“Nola diren gauzak, egongela hain polit, hain goxo prestatu, eta ezertarako… komuna nahiago zuela! “

Uxue, bihotza, zein ederra izan zen mundura
etorri zinen eguna. Gogoratzen dudan bakoitzean poza,
zoriontasuna datozkit burura.

 

Eta dena abuztuak 2an hasi zen, Argentinan oporretan geundela haurdunaldiko test-a egin eta haurtxo bat bidean zetorrela konturatu ginen… gainerako opor egunak xelebre joan ziren eta etxera behar baino lehenago bueltatu behar izan genuen arren, momentuan sorturiko zirrara ez zaigu inoiz ahaztuko. 

Oraindik ez genekien, ez zure sexua, ez izena, baina jarraian eman beharreko pausuak zeintzuk ziren informatzen joan ginen. Denak ahalik eta ondoen joan zedin nahi genuen, guraso ororen moduan, eta horregatik aukera guztiak baloratzen genituen edozein erabaki hartu aurretik. Aukera horietako bat, etxean erditzea zen, eta horregatik Magale Etxearekin harremanetan jarri ginen.

Asteak aurrera joan ahala, eta hainbat erditze istorio entzun eta liburu irakurri ondoren, etxean erditzeko aukerak indarra hartu zuen.


Amaiurrek eta biok, garbi geneukan ahalik eta
eskuartze gutxienarekin, erditze natural bat izatea nahi genuela,
eta horretarako nor hobe Magaleko emaginak baino! 

 

Ordurako bagenekin neskatxa txiki bat izango zinela, eta zure amatxok lehen bait lehen izena jarri nahi zizunez, adostasun batera iritsi eta Uxue izena jarri genizun. Beraz, imajinatuko duzun moduan, haurdunaldian elkarrizketa asko izan zenituzten, eta aitatxok, pazientzia asko.

Prestaketak aurrera joan ziren eta konturatzerako martxoan sartu ginen.  Baina nork esango zigun guri, covid-19, ditxosozko birusa azaldu eta pandemia batetan bilakatuko zenik! Gogoan dut martxoak 16an, azkenekoz joan nintzela lanera. Amatxori antsietate punttu bat sortarazten zion egoerak eta kutsatzeko arriskua zegoela ikusirik, etxean gelditzea izango zela onena erabaki genuen eta oporrak hartu nituen. Lantokietan, kalean, ospitaleetan, tentsioa nabaria zen eta zerbaitek lasaitzen bagintuen, etxean erditzeko harturiko erabakia zen. Lehendik dudarik ez bageneukan ere, egoera horretan non egongo ginen ba hobeto etxean baino?

39. astea zen eta amatxok  mugimendua beharrezkoa zuen, beraz gure izeba fisioak erakutsitako erditze aurreko ariketak egiteaz gain, eskaileretan gora eta behera ibiltzen zen egunero. 12-15 aldiz etxebizitzako 4 solairuak igotzen zituen. Zonalde komunitarioa izanik, “ilegalitatearen” barruan segurtasun neurri guztiak hartuta, ezinbestekoa zen jarduera bat egiten ari ginela jakitun ginen. Honela, aste osoa igaro zen.

Martxoak 25. 40. asteko behaketa egitea tokatzen zitzaigun. Ginekologoak dena ondo zegoela bermatu zuen, eta ea takto bat egitea nahi zuen galdetu zion amatxori. Oraindik dexente geratzen zelakoan, amatxok ezetz erantzun zion eta 41. asterako zitatu zigun ospitalean. Honek urduritasun pixka bat sartu zion, ez baitzuen inondik inora ospitalera joan nahi, eta gutxiago pandemia baten erdian.

Martxoak 26. LEHEN UZKURDURAK. Baina hara non, behaketaren hurrengo gauean, oheratutakoan amatxo lehen uzkurdurak nabaritzen hasi zen.


Aste osoa zeramakien hilekoaren antzeko molestiarekin,
baina berehala jakin zuen kontrakzio hauek erditzea
hastear zegoela adierazten zutela… Uxue, zure erritmoa
jarri zenuen, eta geraezina zen. 

 

Ama, kexu zela ikusirik eta lo egin ezinik, badaezpada uzkurduren maiztasuna neurtzen hasi nintzen. Eta nire harridurarako nahiko jarraiak ziren, 6-10 minuturo, nahiz eta ez ziren oso luzeak. Erditzea gure arduratzat harturik ez bagenu eta informaturik egon ez bagina, ziur nago ospitalera igoko ginela momentu horretan. Akats larria izango zen, oraindik asko geratzen baitzen.

