«Garrasiak. Sua. Zabaltzen. Erditzen. Ezintasun sentipen unea eta zitriko esentzia usaina. Ahalmena.»


Erditze eguna hurbiltzen ari zen eta gorputzean emozio-zirrara pizten. 
Poz-irrika azalean sentituz. Hura gogoa!

Larunbata.
Mendixka eta itsasoa bisitatu genituen; berdea eta urdina. Argia.
Erditze unerako buru-gorputz-arima sentitzen eta prestatzen. 

Igandea.
Gauean poltsak zirrikitu bat egin zuen; ura isurtzen hasi zen, ur garbia.
Horrekin batera uzkurdurak sentitu nituen. Emozio-zirrara areagotzen ari zen!
Uzkurdura horiek oso eramangarriak izan ziren,
plazerez zipriztindurik zetozen. 
Irregularrak ziren, beraz, gau osoan sentipen horiez gozatu nuen. Oraina biziz.
Hurrengo orduetan ikusiko zen prozesuak hartzen zuen garapena.

Astelehena.
Goizean ginekologoarekin hitzordua genuen. Uzkurdurak gelditu egin ziren.
Poltsaren zirrikitu batetik likidoa atera zenez, indukzioa egin behar zela zioten.
Baina, hori ez zen horretarako arrazoi nahikoa. Emaginek argi esan zidaten.

Bazkal ostean uzkurdurak berriz ere martxan hasi ziren, zoragarri!
Gorputzean arreta jartzea eta gorputzaren jakiturian sinestea izan ziren gakoa.
Hortik aurrera uzkurdurak apurka-apurka erregular bihurtu eta intentsuago hasi ziren.
Arratsalde osoan zehar luzatuz.
Oihuak. Barrenetik.
Gero eta hurbilago erditze bukaera, gero eta hurbilago jaiotza.

Gauerako Oihane heldu zen lehenik, Maria ondoren.
Gustura hartu nuen beraien etorrera.
Jasotako masajeak eta errebozo erabilera oso lagungarri izan zitzaizkidan.
Bultza egiteko unea atarian. 

Astearte goizaldez.
Garrasiak. Sua. Zabaltzen. Erditzen.
Ezintasun sentipen unea eta zitriko esentzia usaina. 
Ahalmena.
Lau hanketan lehenik, kokoriko ondoren.
Burua, enborra eta hankak nire gorputzetik ateratzen. 
Hura irudia gogoan iltzatuta daukadana!
Hura sentipena.
Eki nire magalean, bularrean. 
Zilborrestearen mozketa.
Karena ateratzearen plazera ondoren. 
Eki  magalean, bularrean. 
Maitasunez.
Gurekin.