“Erditzeak baieztatu dit emakumeak erabateko gaitasuna duela erditzeko, beti ere, ahaldunduta badago, bere gorputzarengan konfiantza baldin badu eta eguneratutako informazioa esku artean badauka.”

Erdi(bi)tu naiz

 

SUSTRAI: 2017ko Martxoaren 2a.

“Bultza. Bultza. Bultza. Bultza”… “Bultza”… “Hartu arnasa”… “Bultza”. “Bultza Naroa!”… “Bultza. Bultza. Bultza”, Clarak… “Bultza. Bultza. Hartu arnasa”, Josunek…

Bukatu da kontrakzioa. “Atera behar da”, entzun diet. Taupadak ez dizkiote topatzen. Tentsioa. Badator hurrengoa.

“Bultza Naroa. Bultza. Bultza. Bultza”… “Hartu arnasa”… “Bultza. Bultza. Bultza”… “Ezin dut gehiago” esaten diet. “Ahal duzu!!!! Benga Naroa bultza”, Josunek eta Clarak… “Aupa Naro!!!”, Josebak negarrez…

Nere indar guztiekin bultzatzen dut.

Berriz: “Bultza. Bultza. Bultza. Bultza”… Burua atera da. “Oso ondo, oso ondo, burua kanpoan dago”. 

“Hurrengoan aterako da”, Clarak.

Badator azken kontrakzioa. “Bultza. Bultza. Bultza”… “Oso ondo”… Azken bultzadak eta Sustrai etorri da…

“Ondo dago. Ondo dago!!”… Negarra… “Ondo dago!! Oso ondo dago!!!!! Zorionaaak!!!!”.

Muxuak, besarkadak eta Sustrai magalean jarri didate. Sofan eseri eta emozio uholdea, azaldu ezina, izugarria da. Oxitozina. Goxo gaude, etxean, sofan, gurean.”

Hau izan zen erditzearen amaiera, bikoa izan eta hirukoa osatu genuen momentua. 41. astea pasata iritsi zen. Expulsibo luzea, hiru ordu eta erdikoa. Bradikardia. Zilbor heste motza, 30zm-koa. Buruaren perimetroa, aldiz, handia, 36cm-koa. Gogorra egin zitzaidan bukaera, baina, momentuko oxitozina txuteak hiru urte iraun zidan.

Mila esker Josune eta Clara lehenengo erditze hartan ezinbesteko sostengu izateagatik.

 

MARTXEL: 2020ko Irailaren 7a.

00:00

Ur poltsa hautsi dut. Sustraik lo hartu du bularrean eta oheratu dudanean sumatu dut ura hankartetik behera. Komunera joan eta ura gardena eta usainik gabekoa dela egiaztatu dut. Poza eta urduritasuna.

Badator Martxel.

Emaginak jakinaren gainean jarri ditugu. Kontrakziorik ez dagoenez deskantsatzeko aholkatu didate, baina, poltsa hautsi eta ordu erdira hasi da “festa”.

Azkenaldiko gau askotan bezala gaur ere hala esan diot Sustrairi: “Bihar egun berezia izango da (ikastolako bere lehen eguna) eta gu beti egongo gara zure ondoan. Maite zaitugu”..

Eta bai, bihar egun berezia izango da, baina, Martxel batuko zaigulako gure bizi abenturara.

Oraingoz lasai nago, lasai gaude. Joseba eta Sustrai lo. Ni pilotan eserita idazten nabil. Kontrakzioak kontrolatzen. Amalurri ere bidali diot whatsappa jakinaren gainean jartzeko, berak hartuko baitu Sustrairen ardura erditzen nagoen bitartean.

Ordu bata inguru hasi naiz uzkurdurak kontatzen, hasierakoak arinak eta oso eramangarriak dira. Handik 20 minutura hasi da intentsitatea igotzen. Mugikorreko aplikazioaren arabera 3 minutuero datoz eta 45 segundoko iraupena dute. Erditzea oso azkar doa. Aplikazioak ospitalera joateko momentua dela adierazi dit.

Joseba Josunerekin harremanetan jartzen saiatu da, baina, lortu ez eta Bakartxorekin hizketan jarraitu du.

