Ilargi
2021eko maiatzak 22
Haurdunaldiko azken egunerarte, etxetik geroz eta gertuago badaezpada, baina furgoneta hartu eta irteerak egiteko aprobetxatu genituen asteburuak.
Labastidan geunden bapatean kulero bustiekin esnatu nintzenean. Goizeko 7ak ziren. Bikotea, Antton, aldemenean lo. 39. astea bete berri.
Segituan ohetik altxa, pixa egin eta kuleroak aldatu nituen. “Pixa izango da” pentsatu nuen. Inuxentea!
Hala ere, likidoa garden gardena eta usainik gabekoa zela ziurtatu eta ohera berriz ere. Kuleroek bustitzen jarraitzen zuten, baina ez nuen beste ezer sentitzen.
Gorputza eta burua seinale kontrajarriak ematen ari ziren. Beti esaten da gorputzari kasu egiten jakin behar dugula baina buruak zearo despistatu eta engainatzen gaitu halako momentuetan.
Ohean lasai etzan, eskuak sabel gainean jarri eta bederatzi hilabeteren ostean gure Ilargi ezagutzeko orduak falta zirela asimilatu nahian denbora tarte bat behar izan nuen lasai, nire bakardadean. Ilargiren sabel barneko azken mugimenduak sentitu eta gozatuz.
Goizeko 8ak dagoeneko. Ez zitzaidan momentu hura gehiegi luzatzea komeni, Streptoccoco positibo izanik, denbora jokoan bait zegoen. Gaueko ordubatak genuen Magalekoekin erditzea aurrera eramateko ordu muga. Gure ametsa betetzeko atzerako ordu kontaketa hasia zen. Tik tak tik tak…
Antton esnatu eta Toloño mendira ezingo ginela joan esan nion. Urak hautsi nituela.
Begirada eta besarkada estu bat alkarri eman, ohetik altxatu eta gosaldu bitartean Magaleko taldean idatzi eta jarraian Laurarekin hitz egin genuen. Deskantsatuta banengoen mendi buelta bat ematera animatu gintuen, gure txikia ezagutzeko gutxi falta zela esanez.
Pixkanaka mentalizatzen hasi eta etxerako bidea hartu genuen.
Arrasatera heldu eta ez nuen inorrekin topo egin nahi. Urduri, kotxetik irten eta zuzenean haurdunaldian zehar egunero ematen nuen mendi buelta egitera animatu ginen.
Mentalki oso blokeatuta nengoen dagoeneko. Ezusteko galanta izan zen. Streptococco positibo izanik, erditzea kontrakzioekin hasiko zela idealizaturik neukan, ez dakit zergatik.
Goizeko 11:30ak aldera Bakartxok deitu zigun zer moduz geunden galdezka.
Mendian geunden oraindik, nik berdin jarraitzen nuen. Ur isuria moteldua zegoen. Urduritasunak jota. Gauza bakarra neukan buruan bueltaka… orduak aurrera zihoazen, ez nuen kontrakzio bakarra ere sentitzen eta ospitalean amaituko genuela mentalizatu nahian nenbilen. Anttonek esfortzu handia egin zuen ni bukle hortatik atera nahian, baina benetan burugogorra izanik, nire barne gatazkarekin jarraitu nuen.
Bakartxoren deiari eskerrak… denbora tarte luzea pasa genuen hizketan, oxitozina isuritzeko hainbat gomendio eman eta: disfrutatu zuen momentu hau bikote bezala, azken orduak dituzue pasa duzuen haurdunaldi zoragarriari amaiera eman eta bizitza berri bati hasiera emateko. Gozatu Ilargiren sabel barreneko azken mugimenduez…
Deia negarrari ezin eutsi amaitu nuen. Negarraldi ederra bota nuen, gustura desaogatuz. Hori zen pixkanaka martxan jartzeko behar nuena. Anttoni besarkada handi bat ematen ari nintzaiola bapatean flujo isuri bat bezala sentitu nuen. Tapoi mukosoa zen, moko garden gardena.
Gorputza martxan zegoenaren seinale, animoa pixkat berreskuratzen lagundu zidan horrek.
Mendi buelta amaitu eta etxean sartzeko desiatzen nengoen, ez nuen inorrekin elkartzeko ez gogo ez indarrik. “Aupa Etxebeste” pelikulan bezala, inguruko guztiek asteburu pasa kanpoan geundela pentsatu eta gu gure kobazulo barruan ezkutuan sartzeko premia nuen, gure abentura bertan goxo bizitzeko.
13:30ak aldera Bakartxo eta Lauraren bisita izan genuen etxean. Atea zabaldu eta beraiek ikusiaz bat izugarrizko likido isuria izan nuen bapatean. Ez zegoen poltsa hautsita zegoenaren zalantzarik. Benetan harrituta nago emakumeon gorputz eta hormonen lanarekin… erlaxatuaz bat, hara!
Sofan etzan nintzen, Bakartxo eta Laurak Ilargiren posizioa jakiteko asmotan, sabela ukitzen zidaten bitartean.
