“Zurrunbilo bat bezala eta ezertarako astirik eman gabe, horrela jaio zen Ani, gure bigarren alaba. Nork esan behar zidan niri bi egun lehenago izan nuen ametsa bihozkada bat izango zela?”

Aniren jaiotza

 

Zurrunbilo bat bezala eta ezertarako astirik eman gabe, horrela jaio zen Ani, gure bigarren alaba. Nork esan behar zidan niri bi egun lehenago izan nuen ametsa bihozkada bat izango zela? “Plazentak beti itxaroten digu”, erantzun zidan Clarak umoretsu, amestutakoa kontatu nienean. Eta halaxe izan zen, Anik ez zien itxoin, plazentak bai. Etxekoen intimitatean eman genion ongi etorria eta, nire bihozkada betez, emaginak ez ziren jaiotzara iritsi.

Ordurako aste pare bat neramatzan uzkurdura irregularrekin. Banekien ez zirela erditzeko uzkurdurak, baina seinale bat zirela eta nire gorputza erditzerako prestatzen ari zela. Beraz alderdi positiboa begiratzea besterik ez zitzaidan geratzen, nahiz eta niretzat nahikoa gogaikarria izan eta, egia esan baita etsigarria ere, uzkurdurak gorabehera, erditzea ez zelako gertatzen.

Baina martxoaren 17ko larunbat goiz hartan esnatu ninduen uzkurdura desberdina izan zen, eta berehala ezagutu nuen: hasieran herabe agertu zen, segundo batzuen ostean desagertzeko, sentsazio zorrotz eta bizi bat utziz. Eta lehen uzkurdura horren atzetik antzekoak etorri ziren gero, ordulariaren arabera hamar bat minuturoko tartearekin. Hasia zen erditzea beraz.

Albora begiratu nuen eta Itzea, gure hiru urteko alabatxoa, lasai zegoen lotan. Kenari ere lo zegoen, baina laster esnatu eta jaikiko zen ohetik. Ez nion ezer esan. Irribarre eginez erabaki nuen tarte batez nire sekretua izango zela hura, eta altxor txiki bat poltsikoan gordetzen duen haurra bezala, irrika, zirrara eta emozioz nire baitan gorde nuen gertatzen ari zena, tarte batez.

Jaiki aurreko azken minutu haiek Anirekin konektatu nahi izan nuen, eta azaldu nion berak dagoeneko ongi aski bazekiena: jaiotzera zihoala eta konfiantza izateko, berekin nengoela. Ez nekien gerora benetan zer etorriko zen, baina batzuetan gurasook badugu gure haurrak lasaitzeko patxada eta lasaitasuna, egoera edozein delarik ere.

Hala, nire gorputzaren sakonera iritsi nintzen, umetokira, nire erraietara: “Badirudi gaur jaiotzea erabaki duzula, ezta Ani? Ados. Ba biok sentitzen ari garen hau uzkurdurak dira. Leun hasi dira, baina gero eta indartsuagoak izango direla sentituko duzu. Horrela izan behar du, maitxi, zu jaio ahal izateko. Bien artean eramango ditugu, elkarrekin. Nahi baduzu jolas baten moduan har dezakegu. Pentsa dezakegu uzkurdura datorrenean, aspaldi ikusi gabeko lagun batekin topo egin dugula, eta luze eta indartsu besarkatzen gaituela. Geratu, murgildu besarkada horretan, eta sentitu gero nola poliki-poliki lasaitzen, askatzen eta agurtzen den. Hala izango da behin eta berriz. Goazen”.

Itzearen ahots txiki esnatu berriak eta bere begitxo lokartuek mundura itzularazi ninduten. Orduan xuxurlatu nion bere ahizpa txikia goiz hartan bertan jaioko zela eta laster izango zuela bere besoetan. Oraindik erdi-lo egonik ere, a zer nolako zirrara irribarrean, nolako ilusioa bere begiradan. Tximista baino bizkorrago zeharkatu zuen etxea sukalderaino, aitari oihuka kontatzeko: Ani jaioko zela! Kenari eta bion artean begirada konplize bat, besarkada bat eta musu bat, ez zen bestelako hitzik behar, abian zen bidaia.