Zorionez, bagenekien oraindik goiz zela, eta mezu bat idatzi genien emaginei jakinaren gainean egon zitezen eta lo egiten saiatu ginen. Nik nahiko ondo egin nuen, baina amatxok gaua esna pasa zuen.

Martxoak 27, ERDITZE AURRE LUZEA. Goizean jeiki eta uzkurduren erritmoak berdin jarraitzen zuen, ez ziren oso mingarriak baina ez zioten atsedenik ematen. Josune eta Clarak, aholkuak ematen zizkiguten etengabe, eta amatxori ahal zuen heinean deskantsatzeko esaten zioten. Dakizun monduan Uxue, zure ama ez da geldirik egotekoa. Horren erakusle, ni erosketak egitera irten nintzen bitartean, etxea goitik behera garbitzen jardutea. 

Ondoren ondo bazkaldu eta siestatxo bat egiten saiatu zen, baina ez zen gai izan. 6 minuturo uzkurduraren bat izaten jarraitzen zuen eta dagoeneko nekea nabaria zen. Bagenekien nekea etzela bidelagun ona, uzkurdurek eranginkortasuna galtzen baitzuten, baina etzegoen modurik. Masajea, errebozoa, denetik probatu genuen…Uxue, bidean zentozen, eta gure atentzio guztia eskatzen zenuen. Halako batean, amatxo emaginentzako bizkotxoa prestatzen hasi zen, eta prozesua gelditu egin zen. 6-10 minuturo izatetik, orduerdi batean, bat ere ez. “Baina Amaiur, zer nahi duzu, iganderarte luzatzea ala? Ez galdu kontzentrazioa eta segi eskailerak egitera mesedez!” esan nion, nekea handitzen eta egoera gogortzen ari zela ikusirik… 

Horrelaxe, eskailera batzuk egin eta bainu bero bat hartu zuen. Berriro kontrakzioak bere lana egiten hasi ziren, eta nik bitartean, afaria prestatu eta egongela girotu nuen: kandelak, musika, usain bereziak… dena prest utzi eta afaldu bezain pronto lotara joan ginen. 

 

Emaginek, deskantsatzen saiatzeko eta gauean serio jartzen bazen zuzenean deitzeko esan ziguten. Nik, amatxo nekaturik baina
kementsu ikusten nuen, eta zu ezagutzeko irrikitan geundenez, irrifartsu oheratu ginen.

 

Martxoak 28, ERDITZEA. Gaueko 22.00tan oheratu ginen, amatxoren oinaze hotsak geroz eta intentsoagoak ziren. Baina uzkurdura eta uzkurdura artean lokartu egiten zela zioen, “zenbat denbora pasa da aurrekotik, 20 minutu?” zioen, errealitatean 5-6 minutu pasa zirenean. Harrigarria uzkurdura mingarriaren ondoren, nola gorputzak lasaitzeko tartea uzten duen, lo sakonera iristeraino. 

00.30-ak aldera ordea, komunera jaiki beharra izan zuen, eta likido ugari isuri zuen nonbait. Ur poltsa izango zen noski. Orain bai, amatxoren kexuak handiagoak eta oihuak ozenagoak ziren. Nik telefono mugikorrean neukan aplikazioarekin maiztasuna neurtzen nuen. Intentsoak bai, baina oraindik irregularrak ziren. Amatxori animoak eman eta lasaitzen saiatzen nintzen uneoro. Bera, uzkurdurak heltzen ziren bakoitzean nire bizkarrondotik zintzilikatzen zen eta horrek mina baretzen laguntzen zion.

01.30-tan, botagalea zuela eta komunean sartu zen, han gustorago zegoen nonbait. Nola diren gauzak, egongela hain polit, hain goxo prestatu, eta ezertarako… komuna nahiago zuela! “Zer egingo diogu ba… uzkurdura maiztasuna igo da behintzat eta honek aurrera darrai” nioen nire buruarengan. 3-4 minuturo eta iraupena 40-50 segundu. Hau iada serioa zen, teoriak zioen bezala, erditzea hasi zen. Amatxok emaginei deitu nahi zien, baina nik ordubetez mantentzen zirela ziurtatu nahi nuen deitu baino lehen. Benetan txapeldun baten pare jokatu zuen zure amak, mirestekoa.