Denbora luze pasa zuten, zalantza askorekin. Azken rebisioan burua bere tokian zegoen, baina dirudienez azken momenturarte gira eta buelta aritu zen gure txikia. Bakartxok halako batean, ipurdiz ez ote zetorrenaren zalantza ere izan zuen.
Falta zitzaidana, ai amaa… hori bai ez genuela espero! Momentuan nire burua zesarea batean imajinatu nuen, Arrasaten ez baitituzte ipurdiz datozen haurrak erditze baginalez hartatzen.
16:00ak arte egon ziren gurekin, pazientzia osoz Spinning Babies-eko ariketak egin eta lasai hitz egiten. Lur jota nengoen. Aspaldian horrenbeste negar egin gabe. Psikologikoki bizitzan izan dudan esperientziarik gogorrenetarikoa izan zen goiz hura.
Despedida gogorra izan zen, Magalekoekin eginiko bidai ederra hala amaitzeak ikaragarrizko pena ematen zidan, gure ametsa ezin kunplitu izateak…
Oso berde nengoen eta segurutik erditze ondoren ikusiko ginelakoan esan genion agur elkarri. Atea itxi, berriz Antton eta biok bakarrik, besarkada estu bat eta… berriz indarrak hartu genituen. “Txipa” aldatu beharra geneukan. Anttoni eskerrak, esperantzarik ez genuen galdu.
Malkoak lehortu eta labean geneukan untxia patatekin bazkaldu genuen. Momentu batean Anttonek farmaziara irten beharra izan zuen Magalekoek gomendatutako Rizino olioa erostera. Bitartean, Anttoni eskertze gutun bat idazteko aprobetxatu nuen bakardade momentua. Idaztea terapia ona baita niretzat.
Bueltan, Anttoni gutuna eman, eta etxeko pertsianak jaitsita, ohera sartu ginen.
Urduritasuna eta tentsioa askatzeko goxo goxo maitasun pixkat, lokuluxka txiki bat, negar, barre… emozio festibala.
18:30etan rizinoa hartzeko ordua iritsi eta hartuaz bat ohean etzan nintzen berriz ere.
Arratsaldeko 19ak. Bapatean hilerokoarekin izaten dudan min arina sumatu nuen sabelaldean. A ze subidoia!
Kontrakzio bat sentitzeko irrikitan nengoen.
Hortik gutxira komunera… rizinoa efektua egiten hasia zen (beherakoa). Pozik nengoen. Egun osoan izan ez nuen irribarrea aurpegian. Pixkanaka kontrakzioak gehiagora zihoazen. Ezin sinetsi… lortu dugu hau martxan jartzea, hau poza!
Iada ez nintzen eroso sentitzen etzanda. Ohetik altxa eta konpresa arrosa kolorez zikindu nuela konturatu nintzen, notizia ona, uteroko lepoa aldatzen zebilen. Gorputza erlaxatuaz, olatuen intentsitatea handituz zihoan pixkanaka. Oso jarraian nituen kontrakzioak hasieratik, 3-4 minuturo, baina eramangarriak oso. Mentalizatuta nengoen prozesua luzea izango zela, eta pazientziaz hartu nuen asuntoa, komunera bueltaka denbora pasatzen nuen bitartean.
20:30etan Bakartxorekin hitz egin nuen telefonoz. “Nola zaude Garazi? Nolakoak dira kontrakzioak? Non sentitzen dituzu?”
Une oro sabelaldean igartzen nituen. Kontrakzioekin hitz egiteko gai nintzen oraindik, eramangarriak ziren.
Etxeko salan igaro nuen denbora gehien. Gustuko musika, difusorean labanda eta kandelatxoak piztuta, ilunetan. Bakarrik, Anttonen presentzia hurbil, baina kontakturik gabe, nire munduan murgilduta. Bederatziak aldera Anttoni sagar pixkat nahi nuela esan nion. Pixkanaka, olatuz olatu dastatzen nuen prestaturikoa datil zatitxo batzuekin.
Momentu hortatik aurrera, bat batean kontrakzioekin ezin hitz egin hasi nintzen. Anttonek zerbait galdetuz gero haserretu edo erantzunik ez…
21:30etan dutxara sartu nintzen.
Anttonek bitartean, nire prozesua ikusiaz Bakartxo eta Laurari deitu eta etxera etortzeko agindua eman zien.
Dutxan nengoela hori esan eta…“baina ia?? Oso goiz da oraindik Antton, hau luze joango da!” esan nion. Eta “bueno… gaua da eta behintzat ondoko gelan lo egin dezakete” pentsatu nuen.
Bertatik irten eta pelotan eseriaz Anttonek ariketa eta masaje batzuekin lagundu zidan. Ez nengoen batere eroso postura hortan. Mina potentea zen iada eta oso nekatuta nengoen. Deskantsu premia, lo egiteko beharra sentitu nuen.
