“Orduan, Josunek besotik heldu eta begietara begiratzeko esan zidan. ‘Ainhoa, Itzea badator. Hurrengo bultzadan, mesedez eutsi eta poliki-poliki bultzatu’.”

Ainhoaren erditzea eta Itzearen jaiotza.

 

2015eko urtarrilaren 1ean jaio zen Itzea, etxean. Dena nola gertatu zen oroitzen naizen bakoitzean, bularrean kabitu ezineko zerbait sortzen zait; poz, emozio eta harrotasunez beteriko korapilo moduko bat. Hitzez azaltzea zaila baita gure alaba nire eskuekin hartu eta uretatik atera nuen unea, bere bizitzako lehen segundoan. Itzea jaio zen! Eta zoragarria izan zen. Nire besoetan nuen azkenik, Kenariren besarkada artean eta Clara eta Josuneren begiraden babespean, etxeko goxotasunean. “Itzea, maitea, amatxo naiz, amatxo naiz, Itzea, laztana” errepikatzen nion, irribarrea begietan, negarra ahotsean eta mundu bat bihotzean.

Urte berria jaiotzearekin batera, Itzeak ere jaiotzea erabaki zuen. “Urte berri, bizi berri”, halaxe izan zen gurean. Goizaldeko ordu txikietan hasi ziren lehen seinaleak, isilik eta poliki: odol arrasto txiki bat eta lehen uzkurdurak, leunak, baina beren presentzia agerian uzteko adinakoak. Berehala ulertu nuen: nire gorputza lanean hasia zen. Abian zen erditzea.

Halaxe igaro nuen gaua, hogei minuturoko uzkurdura leun horiekin, goizeko argitasunarekin kolpetik gelditu ziren arte. Nola zitekeen? Ni erditzeko gogoz eta energiaz beterik nengoen eta prozesuak jarraitzea nahi nuen, hasitakoarekin jarraitu. Baina ez ba.

Ezjakintasunez eta urduritasun puntu batekin, emaginei deitu eta egoera azaldu genien. Eta beti bezala, segituan lasaitasunezko erantzuna. Euren gomendioei jarraituz eta gauak luze jo zezakeela ikusita, eguna lasai hartzea erabaki genuen: deskantsua berreskuratzeko siesta, bazkari goxoa, mendi aldean itzulia eta dutxa bero bat, halaxe igaro genuen eguna.

Eguzkiak eta ilargiak topo egitearekin batera, iluntzeko zazpietan itzuli ziren berriro ere uzkurdurak, oraingoan etenik gabe ordea. Prozesua gelditzeko beldurrez, eskaileretan gora eta behera hasi nintzen, baina mina gogorregia zen eta ezin nion gorputzari zutik eutsi. Logelan sartu nintzen orduan. Ohe gainean pilotarekin lau hankatan jarrita mina eramangarriagoa zen eta arnasketan zentratu nintekeen. Kenarik uzkurduren maiztasuna eta iraupena neurtzen zituen ordulariarekin, gerriaren atzealdean igurtziak ematen zizkidan bitartean. Uzkurdurak lau minuturokoak zirenean hots egin genien emaginei, gaueko hamarrak aldera.

Clara eta Josune berehala iritsi ziren etxera. Une horretan, logelako iluntasun eta goxotasunean, gustuko musika atzean, denbora geldirik zegoen niretzat, eta gorputzari abandonatu nintzaion erabat. Alabarekin elkarlanean eta nire baitan murgildurik, ez zen beste ezer existitzen: bera eta ni, biok bakarrik; bera jaiotzen, ni erditzen.

Baina aldi berean banekien ez geundela bakarrik: aldian-aldian bi esku miragarri agertzen ziren, gerri gainean zaku bero bat jartzeko edo aldakan masaje bat emateko; aldian-aldian laranja-zuku bat nuen aurrean, indarrak berpizteko; aldian-aldian laztan bat edo animozko hitz goxoak belarrian, adorez betetzen nindutenak. Ni nintzen erditzen ari zena eta nik bakarrik atera behar nuen aurrera egiteko indarra, baina ingurukoen energia eta laguntza sentitzen nituen eta horrek konfiantza handia ematen zidan. Konfiantza eta ondo egiten ari nintzenaren segurtasuna, eskertu besterik ezin diet hori sentiarazi izana.