Ez nintzen gose eta ez nuen gosaldu. Arropa erosoa jantzi eta etxea aireztatzeko irekita zeuden leihoak ixtera joan nintzen. Udaberri usaina zerion goiz ederra zen eta pentsatu nuen zenbat gustatzen zaizkidan neguko egun fresko eta eguzkitsu horiek. Bazuen antzik Itzea jaio zen eguneko eguraldiarekin ere… horretan bakarrik izango zuten antza bi erditzeek.

Kenarik prestatutako laranja zukua hartzen ari nintzela aprobetxatu nuen emaginei mugikorretik mezua idazteko: esan nien erditzea duela ordubete inguru hasia zela eta uzkurdurak hamar minutuero-edo nituela, baina oraindik ez nengoela inondik inora “planeta parton” eta joango ginela abisatzen. Amari ere gauza bera esateko deitu nion eta eskatu nion goiz hartarako zituen planak uzteko eta gure deiei adi egoteko. Izan ere adostua geneukan gurekin etxean egongo zela erditzean, Itzearen ardura hartzeko.

Hala, uzkurdura eta uzkurdura artean alfonbran jolasean genbiltzan Itzea eta biok. Liluratuta nengoen transmititzen zuen lasaitasunarekin, nola begiratzen eta laztantzen ninduen kontrakzio bat zetorkidanean eta lurrean uzkurtzen nintzenean. Baina lasaitasun hark ez zidan askorik iraun niri behintzat. Azken uzkurdurak nahikoa biziak izan ziren eta Kenari, berogailua eta musika jartzen ari zelarik ere, ohartu zen 5 bat minutuko tartea izan zutela batetik bestera, eta emaginei jakinarazi zien.

Jada logelako ohean, uzkurdurak gero eta biziagoak ziren. Ez nuen ulertzen zergatik zen mina hain gogorra, erditzea hasi berria besterik ez bazen. Ez nuen postura erosorik aurkitzen, ezin nuen arnasketa kontrolatu eta ez nintzen kontzentratzen: une batez musika nahi nuen erritmoarekin laguntzeko, eta une bat geroago itzaltzea nahi nuen; Kenarik masajeak ematen zizkidan aldakan baina lagundu baino urduriago jartzen ninduten; hotz handia neukan, baina arropak gogaitu egiten ninduen… Finean, ez nintzen kokatzen, ez nuen nire gorputza ezagutzen, eta ez nuen erditze hura ezagutzen.

Bitartean Itzea lasai aski zegoen egongelan bera bakarrik jolasean. Noizean behin gugana hurbiltzen zen eta laztandu eta musu bat ematen zidan, eta jolastera joaten zen berriro. Baina erditzea hain azkar zihoala ikusita ni ez nengoen lasai, eta Kenarik amari deitu zion berehala etor zedin Itzearekin egoteko.

Ordurako kontrakzioak oso jarraiak ziren, jarraituegiak, eta nik oso gaizki neramatzan. Edo hobe esanda, ez neramatzan, ezin nituen eraman. Berriro arreta arnasketan jartzen saiatzen nintzen uzkurdurak eraman ahal izateko, baina ezinezkoa zitzaidan. Oinaze hura beste mundu batekoa zen, beste maila batekoa. Ezin nuen berekin. Olatu erraldoi batek irentsiko banindu bezala zen, nire gorputzak nahi zuena egiten zuen nirekin eta ezin nuen handik ihes egin. Eta beste kontrakzio bat, eta segidan beste bat, eta beste bat, eta ni oihuka. Une batean ezin izan nuen gehiago, laguntza eskatu nion ez dakit nori, eta negarrez lehertu nintzen beldurrez eta etsipenez. Inoiz ez nuen sentitu halako beldur primitiborik, nire bizitzan lehen aldiz beldur izan nion erditzeari: beldurra halako oinaze basati eta ezezagunari, zer gertatuko ote zen ez jakiteari,… hiltzeari?

