“Sofan etzan eta bere esku magikoekin zure posizioa begiratu zuen. Ateratzeko prest omen zinen, a ze poza!”

37.astetik aurrera luze egin zitzaigun amatxo Maitane eta bioi zure etorrera. Izan ere, 32.astetik kontrakzioak nabaritzen nituen eta sinestuta geunden aurreratu egingo zinela. Baina ez, 40.astean sartuta iritsi zen horrenbeste desiotako eguna!

Ekaina hego haize ukituarekin iritsi zen. Amatxo Maitane lanera joan zen berririk ez zegoela ikusita, baina bueltan etorri baino lehen hasi ziren zure etorrera iragartzen zuten kontrakzioak! 19:15 ziren ordura arte nabaritu ez nuen min hura sumatu nuenean, nire gorputza eta burua alertan jarri ziren eta 7 minutu pasata beste bat sumatu nuen! Bai, bai!! Hasi da erditzea!! Amatxo Maitaneri ez nion abixatu 20:00etarako etxean izaten baita, baina bera iristerako prest nengoen oinez ibiltzera joateko. A ze poza hartu zuen amatxok martxan geundela jakin zuenean! Herriko bidegorritik bueltaxka bat eman genuen, 7-8 minuturo kontrakzioak iristen zirenean geldiuneak eginez, eramangarriak ziren oraindik.


Etxera itzuli ginenean portaleko eskailera guztiak igo
eta jetsi genituen behin baino gehiagotan, gure esku zegoen guztia
egin genuen zu ahalik eta azkarren gurekin egoteko.

 

Etxean sartu eta pelotaren gainean pasa nituen hurrengo kontrakzioak. Amatxo Maitanek etxea goxo goxo jarri zuen, prest zuen musika zerrenda jarri, argi epelak piztu, leihoak zabaldu kaleko haize goxoa sartu zedin… giroa oso lasaia zen,baina kontrakzioak geroz eta maizago eta gogorragoak ziren. 

00:00etan emaginei deitzeko esan nion amatxori eta berehala jarri zen Josune eta Clararekin kontaktuan. Haiek ordu betera etxean egongo zirela esan ziguten. Tarte horretan gure ingurua ere jakinaren gainean jarri genuen eta emozio eta indar pilla iritsi zitzaigun haien partetik ere.

Berehala zen Josune etxean. Ixil- ixilik eta goxo –goxo sartu zen egongelara.


Besarkada goxo batekin agurtu gintuen eta nire konstanteak begiratu. Gero sofan etzan eta bere esku magikoekin zure posizioa begiratu zuen. Ateratzeko prest omen zinen, a ze poza!

 

Konturatzerako Clara ere etxean zen. Nire kontrakzioak gogorrak ziren dagoeneko eta berarekin hitz egitea gehiago kosta zitzaidan. Amatxo eta ni egongelan egon ginen kontrazioei aurre egiten eta Josune eta Clara ondoko gelatik 15 minuturo etortzen ziren zu eta ni ongi geundela ikustera. Goizeko 3ak aldera mina asko gogortu zen. Lunbarrean izugarrizko ziztadak sentitzen nituen. Poltsa beroa jarri eta masajeak egin zizkidaten Clarak, Josunek eta baita amatxok ere. Momentuan mina arintzen zen baina… nire momentu kritikoa iritsi zen… pistina eskatu nuen.

Pistina puztutzeko momentua oso luzea egin zitzaidan. Uretan sartu eta momentuan mina pixkatxo bat arindu zen, baina kontrakzioak oso gogorrak ziren. 


Halako batean Josune etorri zen poz-pozik
fasez aldatu ginela esanez, baina nola ote daki,
pentsatu eta adierazi nion momentuan.

 

Nire oihuak aldatu omen ziren!! Azken fasean sartzen ari nintzen, baina nik ez nuen sinesten, ikutu ere egin gabe nola jakin zezaketen hori! Ba bai, bazekiten! Minarekin borrokan nengoen horretan Josunek esaldi garrantzitsu bat esan zidan, “mina gogorra da bai, baina zuk sortzen duzu, beraz zu gogorragoa zara” ederra benetan eta egia!

Momentu batetik bestera mina aldatu egin zen eta bultzatzeko gogoa sartu zitzaidan. Pistina barruan nengoen bultza eta bultza, baina ez zen zure burua inondik ageri. Clarak postura aldaketa proposatu zidan. Lau hanketan jarri nintzen eta horrela bai, banuen nahiko indar eta bultzadak eraginkorrak ziren.

Berehala agertu zen zure burua, bua a ze emozioa! Eta ondoren beste bi bultzadekin osorik atera zinen, hori bai sentsazio itzela! Goizeko 6:02, ekainaren 2a, egunsentiarekin batera modu ederra eguna hasteko! Amatxo eta biok pozez zorantzen eta zu begiak zabal zabalik guri begira. Ederra elkarrekin egin genuen lana. Ahaztezina eguna. Eta noski hau horrela gertatzeko bidelagun ezin hobeak izan genituen, magaleko emaginak.

Milesker Clara eta Josune, ikaragarriak zarete!!