“Pribilejiatuak garela badakigu, baina arduragabeak ez.”

Leize

Fisikoki haurdunaldia ona izan da, eta emozionalki, azken hilabeteetan konektatu dut batez ere. Azken hiruhilekoan beste ardura batzuk utzi eta modu kontziente baten, ‘lurrikararen’ aurreko gure bizimoduaz agurtzen joan gara, eta Leizeri presentzia ematen hasi naiz. Nire gorputza inoiz baino gehiago begiratu, goxatu eta errespetatu dut.

40. astea igaro da baina lasai gaude. Badakigu mugarri hori gutxi gorabeherako bat besterik ez dela.
40+6, goizeko 3:00etan pixa egitera jeiki naiz eta ohera itzultzean, plof… ur-jario epel bat izterrean behera. Oñatin gaude eta Leize, egungo gure bizitokian (Zizurkilen) jaiotzea daukagu pentsatuta.

– Iraitz, Leize badator, lasai altxa, dutxa bat hartuko dut eta etxerantz joango gara. Urak garbiak dia!

Trankil gaude, pozik, badakigu luze joan daitekeela eta ez dugu prezipitatu nahi.
Kalean -3 gradu daude eta parrandatik etxerako bidean direnen elkarrizketak entzunda, autoan sartu eta barre txikiarekin, Zizurkilera bidean jarri gara. Ur-jarioak ez du etenik, itsaso bat izterretan behera, eta olatuak ere hasi dira.

Uzkurdurak ez dira gelditzen, baina ez dira oso jarraiak eta ezta minkorrak ere. Egunak argitu du eta neguko egun ederra datorrela dirudi, eguzkitsua. Goxo gosaldu dugu eta uzkurdura eta hizketaldi artean joan zaigu goiza. Laura, emaginak, gomendatu bezala, ibilalditxo bat egitera irten gara eguerdian, gure bikote bizitzaz agurtu, 9 hilabeteen errepasoa egin eta etorkizun hurbilaren intrigaz. Eguzkiak goxatu egiten du eta Herniora begira atera ditugu tripa handiarekin azken argazkiak. Klik! Uzkurdurak intentsitatez handitzen doaz eta olatua datorrenean geratu egin behar naiz. Iraitzek besarkatuta eta ahotsarekin lagunduta uzten diot joaten. Gure txikia lanean ari da.

Etxeratu, goxo bazkaldu eta goizaldetik esnatuta nagoenez, ohera sartu naiz pixka bat. 17 minutuko lo-kuluxka egin dut. Hasi garenetik, uzkurduratik uzkurdurara izan dudan tarte handiena. Segundu batzuetan, prozesua gelditu egingo denaren mamua etorri zait eta Clararen deia jaso dugu:

– Zer moduz zaudete? Lasai, ziurrenik, iluntzean azkartuko da guztia. Orain hartu kanela infusio bat eta segi lanean.

Umm… ze goxoa infusioa. Eta hara, zerbait aldatu da. Derrepentean, uzkurdurak intentsitatez handitzen hasi dira, eta iraupenean luzatzen. Iraitzen besoak behar ditut uzkurdura bakoitzean nire gorputza eusteko, eta etxean bueltaka hasi naiz, tokia bilatzen edo… Musika soberan dago, ixiltasuna behar dut. Leize eta ni, elkarri entzuten, elkar sentitzen. Prakak jeisteko imintzioka gogoratzen dut nire burua. Orroka. Burbuila batean sartu naiz. Benga, laztana, bion artean egingo dugu.

– Iraitz, kakagurearen sentsazioa daukat. Emaginei deitu beharko genieke, ezta? Abixatu Maddi ere.

Konturatu gabe pasatu zaizkigu 15 ordu. Biok, hirurok. Clararekin hitz egin dugunetik ez da ordubete pasa eta egoera erabat aldatu da.

– Uzkurdura guztietan daukala ipurditik bultzatzeko gogoa? Bagoaz!!