Eta erditzeak aurrera zirauen: uzkurduren joan-etorriak gero eta maizago ziren, eta oso intentsuak, gogorrak ziren dagoeneko. Sastada berri bakoitzean gorputz osoa uzkurtzen zitzaidan, gihar guztiak tenkatu, eta arnasa eta ahotsa ziren mina kanporatzeko nire bidea. Pare bat bider zentzua galtzera ere iritsi nintzen, baina Kenariren laguntzaz lortu bai zentzua eta bai berreskuratzea. Ekaitzaren ostean barealdia datorren bezala, uzkurduraren ondoren lasaitasuna. Prozesuak berak ematen digu kolpea eta laztana aldi berean. Harrigarria da nola naturak jartzen duen erditzearen erritmoa eta nola prestatzen gaituen pixkanaka erritmo hori jarraitzeko, prozesuan aktiboki parte hartzeko aukera emanez. Ni prozesuaren parte nintzen eta uzkurdura bakoitzean gauza bakarra irudikatzen nuen: umetokiko lepoa zabaltzen eta zabaltzen eta alabaren burua lepo horretatik behera.

Halako batean, gorputz osoa irauli zitzaidan. Zer zen hura? Deskarga elektriko baten gisa, gorputza osorik astindu zidan halako indar handi bat bezalakoa zen, hitzez nolabait azal badaiteke. Sentsazio berria zen niretzat, kontrolaezina. Erditzea beste fase batera pasatu zen, ez zegoen zalantzarik. Komunera joateko beharra sentitu nuen eta han nengoela, berriro beste bulkada bat, eta beste bat.

Orduan, egongelan prestatuta geneukan erditze-baineran sartzea proposatu zidaten emaginek eta hala egin nuen. Uretan sartzearekin batera gihar guztiak erlaxatu eta plazer handia sentitu nuen. Gustura nengoen lau hankatan, goxo-goxo, uraren epeletan, baina etenak ez zuen asko iraun. Itzea ez zegoen prest deskantsurik emateko. Bazetorren eta ez zuen atzera bueltarik.

Bat-batean klak!, zerbait puskatzen nabaritu nuen. Zirudienez haurraren burua irteten hasi eta uren poltsa apurtu zen. Emaginek ispilua ur azpian sartuta begiratu zuten eta bai, Itzearen burua zen. Kenarik ukitu egin zuen, baina nik ez nuen nahi izan. Mina oso gogorra zen eta ez nuen jakin nahi zenbateraino zegoen aurreratua, badaezpada etsipenak ez jotzeko. Halere nabaritzen nuen nola ari zen haurra nire barrutik ateratzen, bulkada berri bakoitzean pixka bat gehiago, baina beste mundu batean bezala nengoen, Kenariren eskuari gogor helduta. “Ainhoa, hurrengo bultzada datorrenean, eutsi eta ez bultza” esan zidaten Clara eta Josunek. “Nola ez bultzatzeko? Ezin dut ez bultzatu!” erantzun nien. Barrutik zetorren indarra oso gogorra zen eta une horretan ez nintzen ni bultzatzen ari zena, gorputzak berak bakarrik egiten zuen.

Orduan, Josunek besotik heldu eta begietara begiratzeko esan zidan. Nengoen beste mundu hartatik jaitsi eta adi entzun nion: “Ainhoa, Itzea badator. Hurrengo bultzadan, mesedez eutsi eta poliki-poliki bultzatu”. Momentu horretantxe ukitu nuen lehenbizikoz alabaren burua eta beldurtu eta guzti egin nintzen: oso zati handia zen kanpoan zegoena eta azken bultzada falta zen. Azken bultzada! Erditze-aurreko ariketa eta prestaketa lanez oroitu nintzen eta dirudienez balio izan didate, lortu bainuen bultzadei eutsi eta poliki egitea, ia urraturik ez egiteko moduan. Eutsi eta poliki bultzatu, eutsi eta poliki jaisten utzi… eta bat-batean frast! atera zen nire hankartetik. Segundoan nire besoetan hartu eta bularrean jarrita besarkatu nuen alaba txikia.

