“Erditu eta ordubetera aitak abesti bat abesten zuen bitartean zilborhestea moztu du; momentu ahaztezina”

Bigarren ume bat nahi genuela argi genuen, baina zaila izan zen Basurtoko Ospitalean lehenengo semearekin izan genuen erditzearen esperientzia txarra alde batera uztea. Denbora luzez saiatu ondoren haurdun gelditzea lortu genuen. Argi genuen etxean izan nahi genuela eta Magale etxeak amets hori egi bihurtzen lagun zezakela. 

40. astea iritsi da. Behin X eguna iritsita, hurrengo egunak ez dira batere errazak izaten ari, ez nago eroso ez etzanda ez eserita ez eta zutik ere. Hala ere, hondartzatik, menditik… paseotxoak ematen ditugu baina oinez nabilenean kontrakzio antzeko bat nabaritzen dut esertzean, pasa egiten zaidana. Azaroak 21 (40+5), goizeko 10.30etan nagusiaren andereñoarekin bilera dugu, hara joan gara nahiz eta hileroko min pixkat sentitzen dudan. Handik atera eta erosketak egitera joan gara badaezpada, baina supermerkatuan nintzela kontrakzioak maiz izaten hasi naiz, Maria deitu eta etxera joateko esan zigun, ea etxean kontrakzioak jarraiak ote ziren jakiteko. 12tan etxean ginen, kontrakzioak areagotzen, senarra 12.30etan semearen bila joan da eskolara, lasai joateko esan diot oraindik ere prozesua luzea izango delakoan. 12.45 denak etxean, kontrakzioak areagotzen, 13.00tan etxetik oinez nintzela poltsa puskatu eta kontrakzioak oso maiz eta intentsitatez areagotzen ari dira. Prozesu osoan Maria telefonoan dugu. 13.30etan Clara etxera iritsi da; gure ohean nago lau hankatan; ezin dut gehiago esatearekin batera, Clara entzun dut esanez burua kanpoan dagoela. Bi kontrakzio gehiago eta 13.37etan Kai aitatxok hartu eta nire besoetan daukat! Dena oso azkar joan da; sinestezina izan da! Horren azkarra izanik, intentsitate handikoa izan da; nire aldakako hezurrak apurtzen zirela sentitu dut. Baina, azkenik, luzaro amestutako bizipena; modu naturalean erditu naiz eta gure haurtxo jaioberriaren azala sentitzen dut nire azalean.

Lasaitasunez plazenta erditu arte itxaron (45 min) eta erditu eta ordubetera aitak abesti bat abesten zuen bitartean zilborhestea moztu du; momentu ahaztezina. Mila esker berriro ere Magale hau posible egiteagatik!