emaginei mezutxo bat bidaltzen badiegu? 

– Aitor, prozesua hasten denetik bi ordu pasa behar zirela esan ziguten eta!

Handik 10 minutura mezu motz baten bitartez Josuneri adierazi genion dena martxan zela…

Salto batez prestakuntza guztiak antolatu nituen, Nuriaren animali oihuen artean, sekula entzundakoak. Neri beldurra, boterea, segurtasuna eta indarra trasmititzen zidaten, dena aldi berean. 

 

Goizean Nuria kapitainak emandako irizpide bat hauxe izan zen:

– Aitor, gauza bat eskatuko dizut: ordena eta ordena gehiago etxeko espazio eta gauzekin.

Zalantza barruan zuen baiezkoarekin, erantzun nion…

10:30etan Clara sartzen ikusi nuen trastez gainezka eta geroxeago Josune… Igerileku olinpikoarekin esku artean. Antolaketa edo desantolaketa  horren barruan izugarri babestua sentitu nintzen, bai Clara eta bai Josunerengatik. Familiakoak izango balira bezala edota gurekin etxean betidanik biziko izan balira bezala. Dena bere lekua hartzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Momentu horretan hilabete hauetan irakurritakoa, bideotan aztertutakoa eta Magale etxeko profesionalekin ikasitakoa martxan jartzeko momentua zen; Maria, Oihane, Bea, Josune, Clara, Joana… Beraiek emandako ezagupenak gurekin zeuden. Baina guzti hauen gainetik emakumeek duten magia, xarma, berezitasuna, intuizioa, indarra eta jakinduria dago… Sorgin kontuak…

Bidaiak jarraitzen zuen bitartean, Nuria gure ondotik atera eta bere erditze mundura joan zen, berera, orruak, mugimenduak, besarkadak… 

Gauza guzti hauen gainetik miresgarria iruditu zitzaidan Nuriak erditzerakoan, sei ordu horietan zehar azaldu zuen indarra eta adorea, naturaren laguntzaz, bera eta gure umetxoa Haran biak bat, biak bi.
 

Gertutik guzti hori babesten ni, indar erakustaldi horren lekuko, haien aurrean txiki eta harro sentitu nintzen aldi berean.

Bultzatutako kontrakzio bakoitzak suposatzen zuen indar eskerga, burrunba Neolitoko garaira eta kobazuloetara eraman ninduen, gure oinarrietara, gure arbasoetara, han kobazuloaren ilunean, txokoaren babes eta izkutaketa intimora… Bertan, emakumea naturaltasunez erditzeko prestatuta…hausnarketa, hainbestetan entzunda nion Nuriari… eta egun horretan ulertu nuen halako hitz potente eta handi hauen esanahia.

Nuria libre mugitzen ari zen etxetik. Egongelatik gure logelara, gure logelatik komunera eta komunetik egongelara berriz ere. Bitartean Clara, Josune eta hirurok Iberdrolarekin borrokan ari ginen. Etxea 24 gradutan jartzen eta igerileku olinpikoa  betetzen saiatzen ari ginela etxeko argia behin eta berriro joaten zen, honek suposatzen zuenarekin batera… Nuria kapitainaren goizeko labadorak eta txukuntasun nahiek… kaldera hustuta utzi zuten eta ondorioa… Igerilekua betetzeko lapikoz-lapiko ibili behar izan genuela. Bitartean, interruptoreari ematera berriro… klik eta argia!

Harira etorrita berriro, Nuria gure logelan sartuta zegoen, kontrakzioak oso jarraiak ziren baita intentsidade handikoak. Bizkarretik sortzen ziren, erditik hautsi behar zelaren sentsazioa zuen; galduta zegoela zioen kontrakzioaren mina zela eta…

Pixkanaka-pixkanaka oihu, burrunba, indar eragile eta uzkurdura artean aurrera egin zuen prozesuak eta postura aldaketa desberdinak eginda dilatazioak bere zabalkundea jarraitu zuen.
 

Igerileku olinpikoaz galdetu zidan Nuriak momento batean: 

– Aitor, noiz sartuko naiz piszinara? 

Igerileku olinpikoa betetzea lortu genuen, baita etxeko tenperatura finkatzea ere… Murphi-ren legeaz beste batean hitz egingo dut, baina, Murphi hau pertsona jakintsutzat hartzen dugu harezkeroztik etxean…

14:00etan piszinan ginen, eszenatoki aldaketa, besarkadak, ura gainetik goxotasunez bota eta erditzearen prozesu berri bat. 

Nuriak atseden txiki bat hartzeko aukera izan zuen, ur epelak eragin zion gorputza mugitu eta plazera sentitzea. Olatu bakoitzarekin Nuriak arraun egiten zuen indar handiz, bultza eta bultza. Bitartean Clarak eta Josunek Haranen taupadak kontrolatzen zituzten, prozesu guztian egin zuten bezalaxe. Dena ondo zegoen. Super heroien modura Nuriaren bultzada bakoitzak Haran gure esku artera ekartzen zuen, geroz eta gertuago genuen gure umea. 

Aquarius eta etxeko edabe magikoaren tragoskak tartekatuz azkeneko bultzadetara iritsi zen. 


Bitartean, ur azpian burua gutxinaka azaltzen ikusten genuen (nire begietatik izurtzen ziren negar malkoek sortutako uholde baten beldur izan nintzen…) zirrara hain handia sentitzen nuen…

Bigarren batean buruaren zati handiago bat ikusten zen. Deskantsatzen zuen bitartean ikusitakoa esplikatzen zioten Nuriari, bera ere Haran ikusteko eta besoetan jasotzeko irriki, kiliki eta gogotsu zegoen. Azkeneko bultzada horretan kamioi bat aurrean jarrita ere mugituko luke nire Superheroiak… Halaxe gertatu zen, Clarak eta Josunek etorri behar zuena ikusita, Nuriari eskuak ur azpian jartzeko esan zioten eta momentu horretan hiru izatera pasa ginen, denbora eta bizitzaren emoziorik potenteena segundu batean kontzentratuta, adrenalina, maitasuna, oxitozina, maitasuna…

15:00etan Haran eskuartean zuen Nuriak,  eta bere lehen hitzak… “Ai txiki”, bigarrenak niretzako… “Aitor begiraaa” eta handik aurrerakoa hitzetan ezin da adierazi. Adierazi daitekeena baino handiagoa delako.

Azkenik, Nuria eta Haranen arteko lotura nik moztu ahal izatea eta zilbor-hestearen taupadak nola gutxitzen ziren zuzen-zuzenean eta lasaitasunez ikusteak emozioz bete ninduen berriro ere, benetan hasetuta gelditu nintzen nire paperaz erditzean zehar, ezin loak hartu, ezin adierazi hitzekin, malkoak nire sentimendu polit guztien kanporako bidea ziren eta dira oraindik, aste batzuk pasata. Hiru gara, familia gara; Haran, Nuria eta Aitor.

Eskerrik asko Magale etxeko guztiei, gure bidai gorabeheratsu eta liluragarri hau hain erraza eta polita izatea ahalbidetu duzuelako! Muxu potoloak zuei, betirako eskertuak egongo gara!