Zirrara. Ez zait une horretako sentipena jasotzeko beste hitzik bururatzen. Haurra nire bularrean eta Kenariren besarkada artean, poza, indarra, deskantsua, harrotasuna, emozioa… zirrara hutsa. Gure momentua izan zen hura, gurea bakarrik, eta sentimendu guzti horiek Clara eta Josunek ateratako argazkietan dauzkagu betikotuta.

Ez dakit minutuak edo orduak igaro ziren horrela, eta bat-batean gauza batez ohartuta “Zer ordu da?” galdetu nuen. Gaueko hamabiak hogei gutxiago. “Urtarrilak 1, orduan?”. Hori ere berezia izan zen niretzat, bi urte lehenago, egun berean, amonaren heriotza izan baikenuen. Uzta zaharrak joan eta berriak etorri. Amona izan nuen zaindari gau hartan.

Xuabe-xuabe emaginek errealitatera itzularazi gintuzten, erditzea ez baitzen amaitu. Egongelatik mugitu gabe, sofan bertan egin genituen ondorengoak, lasai-lasai: Kenarik zilbor-hestea eten zuen, eta gero Itzea azala-azalarekin hartu zuen, nik plazenta botatzen nuen bitartean. Orri zuri batean Itzearen “bizitzaren zuhaitza” marraztu zuten emaginek, guretzat oso opari polita benetan. Aldi berean Josunek bularrarekin laguntzen zigun Itzea eta bioi, biok berriak baikinen horretan! Dena ondo atera zela ospatuz, plazenta eta laranja zuku batekin egin genuen topa guztiok. Globo batean bezala nengoen, zoriontsu, nire barnean ezin kabiturik. Inoiz ez naiz horrela sentitu.

Hots egin eta berehala aurkeztu ziren gurasoak eta anaia etxeko atarian, sartu-irten batean nola geunden ikusi eta haurra ezagutzeko. Haiek joan bezain laster dutxa bero bat hartu eta oheratzeko ordua iritsi zen, eta hantxe ohean etzanda hartu zuen Itzeak bularra lehenbizikoz. Istant hura gogoratzeko taldeko argazkia atera genuen bostok eta behin guztia ondo zegoela ikusita, goizeko hiruretan agurtu genituen Josune eta Clara.

Han geunden Kenari eta biok etxeko ohean, eta izaren artean ezkutatuta Itzea, gure alaba txikia. Elkarri begiratu eta irribarre besterik ezin genuen egin, oraindik egoeraz jabetu ezinik bezala, eta itzelezko emozioa sentitu arren, nekearen nekez loak hartu gintuen. Bizi berri bat geneukan gure aurrean.

Ametsak amets, Itzearen jaiotzeko modua errealitate bihurtzea lortu dut nik. Zalantzarik gabe nire bizitzako esperientziarik paregabeena izan da, zirraragarria, eta zorioneko sentitzen naiz. Inoiz hartu dudan erabakirik zentzudunena eta onena izan da etxean naturalki erditzea. Aukera eman dit hainbestetan kontatzen ez dizkigutenak eta hain garrantzitsuak direnak ezagutu hala izateko. Eta nire memorian, azalean eta bihotzean betirako iltzatuta gelditu dira neguko egun eguzkitsu eta gau miragarri hartako bizipen horiek: zer den garunaren mugetatik at ezerezera bidaiatzea, gorputzari abandonatuz trantzera igarotzea, desagertzea, ikasitako guztia desikasi eta jatorrira itzultzea. Zentzua galduta senak agintzea eta barruan dugun animalia, emea, azaleratzea, kumea barrutik atera eta zuzenean bularrera eramatea. Zein indartsuak garen deskubritzea, baneukanik ere ez nekien indar bat sentitzea, elektrizitate bihurtzea. Zirraragarriak baita ere alaba eta biok elkarri lotuta igaro genituen azken minutuak. Deskribaezina eta adiktiboa bere haur jaioberriaren vernix usaina, 10 egun eta 10 gauez gure izarak eta etxe osoa lurrindatu zituena, lehen aldiz bainatu genuen arte. Ezin ukatu bizipen hauek amatasunaren bide berri honi ekiteko ematen duten indarra.