Ohera lagundu zidan, ezin nitzen etzanda egon, belauniko, burua koltxoian apoiatuta, olatu batetik bestera (1 – 2 minutuko tartea nuen soilik) begiak itxi eta pixkat deskantsatzea lortu nuen. Izugarrizko egarria nuen, ezin asetu, oihuak orro bilakatuz zihoazten. Barren barrenetik zetorren soinua, animalia bat lez. Sabel barrenean erraldoi bat ukabilkadak ematen ari zenaren sentsazioa nuen eta ipurdialdean presio ikaragarria sumatzen hasi nintzen olatu bakoitzarekin. Dutxara berriz ere.
Zutik jarriaz bat, nire barrenerako pentsatu nuen: “ez dakit noiz arte egon beharko dudan horrela, baina EZIN DUT gehiago”.
23:10 aldera dutxan sartu, lau hankatan ipini eta eskuak baginarantz eramanez: Antton… bultzatzen ari naiz!! Anttonek ordura arte lasai eta gauzak oso argi zituela mantendu zuen bere postura, baina nere ahotik hori entzundakoan hasi ziren nerbioak dantzan. Bakarrik geunden etxean oraindik.
23:23an tinbre hotsa. Bakartxo eta Laura. Zuzenean komunera etorri, Bakartxok frontal eta izpilua hartu eta…“oso ondo ari zara Garazi, Ilargiren burua bertan dago iada”.
Hau lasaitua!
Burugogor jarri eta espultsiborako komunetik atera nahi nuela esan eta lau hankatan salaraino joan nintzen. Oso konziente egon nintzen uneoro, arratsalde osoan zehar, azken momenturarte. Anttoni esterila eta sila bat ekartzeko esan eta orduan bai, prest eta lasai sentitu nuen nere burua. Kontrakzioen intentsitate eta maiztasuna ere Magalekoak etorriaz bat baretu zen…
Ilunetan, belauniko eta besoak silan apoiatuta nituela, Anttonen bizkarreko masajea eta musikarekin bat Bakartxo eta Lauraren hitz goxoak jarraituz kontzentratu nintzen.
Lasai nengoen, olatu bakoitzarekin Ilargiren burua nola jaisten zen igartzen nuen. Uzkurdurekin beherantz eta gero berriz gorantz nola egiten zuen konturatu nintzen, baina Bakartxoren hitzek lasaitu ninduten, guztia ongi zihoala esanez, pixkanaka bidea zabaltzen ari zinela. “Aro de fuego” delakoa ere bizitzeko aukera izan nuen… eskuekin heldu behar izan nuen baginaren goiko partea, bitan zatituko zenaren sentsazioa izan bait nuen momentu batean. Baina konturatu orduko….burua pasa eta berehala kanpoan zinen. 23:43h ziren Bakartxok hankartetik pasa eta nire magalean besarkatu zintudanean. Deskribatu ezin diren emozioez blai eta aitatxoren besarkadaz ezin gure bizitzako altxorrari begirada kendu.
Plazenta kanporatzeko ohean etzan ginen. Pentsa baino gehiago kostatu zen hura kanporatzea, gernu retentzioaz bait nengoen. Azkenean sonda batekin pixa atera eta arazorik gabe irten zen.
Ilargi bularra hartzen ari zen bitartean aitatxok, ama alabok elkartzen gintuen zilbor hestea moztu eta irudia egin genuen.
Ordubiak aldera ohetik altxa, dutxa bero bat hartu eta sukaldean topa eginez ospatu genuen egun eta gau magiko hartan bizitako guztia, ilgora zegoen Ilargiaren argitasunarekin batera.
Goizeko 4ak ziren Bakartxo eta Laura agurtu eta hirurok elkarrekin etxeko epeltasunean ohera sartu ginenean.
Hau guztia ez litzake posible izango MAGALE etxekoek emandako goxotasun eta maitasunik gabe. Ekipo zoragarria zarete. Bakartxo eta Laura, ez dugu hitzik zuekin bizi izandakoa eskertzeko. Gure ametsa kunplitzea posible egin zenuten.
Ezin ahaztu Jeru… zure hitz eta esku magikoak. Terapia neuralari eta zure goxotasunari esker, oraindik ez ditut hernia inginaletan haurdun gelditu aurretik nituen molestiak sentitzen. Ikaragarria da. Nituen beldur guztiak uxatzen lagundu zenidan. Milesker bihotzez.
Eskerrik asko Antton, proiektu guzti hontan eskutik heldu eta uneoro ondoan egoteagatik. Begirada soil batez, elkar ulertzen garelako, zarena zarelako.
Bidean ondoan izan zaretenoi. Monterroneko hizketaldiei…
Maddi, urrun egon arren uneoro presente egotearren. Zuri eskerrak Magale ezagutu eta lehen pausua ematera animatu nintzen. Besarkada bat Oiartzunera.
Familiari. Jone, nire ametsa azaleratzen laguntzeagatik. Aitte, ama, zuen alaba zoriontsu ikustearren egindako esfortzu eta emandako maitasun guztiagatik.
Eta nola ez… txikitxo, bizitzak emandako oparirik ederrena izateagatik.