Berehala iritsi zen ama etxera. Bizkarrean laztan bat, muxu bat garondoan eta gelatik irten zen. Ezin izan nion ezer esan, ezin nuen hitzik egin: ohean etzanda, makurtuta, ezin nuen burua altxatu ere egin, erabat lur jota eta leher eginda nengoen. Eta bat-batean kontrakzio HURA etorri zen, nire oihuak izenik gabeko beste zerbait bihurtu zituena: hitzekin azaldu eta erreproduzitu ezin den soinu hori, erraietatik datorren orroa. Ziur ama askok ezagutzen duzuela. “Deitu emaginei” erregutu nuen ahots basati harekin. Guk ez bagenekien ere, emaginak bidean ziren dagoeneko, baina ez ziren garaiz iritsiko.

Kenarik telefonoa hartu eta Josuneri deitu zion, baina airean bota zuen entzun ninduenean. Hurrengo kontrakzioa izugarria izan zen, askoz indartsuagoa, eta piztia bat bezala egin nuen oihu. Apurtzen ari nintzela sentitzen nuen, erdibitzen ari nintzela, eta bat-batean poltsa apurtu zen: nire arropa, izarak, dena blai eginda zegoen eta… joder! Ur zikinak ziren, mekonioz tindatuak. Kenari toalla batekin dena garbitu nahian hasi zen… Egoera ez zitzaidan batere gustatzen, zerbait gaizki zihoala sentitzen nuen eta beldurrak hartu ninduen. “Utz nazazu, utz nazazu!” eskatzen nion negar-zotinka, “Akabo, hau hemen bukatu da. Hauek (emaginak) iristen direnean gora (ospitalera) igoko gara. Garbitu egin nahi dut, dutxara joan nahi dut. Ani? Ondo zaude? Berehala amaituko da dena, ados? Dena ondo aterako da, ikusiko duzu. Zu lasai, zu lasai laztana”.

Ahal nuen moduan ohetik jaiki nintzen dutxara joateko. Baina zutitu nintzen une berean, mugimendu instintibo batean eskua alura eraman nuen eta ustekabean Aniren burua ukitu nuen. Hori bai ez nuela espero. Orduan aldatu zen dena. Ulertu nuen alaba jaiotzera zihoala eta emaginak ez zirela iritsiko, nik bakarrik egin beharko nuela. Une horretan onartu nuen egoera, eta nolabait olatuen azpitik atera eta nire arima eta izate osoa nola ahalduntzen zen sentitu nuen. Beldur izatetik eta gertatzen ari zena ez ulertzetik, indartsu eta seguru sentitzera igaro nintzen, ze banekien urak zikinak izan arren ez zela ezer gertatzen, Ani berehala jaioko baitzen. Erditzea niretzat bezain intentsioa izan zen beretzat jaiotza, eta horregatik mekonioa, baina ongi zegoen, ziur. Sentitu nuen ez nuela inoren laguntzarik behar nire ‘kumea’ erditzeko, ezta emaginena ere: nik banekiela nola egin, nire gorputzak bazekiela nola egin. Eta kontzientzia hartze horrekin batera eta nire gorputzarekiko erabateko konfiantzaz, gure alabari ongietorria emateko prestatu nintzen.

Jaiotzeko dutxara iristeko denbora ematea bakarrik nahi nuen, urarekin deliratzen ari nintzen: agian Itzea uretan jaio zelako (etxean, erditzeko bainuontzi horietako batean) eta horren oroitzapena hain ona zelako; edo agian ni lurrekoa baino gehiago uretakoa naizelako, ez dakit, baina bainuontzirik betetzeko denborarik ez zegoenez, dutxa zen nire alternatiba bakarra gorputzean ura sentitzeko.

Kenariren laguntza behar izan nuen ohearen eta dutxaren arteko bizpahiru metroak egiteko. Minutu batzuk besterik ez ziren izan ziurrenik, baina niri amaigabea egin zitzaidan arrastaka egin behar izan nuen distantzia hura. Fisikoki egurtu izan banindute bezala eta erabat jota nengoen, baina nire buruarekiko erabateko konfiantza eta ziurtasunarekin.