Etxean erditzeko prozesuan izan nituen gora-beherak hala ere: galdera asko egin dizkiot nire buruari eta kontraesanak argitzen saiatu naiz, eta batez ere nire muga eta beldurrak ezagutu, konpartitu eta menperatu behar izan ditut, baita bikotekideak ere. Gogoratzen dut niretzat momenturik zailena amari kontatu nionean izan zela, berekin izandako elkarrizketak mindu egin ninduelako eta zalantza pila bat sortu zizkidalako: “Zergatik egin behar duzu hau? Zer demostratu nahi duzu honekin?” galdetu zidanean, triste, beldurtuta bezala. Egia ote zen? Norbaiti zerbait frogatu nahian al nenbilen? Zein zen joera orokorraren kontrako erabakia hartzeko arrazoia? … Aldi batez ez nuen ezer jakin nahi izan, ez nuen erditu ere egin nahi, inon. Batetik hainbeste maite nituen guraso eta inguruko batzuek nahiago zuten nik iritziz aldatu eta ospitalean erditzea, nahiz eta azkenean nire erabakia errespetatzen zuten. “Gehiegi irakurtzen duzu, Ainhoa” esaten zidaten. Bestetik ordea, iruditzen zitzaidan sobera frogatua zegoela etxean erditzea segurua zela, eta ni hain konbentzituta nengoen hori zela niretzat onena, barruan sentitzen nuen behar bat zela. Hainbeste informazio kontrajarrirekin, manipulatua sentitzen nintzen.

Azkenean, mesederik egiten ez zidatenengandik pixka bat aldendu nintzen eta benetako sostengua ematen zidaten pertsonak bilatu nituen, nigan konfiantza zutenak nahi nituen alboan. Ondo zegoen besteen istorioak entzutea, baina ohartu nintzen jendeak bere iritzia ematen duenean, bere esperientzia eta beldur propioetatik hitz egiten duela, eta gehienetan, beldur horiek ez zirela nireak. Eta hala, kolokan jarri ninduten zalantza eta beldur horiek beharrezkoak izan ziren, nire buruarekin zintzo jokatzeko eta erabakia irmoki hartzeko. Ulertu nuen dudarik izan nezakeela momenturen batean, baina nik sentitzen nuena benetan etxean erditzeko beharra bazen, hori gailenduko zela zalantzen gainetik, eta halaxe izan zen, lasai eta konbentzituta hartutako erabakia.

Bide horretan Josune eta Clarari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen; baita Jeru eta Evari ere. Zorte handia izan da zuek ezagutzea eta zoragarria zuekin erditzea. Hasiera-hasieratik oso gertuko sentitu zaituztet eta gehiago ezagutu ahala zuekiko estimu eta miresmena hazi besterik ez da egin. Ziur nago ez dela kasualitatea zuen bizitzak elkartu izana, eta indar bereziren batek batu zaituztela, bi emakume adoretsu, bokazioz beteak, gure erditzea berreskuratzen laguntzeko, eta beste hainbat kontzientzia zabaltzeko, etxeko erditzeak berriro ere pixkanaka normalizatuz. Emakumeok eta familiok zuen alboan borrokan jarraitu behar dugu, gure alabak, aske eta boteretsu, euren erditzeen jabe izan daitezen, eta gure bilobak, amaren sabeletik magalera, maitatuz jaio daitezen.

Nola ez, eskerrik asko bihotzez Kenari, zeneuzkan galdera-ikurrei zure erantzun propioak bilatzeagatik, beti nigan sinesteagatik eta erditzeko bultzadarik gogorrenetan eskutik heltzeagatik. Zure babesa, indarra eta maitasuna ezinbestekoak dira niretzat, beti.

Azkenik eskerrik asko gurasoei eta lagunei, ez gaituzuelako zalantzan jarri eta gugan hainbeste konfiantza duzuelako. Eta bereziki zuri, ama, bizitza eman didazulako eta lehen lerroan edo itzalean beti hor zaudelako. Zure laguntza izugarriko sostengua izan da uneoro.

Soinu banda: Katamalo, Ken Zazpi eta Bob Marley.