Ezin dugu ulertu perineoa atal anatomiko isolatu eta unifaktorial gisa; errore bat da kausa-efektu lineal bat ezartzen saiatzea zerbait gerta daitekeela aurreikusteko, kasu honetan, erditzean perineoko urradurak.
Urteetan zehar, erditze baginaletan perineoko urradurak orbaintzeari dagokionez dauden aukerak aztertzen saiatu gara, eta ebidentzia zientifiko gehienek zauria josturaz konpontzea dute helburu, baina… Ba al dago beste aukera batzuk planteatzerik?
Frogatu da bigarren intentzioz sendatzeak, hau da, ez jostea eta ehuna zauriaren oinarritik birsortzea ahalbidetzea, guztiz baliozkoa dela: infusio, asentu-bainu, buztin edo olio esentzial batzuk erabiliz, zauria zaintzen eta orbaintzen lagundu dezakegu. Ebidentzia zientifikoak bi sendaketa-aukeren emaitzak alderatzen ditu urradura ohikoenetan, I eta II motakoetan: perinearen eta zoru pelbikoaren emaitza estetiko eta funtzionalen artean ez dago alde nabarmenik perineoa josi zaien eta ez zaien emakumeen artean. Frogatu dena da perineoko min-tasa handiagoa dagoela erditu ondorengo hiru hilabeteetan jostura-kasuan, eta infekzioaren eta dehiszentziaren ehunekoa % 0,1-24.6 da.
Erditze ondoko errekuperazioan, garrantzitsua da urraduraren orbaintzeko prozesua (josturarekin edo gabe) eta zoru pelbikoa baloratzea egitura guztiak kontuan hartuta. Diziplina anitzeko lana egiten dugun eta prozesu horietan parte hartzen dugun profesionalok, ohituta gaude, oro har, erditu ondoren urradura josien orbainak dituzten emakumeak languntzera. Agian josi gabeko orbainen normaltasuna zein den ere ikasi beharko genuke, era indibidualizatuan gomendatu eta aholkatu ahal izateko, epe ertain eta luzera hain ohituta gauden eta hainbeste bizi-kalitate eta ongizate falta duten aldagaiak (mina, tentsioak, inkontinentziak, ondoeza, dispareunia…) behatu ahal izateko;
Eta, bestalde, emakume bezala, haurdunalditik informatu eta geure burua zaindu ahal izateko lagunduta sentitu beharko genuke, ez bakarrik erditze ostean, baizik eta prozesu osoan zehar.