Bat-batean pauso txiki batzuk entzun nituen bizkor hurbiltzen, eta automatikoki atea ixteko eskatu nion Kenariri, Itzeak ni ez ikusteko garaiz, ez bainuen egoera hartan ikusterik nahi. Aniren haurdun nengoela jakin nuenetik (baita lehenagotik ere) argi neukan Itzea erditzean egotea nahi nuela, erditzea ikusi eta bizitzea. Eta badakit bera prest zegoela, aste asko generamatzalako lanketa egiten. Baina nik buruan neukan irudi idealizatua ez zetorren bat une hartako errealitatearekin. Itzeak bere ahizpa jaiotzen ikustea nahi nuen, jaiotza polit eta erditze boteretsu batean, non ni indartsu, handi eta boteretsu sentituko nintzen, bere jaiotzan sentitu nintzen bezala, alegia. Aldiz une hartako irudiak nahikoa tamalgarria izan behar zuen (edo hala sumatzen nuen nik behintzat): ni lurrean arrastaka eta dena mekonioz zikinduta, eta sentitu nuen ez nuela nahi alabak ama horrela ikusterik.

Jadanik dutxan, lasaitu, arnasa hartu eta zain geratu nintzen. Burua koroatzen hasi zen eta “suzko eraztunak” nola erretzen zuen sentitu nuen (ez dut lehen erditzean halakorik sentitu izanaren oroitzapenik). Aldi berean bizkarrean behera erortzen zitzaidan ur beroak sekulako plazera sortzen zidan, eta esan nezake lehen aldiz benetan gustura sentitu nintzela, erditze osoan benetan gozatu nuen une bakarrenetarikoak izan zirela jaiotzaren azken une horiek: geldi-geldik eta lasai, baina aldi berean adi, alaba jaio arte itxaron nuen; eta halaxe, azken bulkada batekin, odol-putzu hartan belauniko, ongietorria eman nion bizitza berri hari, eta nire eskuekin heldu nuen alaba.

Anik bizi eta indartsu egin zuen negar bere lehen garrasian. Aurpegia eta burua garbi zituela ikusi nuen, bizkarrean besterik ez zeukan mekonio pixka bat, eta azal-kolore zoragarria zuen. Beraz ondo zegoen, ondo geunden. Irribarre besterik ezin nuen egin nire beso artean nuelarik.

Orduan bai, logelako atea ireki genuen eta ama agertu zen aurrena: harridura aurpegiz eskua ahora eraman zuen eta ez dakit zehazki negar edo barre egin zuen, edo biak batera. Segidan Itzea sartu zen eta ederra izan zen bera etortzen ikustea: zerekin topo egingo duen ez dakienaren aurpegia zekarren nolabait esateko; harridura baino, ikusmin eta kuriositatez beteriko begirada. Eta ez odolari, ez beste ezeri erreparatu gabe, naturaltasun osoz Anirengana hurbildu zen eta emeki-emeki bere buru txiki busti eta odoleztatua ukitu, eta musu eman zion. “Nire ahizpa da, nire ahizpa da betirako”, esan zuen. Une zinez ahaztezina niretzat.

Handik aurrera dutxatik jaiki eta bainuontzian sartu ginen Ani eta biok, ur epeletan pixka bat garbitzeko. Berehala iritsi zen Clara eta ohera joaten lagundu zidan, dagoeneko izara garbiekin prest, Kenari eta nire amari esker. Josune ere minutu gutxiren buruan iritsi zen. Barre eta komentario artean, karena besterik ez zen geratzen, baina erditzea ez zen amaitu oraindik.

Urduri bezain hunkiturik, amak ebaki zuen zilbor-hestea. Ani bularrera lotuta zegoen ordurako, eta beraz berehala hasi ziren berriro ere kontrakzioak, biziak eta oso mingarriak baina eraginkorrak aldi berean, eta plazenta segituan atera zen. Ez neukan urraturik, ezer ez.

