“Kaka egiteko gogoak dituzunean duzun sentsazioa nabaritzen hasi nintzen. Zer esan nahi du honek? Ez daukat ideiarik ere. Edo hori da pentsatu nahi nuena”

2022ko abuztuaren 26an itzuli ginen oporretatik, gure oporraldia oraindik ez zen amaitu, baina abuztuak 27an ezkontza bat genuen. Araitz jaiotzeko oraindik 20 falta zirenez, lasai geunden, ezkontzaz gozatzeko asmoz. Aihotzek 2 urte eta erdi zituen eta lehenengoz, asteburu pasa familiarekin utzi genuen, gu larunbateko ezkontzara lasai joan ahal izateko.

Aspaldian ikusi gabeko lagunekin elkartu ginen eta emozioz beteriko ezkontza izan zen. Ni gorputzaldi onarekin sentitu nintzen eta nekearen zantzurik ere ez. Ezkontzatik irteten ia azkenak izan ginen, etxera iritsi eta oheratzerako berriz, goizeko 3:00ak erlojuan.

Ohean sartu bezain pronto lehen kontrakzioa nabaritu nuen; bueno, normala da. Minutu batzuk beranduago hurrengoa; bueno, pasako da. Ohartu nintzenerako ordubete igaro zen eta nik ezin lo egin kontrakzio esporadikoen ondorioz. Egongelara joatea erabaki nuen, pilotaren gainean jarrita hobeto sentituko nintzen esperantzarekin. Bi ordu gehiago pasa ostean, kontrakzioak ez ziren desagertu eta Aritz esnatzera joan nintzen logelara.

Ohikoa den moduan, talde bikaina osatu genuen; nik kontrakzioen berri ematearekin batera, berak denboren kontrola zeraman. Kontrakzioak luzatuz eta batetik besterako denborak murriztuz zihoazen. Bitartean nik nire buruari ondorengoa galdetzen nion: Posible ote da? Oraindik 18 egun falta dira eta! 

Nire gorputzak pilotaren gainean jartzea eskatzen zidan, logelan ez nengoen gustura. Ohetik altxa eta jangelara joan ginen. Pilotaren gainean jarri eta kontrakzioak joan etorrian zebiltzan bitartean, igande hartako egunsenti paregabea ikusteko aukera izan genuen. Jada argitu zuen egunak, konturatzerako goizeko 7:30ak ziren.

Momentu hartan erabaki genuen emaginei deitzeko ordua iritsi zela. Mariak hartu zigun telefonoa. Berarekin hizketan nenbilela hara non datorren hurrengo kontrakzioa. Hitz egiteko ere ez nintzen gauza, kontrakzioak geroz eta gogorragoak ziren. Kontrakzioa amaitu eta, Maria? Hor zaude? Mariak telefonoa eskegi zidan eta ni konturatu ere ez. Minutu pare batean Mariaren deia jaso genuen.

– Itxaso, telefonoz ari ginela kontrakzioa etorri zaizunean sentitu dudanaren arabera, lehen bait lehen joan behar dugu zuen etxera. Horregatik eskegi dizut telefonoa, Laurari deitu eta zuen etxerantz joan dadila esateko, bera ni baino gertuago bizi da eta.

Mariarekin hitz egin eta gutxira, kaka egiteko gogoak dituzunean duzun sentsazioa nabaritzen hasi nintzen. Zer esan nahi du honek? Ez daukat ideiarik ere. Edo hori da pentsatu nahi nuena. Jakin banekien zer esan nahi zuen horrek, kanporatze-fasea hurbiltzen ari zela hain zuzen ere. Momentu hartan, emaginei lehenago deitu ez izanaz damutzen hasi nintzen. Goizegi zela pentsatuz eta ahalik eta gehien itxaroteagatik, ez ote diegu beranduegi deitu? 

Bitartean, uzkurdurei aurre egiten jarraitzen dut, puntu honetan oso biziak baitziren. Goizeko 8:20 zirela iritsi zen Laura, a ze lasaitua hartu nuena bera ikustean! Iritsi bezain pronto besarkatu ninduen eta bere ahots goxoarekin ea nola nengoen galdetu zidan. Nik, komunera joateko gogoarekin nengoela, sentsazioa ez zitzaidala pasatzen. Laurak, lurrean xurgagailu batzuk ipini eta egin behar nuena bertan egiteko animatu ninduen. Une horretan, hara! Poltsa hautsi nuen, horra hor komunera joateko gogoak. Urak garbiak ziren, dena ondo zegoen. Laurak haurraren bihotz taupadak entzun zituen, hauek ere primeran zeuden.

Puntu honetara iritsita, nik jada ez nekien ze posturatan ipini, ezinegona nuen gorputzean. Halako batean belauniko jarri nintzen, gorputza Aritzen magalean, besoetatik gogor heldu eta indar guztiz bultzaka hasi nintzen. Pufff, intentsitate handiko sentsazioa. 

Halako batean Laurak: Haurraren burua ikutu nahi? Gertu dago jada! Ni kontrakzioekin kontzentratuta nengoen; bat pasa eta bestea datorren bitartean leher eginda, arnasa ahal bezala hartu, indarrak ez dauden tokitik atera eta badator hurrengoa, bultza!. Kontrakzio pare bat geroago, erlojuak 9:00ak puntuan markatzearekin batera atera zinen Araitz, jada gurekin zaude laztana. Laurak hartu zintuen eta denborarik galdu gabe nire besoetara pasa. Lehen aldiz besarkatzen zintudan bitartean txirrinak jo zuen. Maria iritsi zen eta Aritzek atea ireki aurretik jada Araitzen lehen negar hotsak entzun zituen.

Itxaso