Sustrai esnatu eta berarekin etzan naiz ohean. Bularra ematen hasi naiz, baina, oso kontrakzio gogorra etorri eta ezin etzanda egon. Sustrairi esan diot ezin diodala bularra gehiagotan eman Martxel datorrelako eta Josebaren besoetan jarraitu du lo. Bitartean, Amalur ere deitu du etortzeko eskatuz. Azkar doa dena, oso azkar. Amalur deitu eta gero dutxara joatea erabaki dut. Josebari esan diot komunera noala eta dutxan sartu nahi dudala, baina, komunera bidean, iristear nagoela, halako uzkurdura bat etorri eta kaka egin eta bultzatzeko gogoa sartu zaizkit. Orduan ulertu dut badatorrela Martxel eta oso litekeena dela bakarrik erditzea.

Dutxan, ur beroarekin, uzkurdurak eramangarriagoak dira eta horrek apur bat lasaitu nau, baina, supituan etorri zaizkit berriro bultzatzeko gogoak.

Bakartxo bidean datorrela esan dit Josebak, Amalur ere. Lasai egoteko. Ni oso lasai nago, erditzen ari naiz. Josebak Sustrai sofan lotan utzi du eta sala erditzerako prestatzen hasi da (enpapadoreak, maindireak…). Komunera etorri eta esan dit erditu nahi badut egongela dagoeneko prest dagoela horretarako. Nik ez dut dutxatik mugitzeko asmorik.

Egarri naiz.

Nere ahotsaren doinua ere aldatu da dagoeneko, sakonagoa da, barru-barrutik ateratzen zait. 

Azkar doa erditzea, behatzak baginan sartu ditut burua non dagoen sentitzeko. Bizpahiru zentimetrora sentitu dut. Burua ukitzerakoan ximurrak sentitu ditut, zilbor hestea izango dela pentsatu dut. Joseba deitu eta segituan etorri da. Ispilua eskatu diot. Berak egongela prest dagoela errepikatu dit, baina, nik, ezetz, oso ondo nagoela uretan. Bere urduritasunean baso bat ur eman dit, eta eskerrak, egarri naiz, eta ispilua gerturatu dit. Ispilua lurrean kokatu eta hurrengo uzkurdura pasatzearekin batera burua ikusi dut ispiluan, garbi-garbi dator, behe-behean dago jada. Behatzekin buruan sentitutako ximur horiek, buruko azala dira. Lasai geratu naiz hori ikustean, baina, Josebari eskatu diot komunetik ez mugitzeko. Martxel badator eta biak bakarrik gaude.

Ni oso lasai nago, Joseba, aldiz, urduri.

Hurrengo uzkurduran sua sentitu dut, “aro de fuego” deitzen dioten hori bera, Sustraien erditzean ez nuen hura sentitzeko aukerarik izan. A zer nolako sentsazioa! Askotan entzun bezala, egoera hori bizi eta ez bultzatzen ahalegindu naiz. Arnasa hartu eta poliki-poliki atera da Martxelen burua. Nik eman diot ongi etorria. Zutik nago, esku bat dutxako paretan eta bestea Martxelen buruan. Josebari burua eusteko eskatu diot, hurrengo uzkurduran badator Martxel. Josebak audio mezua bidali die emaginei: “Kaixo neskak, eh, jaiotzen ari da, norbait behar dugu hemen ia, burua atera da eta nik daukat eskuan. Norbait behar dugu hemen ia, mesedez”. Nik atzetik lasai egoteko esaten diot, hurrengo uzkurduran badatorrela. Oso lasai nago, konfiantza daukat niregan.

Eta poliki-poliki, hurrengo uzkurduran, gorputza atera da. Josebak jaso du eta hankartetik besoetara ekarri dit. Negarrez hasi eta bularraren kontra besarkatu dut. Martxel besoetan dut. Josebak erreakzionatu gabe jarraitzen du. Muxu bat eta besarkada bat emateko eskatu diot.

Jaio da Martxel.

Joseba toailen bila joan eta orduan sartu da Amalur etxeko atetik. Harrituta dago eskaileretan gora katuaren marmarra entzun duelako eta berak dakiela ez da katurik bizi eraikinean. Katu hotsak Martxelen negarrak dira. Sustrai ere esnatu da eta komunera urbildu da Martxeli ongietorria ematera. Martxelen gainean jarri ditut toailak, Joseba etorri baino lehen atean zintzilik zeudenak eta Amalurri baineratik ateratzen laguntzeko eskatu diot.

Martxel besoetan dudala, oinez joan naiz egongelara eta Sustrai jaiotako sofa berean eseri naiz. Bigarrenez erditu eta bigarrenez eseri naiz gure etxeko sofa txurian.