Dena amaituta eta ohean eserita, dardarka neukan gorputza, oraindik adrenalinaren eraginez edo. Arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaidan, barnean sentitzen nuen estutasunarekin, sabel gainean korapilo erraldoi bat banu bezala. Egun batzuk eta elkarrizketa asko behar izan nituen gertatu zen guztia barneratu ahal izateko eta ikara edo estutasun sentsazio hori gorputzetik desagertzeko. Etengabe errepasatzen nuen erditzearen garapena nolakoa izan zen, behin eta berriz mentalki errepikatzen nuen sekuentziaz sekuentzia nola gertatu zen guztia. Baina behin hori gaindituta, nire bi erditzeak esperientzia positibotzat hartzen ditut, izan behar zuten bezala izan direlako biak, bere horretan eta gertatu bezala bizitu ditudalako, eta bietan sentitu naizelako zaindua eta maitatua. Eta bakoitzarekin asko ikasi dut, hori ziur.

Oraingo erditze honetan gehien liluratu ninduena Itzearen jarrera izan zen: ikusteko modukoa zen bere itxura pijaman jantzita, latexezko eskularruekin eta buruan argi frontala jarrita, ze arretarekin begiratzen zion plazentaren irteerari eta nola lagundu zien Josune eta Clarari plazenta zatitzen, emagin bat gehiago balitz bezala. Gero koaderno batean gauzak apuntatzen zituen eta dena ondo zegoela esaten zidan. Nola gustatzen zaion antzerkia!

Itzea, bihotza, oso ederra izan da prozesu hau zurekin partekatu izana, haurdun nengoela jakin zenuen une beretik. Betiko eskertuko dut hau elkarrekin bizi izana, eta zuri bereziki beti eskertuko dizut 3 urte txiki-handiekin erakutsi zenuen naturaltasuna eta uzkurdurak nituen bakoitzean izan zenuen tenple eta adorea. Bihotzean gordeko dut erditzean zehar eman zenidan laztan eta musu bakoitza, eta ziur aski zuk ez dituzu gogoratuko handitzen zarenean, baina nik ez ditut sekula ahaztuko.

Itzearekin ikasi nuen erditzea izan daitekela leuna, ilunabarrean hondartza bakarti batean itsasoko olatu txikien artean dantzan aritzea bezala. Anik irakatsi dit erditzea izan daitekela basatia, gorputzak berak sortutako zurrunbilo batek harrapatu eta astinduko bazintu bezala.

Orain arte esaten nuen erditzean “nire gorputza abandonatu” nuela alabari jaiotzen utziz, haren jabe izan banintz bezala. Orain badakit gorputza ez zaidala inoiz egokitu erditzerakoan, baizik eta naturako izaki garen aldetik, natura bera dela gorputzaren jabe. Eta ekaitzak, olatuak eta udaberria sortzen dituen era berean, nire gorputza ere nahierara erabili duela bi erditzeetan, nire alabak, bere alabak, munduratzeko. Hala ere ziur nago lehen erditze hartan bizitutako esperientzia, lasaia eta gozagarria, eta aldi berean sakona eta ahaltsua, funtsezkoa izan zela bigarren erditze honetan niretzat: inolako asistentziarik gabeko bi orduko erditze bizkor eta basatian, sentitzen nuen beldurra gainditu eta azken unean ahaldundu ahal izateko.

Guk ez genuen aukeratu asistentziarik gabeko erditze bat, ez zen gure nahia. Nik etxean erditzea erabaki nuen, lehen aldian bezala, eta ez zen espero bezalakoa izan, besterik ez. Ez zait gustatzen ausartak garela entzutea, etxean erditzeko erabakia hartzeagatik. Nire ustez erditzea ez baita ausardia kontua. Haurdun gelditzen garen momentutik badakigu erditzea gertatuko dela, eta nik garrantzia ematen diot norberak bere baitara begiratzeari eta bere beldurrak, nahiak eta beharrak ezagutzeari, berarentzat eta bere familiarentzat egokiena den aukera hautatu ahal izateko, alternatiba guztien artean. Erabakiak erabaki, gurean horrela gertatu zen, eta etorri zitzaigun bezala hartu genuen, ospitalera bidean kotxean edo kalean erditzea gertatzen zaionari bezala. Batzuetan bizitza datorren bezala hartzea besterik ez baitzaigu geratzen. Zalantzarik gabe, erditze bakoitza abenturaz beteriko bidaia bat da.