02.30-tan, Clarari deitu nion eta egoeraren berri eman bezain laister martxan jarri ziren. Mugikorra eseki nuenerako, ama garraxika hasi zen eta bere beldurrak azaleratzen hasi zen, negar batean: “Mikel, ezingo dut jasan. Oraindik ziur ez  nagoela ezta 2 zentimetro dilataturik, hau luzerako doa eta iada jasangaitza da.”

Nik, nere animorik onenak eman nahian, ispilua hartu eta alua begiratu nion, ea aurrerapenik ikusteko gai ote nintzen. “Ez da profesionala izan behar hori zeharo dilatatuta dagoela ikusteko, gutxi falta da eta emaginak bidean datoz. Eutsi maitia!!”


02.50, amatxok bultzatzeko gogoa zuela esan zidan. “Hori seinale ona da Amaiur, Uxue bertan da”. Ezin ukatu, momentu hortan ni ere kezkatu nintzela, bultzatzeko fasean sartu ote ginen hain azkar? 

Berriro deitu nion Clarari, eta gure pozerako, gure etxe parean aparkatzen ari zen. Berriro ispiluarekin begirada bat bota, eta Uxueren burua izan zitekeenaren zati bat ikusi nuen, hau emozioa… Clara atetik sartzen ari zela, “burua bertan du” adierazi nion. 

Clara berehala hurbildu zitzaion Amaiurri, eta lasaitasun hitz goxoak esanez, egongelara ekarri zuen, pilotarekin postura egoki bat hartzera animatuz. Segituan Josune ere bertan azaldu zen, zein baino zein, bai emagin goxo eta atseginak. Momentu berezi hoietan trasmititzen duten lasaitasuna eta konfidantza deskribaezinak dira. 

Amaiurren lehen bi galderak, honakoak izan ziren. “dilataturik al nago?” eta “piszina jarriko dugu?”. Clarari irrifarre bat atera zitzaion, eta amatxoren animorako, bultzatzea bakarrik falta zela erantzun zion, burua bertan zela. A ze subidoia!!!! 

Amatxo lau hankatan eta pilotaren gainean burua zuelarik, Josunek hurrengo pausuak gidatzen zizkion eta nik bitartean, belarrira xuxurlatzen nion zein ondo egiten ari zen esateko. Guztira 7 bat bultzada izango ziren, ez nago ziur, seigarrenean Josune hurbildu zitzaion eta hurrengo bultzada xuabeago egiteko eskatu zion. Amatxok ordea, zu besotan hartzeko gogo ikaragarriak zituen, eta kaso egiten saiatu arren bere indar guztiekin bultzatu zuen. Buru osoa kanpora atera zenuen. Hurrengo bultzadan osorik atera zinen, zilbor-estearen bi bueltekin (bat buruan eta bestea bandolera moduan). Josunek eskuarekin berehala askatu eta amatxoren besoetan jarri zintuen. Goizeko 3.35 ziren. 


Poza, zoriontasuna, harrotasuna, euforia…
ez dago hitzetan deskribatzerik momentu berezi horretan
sentitu genuena. Ahaztezina.

Sofan maindirak eta mantak jarri eta bertan etzan zen ama, alabak bere sabeletik bularrerako bidea nola egiten zuen ikusiz, hunkiturik. Zilbor estea txuritu zenean, nik izan nuen ama eta umearen arteko lotura eteteko ohorea, polita benetan. 

Jaio eta ordu t’erdira, umeak titia heltzearekin batera, amak karena kanporatu zuen. A ze lasaitua, plazerra sentitu zuen nolabait esateko. 

Clara eta Josune pare bat orduz gehiago egon ziren dena ondo zegoela bermatzeko eta pena handiz, covid-19-agatik ezarritako protokoloak errespetatuz, ezin izan genituen besarkatu gure bizitzan hain denbora gutxian hainbeste lagundu ziguten bi emakume zoragarri hauek. Eta honela, iratxoak bailiran, ixil ixilik agur esan eta bakarrik geratu ginen hirurok, poz-pozik, etxeko bake eta goxotasunean. Esperientzia paragea dudarik gabe.


Amaitzeko, eskertzekoa benetan Magale Etxeak eskaintzen duen laguntza gure bizitzan hain garrantzitsua den une hoietan eta goraipatzekoa, emakumeok duzuen gaitasun mugagabea, erditze prozesua edozein delarik ere, meritu izugarria duzuelako.