Martxel jaio eta 5 minutura iritsi da Bakartxo, Martxeli ongi etorria ematera.

Denbora asko pasa dela dirudien arren, urak hautsi eta erditu bitarte, 2 ordu eta 40 minutu besterik ez dira pasa. Eta Bakartxo eta Amalur euren etxetatik atera eta Martxel jaio bitarte, 20 minutu besterik ez. Ez genuen denborarik izan, ez genien Donostiatik eta Martutenetik iristeko denborarik eman, edo, hobe esanda, Martxelek ez zituen itxaron nahi izan.

Ez zen gure asmoa bakarrik erditzea. Ez, inola ere ez. Baina, aitortu beharra daukat, nire buruarengan nuen konfiantza eta erditzeko nuen gogoak lagundu didatela horren erditze azkar eta ahaldundua izaten. Erditzean zehar oso indartsu eta kontziente sentitu naiz. Berriz erdituko nintzateke.

Ondorengoak goizeko 6ak arte luzatu dira. Dena oso ondo dago, karena ere bakarrik atera da, zilbor hestea karena ateratakoan moztu dugu. Bizkotxoa egin dugu, estanpazioak, barre egin dugu gustora, Sustraien lehenengo gaupasa, zeinek esan behar zion. Berriz ere oxitozina geldiezina. Oheratzerako 6:30ak. Amalur etxera joan da eta ia-ia jarraian Mimikura (lanera). Bakartxo eta Maria atseden hartzera joan dira. Eta gu ohera, hirukoa ginen eta orain laukoa gara, eta hori asimilatzen hasi behar dugu.

Eskerrik asko Mimi (Amalur), Bakartxo eta Maria gaupasa berezi hori gurekin elkarbanatzeagatik.

 

NAROA: 2021ko Irailaren 8a

Erdiondoan, lehenengo egunetan, tristura eta amorrua sentitu nituen, alde batetik, gizartean erditzeko dagoen beldurragatik eta, bestetik, emakumearen sexualitatea estali egiten digutelako haurrak garenetik. Ziur nago erditze ahaldundu gehiago izango liratekeela, gehienak fisiologikoak gainera, haur garela erditzeari, hilerokoari edo sexualitateari buruz hitz egingo baligute, baina, ez, ez dute interesik emakumeen ahalduntzean eta gutxiago erditu berri baten ahalduntzean. Ez, inola ere ez.

Gauza asko aipatu nahiko nituzke. Batetik, haurdunaldian, pandemia garaian, emakume haurdunek eta bikotekideek izan dugun arreta eskasa. Bestetik, horri gehitu sistemak eskaintzen ez duen aukera bat, etxean erditzea, aukeratzeagatik sistemak berak jartzen dizkigun traba eta zigorrak. Jendarteak etxean erditzearen inguruan duen aurreiritzia eta haziera ezberdin bat nahi eta horren aldeko ahaleginean zabiltzala kanpotik jasotzen dituzun iritzi eta kritikak. Trabak bata bestearen atzetik.

Horiek guztiak aipatzen jarriko banintz, luze joko lidake idatziak.

Ni bi aldiz erditu naiz, bi erditze erabat ezberdin bizi izan ditut, baina, biek ahaldundu naute eta ziur nago erditze hauek eman didaten indarrek nigan iraungo dutela eta ez nautela geldituko.

Bidearen parte bat bakarrik egin dut, Joseba izan dut bidelagun beste puska batean, Sustrai eta Martxelen indarrak beste batean, eta Josune, Clara, Bakartxo, Oihane eta Maria, Magale osatzen duzuen/zenuten familia, zuekin bidearen beste zati bat egin dut.

Indar guztiak batuta erditu naiz. Bi aldiz erditu naiz betiko. Osotasun bat osatzeko bi aldiz erdibitu naiz.

Mila mila esker Josune eta Clara Magale gure etxera ekarri eta barrunbeetaraino sartzeagatik.

Eskerrik asko Joseba bizitzaren bide eder honetan bidaide izateagatik. Aupa ekipo! Bagoaz aurrera!

Eta eskerrik asko Sustrai eta Martxel, bide honetan erakutsi didazuenagatik.

Muxu bana!

Naroa.

P.D. Sustrairentzat emagin guztiak dira Bakartxo. 😉

P.D.2 Eskerrik asko Oraitz nere hitzak txukuntzeagatik. Muxu bat zuri ere!