Uzkurduretan Iraitzen besoak behar izatetik, espazioa behar izatera pasa naiz. Ez dauzkat argi Clara etxera iritsi artekoak, baina nire burua lau-hankatan, logelako ohe gainean eta biluzik gogoratzen dut bere ahotsa belarri ondoan entzun dudanean. Esaten didanagatik erditzearen azken fasean nagoela ulertu dut. Konzentratuta nago. Uzkurduren tartetan Leizeren taupadak ondo daudela ziurtatzeak, ematen dizkidaten ur-tragoxkek eta inguratzen nautenek transmititzen dizkidaten animo eta lasaitasunak, indarra ematen didate hurrengo ekinaldirako.

– Orain erdibitu egingo zarela sentituko duzu baina bultza lasai.

– Gure txikia bertan da, oso ondo ari zarete.

– Ukitu Leizeren burua, hemen dago.

– Azken bultzada, indartsu eta luze bat Nerea. 

Eta badator Leizen gorputztxoa nire hankartean irristatzen.

19:10 dira. 16 ordutako lanaren ondoren, gorputzaren bestaldean ezagutu dugu elkar, laztana.

Baina zerbait ez dago ondo. Nire besoetan espero zaitudan hontan, ohe gainean jarri zaituzte eta lehenengo arnasa zure kabuz egiteko laguntza behar izan duzu.

– Zer gertatzen zaio? Ondo dago?

– Nerea, ukitu haurra, eman zure goxotasuna.

– Animo, txiki, amatxo zurekin dago.

Eskerrak profesional zoragarriz inguratuta gauden. Beti beraiekin daramaten larrialdietarako maleta gorriko aparatuak erabili behar izan dituzte, eta minutu gutxitan erreakzionatu du Leizek. Orain bai, beso artean hartu dut eta konturatu orduko, titian dago zupaka. Bizitza eta heriotzaren arteko atzera-aurrerak. Amaiera politik ez duten erditzeak ere badira.

Anbulantziari deitu diote, badaezpada, baina iritsi orduko Leizek arnasa normal hartzen du eta kolore oso ona dauka. .

Etxean nahi baino jende gehiago dago bueltaka. Elkarrizketa guztietatik pixka bat kanpo sentitzen naiz. Baina Leize ondo dago eta ez dugu transladorako beharrik ikusten.

Hala, anbulantziako sanitarioak joan dira eta lehengo lasaitasunera itzuli gara. Leize titian dagoela erditu dut karena eta perinea intakto daukat. Karenaren estanpazioaz, logela txukuntzeaz, jatekoaz… Maria, Maddi, Clara eta Iraitz arduratu dira. Zaintza.

Ondo gaude eta gure bidelagunak goxo agurtu ostean, bakarrik utzi gaituzte. Bihar itzuliko dira nola gauden ikustera.

22:30 dira eta etxea ixiltasunean eta energia berezi baten batu da. Dagoeneko hiru gara. Sinestezina da bizitzan egingo dudan esfortzu handiena egin ostean sentitzen dudan indarra, argia, gogoa, maitasuna… Gora oxitozina!! Gaurtik aurrera nire gorputza pixka bat gehiago maitatuko dut.

Harro nago, nitaz, gutaz, gure erabakia, kanpo-epaien aurretik jarri izanaz.

Dena den, erditze errespetatu eta seguru bat izateko bermea, jasotako informazioren eta ahalmenaren araberakoa den bitartean, badaukagu zer aldatua. Pribilejiatuak garela badakigu, baina arduragabeak ez.

‘Mundua aldatzeko jaiotzeko modua aldatu behar da’. Leize, hau izan da zuri eskaini ahal izan dizudan jaiotzeko modua, gurea, ez hobea ezta txarragoa ere.

Bihar etorriko dira zalantzak, beldurrak, ziurgabetasunak eta kontraesanak. Bihar borrokan jarraituko dugu.

Eskerrik asko Magale, Maddi eta, batez ere, eta bereziki, prozesu guztian zehar ezinhobeto sustengatu nauen horri, Iraitz, zuri. ♥️