«Umeak etxean erditzeak berarekin dakartzan beldurrak, Magalerekin harremanetan jarri orduko desagertu ziren.»

Betidanik esan izan digu ustezko gizarte aurreratu honek, erditzea ospitalean gauzatu beharrekoa dela, baina guk hasieratik argi genuen gure umeak etxean izan nahi genituela, erditze bat ongi gauzatu zedin, gure etxeak baldintza guztiak betetzen zituela pentsatzen bait genuen.

Umeak etxean erditzeak berarekin dakartzan beldurrak, Magalerekin harremanetan jarri orduko desagertu ziren.


Izaroren haurdunaldian Clara eta Josunerekin elkartzean, beraiek transmititzen zuten patxada, profesionaltasun eta azalpen zehatzak nahikoak izan ziren gure nahiekin aurrera jarraitzeko.

Magalerekin etxean erditzeak ahaztezinezko une gozoak izan dira, gure kasuan bi erditze izan ditugu, biak oso desberdinak izan direlarik.

 



Izaro

2016ko abuztuaren 21ean jaio zen Izaro. Uda giroko gau trumoitsu bat zen ohean elkarrekin geundela urak apurtu genituenean. Berehala jarri ginen Josune eta Clararekin harremanetan egoeraren berri emateko, uzkurdurarik ez genuen somatzen eta horrek egon ezina sortzen baitzigun. Hurrengo egunean etorri ziren Josune eta Clara eta begiratu orduko esan ziguten dilatazio fasean sartuak geundela eta zihur aski orduen kontua izango zela erditzea hasteko. 


Eta horrelaxe izan zen, oheratu orduko konturatu ginen
gau hartan ez genuela lorik egingo, uzkurdurak hasi eta geroz eta gogorragoak bait ziren

Berehala ohartu ginen uzkurdurak bionak zirela edo bion artean eraman beharrekoak zirela behintzat. Postura libre, ur bero, arnasketa, musika erlaxagarri eta masaiekin konektatu genuen elkar, dena eramangarri eta polita izan zedin. Goizeko ordu txikitan iritsi ziren Josune eta Clara, beraien aurpegi irribarretsu eta lanerako grinarekin. 


Denon artean sortu genuen giro magikoa
ahaztezina egiten zaigu oraindik ere.

Hurrengo eguerdiko 11.47tan erditzeko igerilekuan jaio zen Izaro, denori transmititu zigun lasaitasun harrigarri batekin. Ordu gutxitara atseden hartzen geunden etxean hirurok.

Berriro haurdun geratu orduko jarri ginen Magalerekin harremanetan eta ondorengo bileretan ezagutu genuen Oihanen erditzean parte hartuko zuen Magaleko kide berria, Erika. Gerora egiaztatu genuen, hasiera batean egin zigun impresio on hura.

 

 



Oihan

2018ko urriaren 09an jaio zen Oihan. Arratsaldeko zortziak inguruan bapatean hasi ziren geratzeko itxurarik ez zuten uzkurdurak, eta bederatzietarako Josune eta Erika bidean ziren, guk etxea nahi bezela prestatu eta etxeko bainuontziko ur berotan itxoiten genien bitartean.

Izaro aldiz, inoiz ez bezela nekeak jota, zazpi terdietarako lo sakonean zegoen, bazirudien zerbait nabaritu zuela berak ere. Hamarrak eta laurdenetarako iritsi ziren Josune eta Erika, eta besarkada bero banaren ondoren barehala hasi ziren erditze igerilekua urez betetzen guk hala eskatuta. 


Ordurako urak apurtuak genituen
eta bagenekien Oihan laister jaioko zela.

Igerilekuan sartu eta ondorengo hiru uzkurduretan Oihan gure esku artean genuen. Gaueko 23.11 ziren. Bagenekien Izarorena baino erditze azkarragoa izan zitekeela, baina ez genuen uste lau orduren bueltan gauzatuko zenik. Hori erditze azkar eta ona izan zena Oihanena!!!

Inork ez zekien ordea, horrelako erditze azkar baten ondoren zetorkigun gaua horrela luzatuko zitzaigunik… Oihan jaio orduko jarri zen bularrean tiraka, eta zilborestea taupadak bukatu orduko moztua geneukan eta horrek berarekin zekartzan uzkurdurak. Horren baitan, zilboresteari tiraka berehalakoan ziren Josune eta Erika plazentari ateratzen lagundu nahian.

Baina hasi orduko ohartu ginen, zilborestea plazentari zuzenean itsatsirik egon beharrean ur poltsako menbranetatik zehar zihoala, ondorioz ezin izan zutelarik bertatik tira. Oihanek bere lana primeran egin arren, berehala eman zion loari nahikoa jan ondoren eta ondorioz uzkurdurak txikitzen joan ziren guztiz amaitu zitzaizkigun arte.

Erditze azkarra izan bazen ere, nekea ez genuen lagun izan gau hartan, aurreko egunetan gutxi jatearen ondorioz edo, eta gainera berezko tentsio baxu eta zorabioak ur berotan luzaro egoteagatik areagotuak zirenez, indarrak ahulduak geneuzkan.

Josune eta Erikaren masaiekin azken saiakerak egin genituen, baina berehala ohartu ginen alperrikakoak zirela. Ondorioz, esku hartzea beharrezkoa zenez, ospitalera joatea erabaki genuen.

Zorabioak tarteko, anbulantziari deitu genion eta Izaro bere amonaren zaintzapean utzirik denok Arrasateko ospitalera iritsi ginen. Han emagin, ginekologo, erizain eta anestesistaz osaturiko talde bikain bat geneukan gure zain eta egoeraren berri eman orduko agurtu genituen Josune eta Erika.

Ospitaleko taldeak balorazio bat egin ondoren, masaiekin saiakera bat egitea erabaki zuten, alperrikakoak izan zirelarik. Azkenean anestesiapean eskuz atera behar izan zuten plazenta.


Ez zen posible izan etxean hasi genuena etxean bukatzea Izaroren kasuan bezala, baina uneoro esku onetan geundela sentiarazi gintuzten denek eta egun baten baitan etxeratu ginen.

Idatzi honen bidez, gure esperientziak kontatzeaz gain, Magaleko kide diren Josune, Clara eta Erikari besarkada bero bana eman nahi diegu eta eskerrak eman gure ametsak betetzen laguntzeagatik…

Jakin ezazue gure familiako parte zaretela eta ez zaituztegula inoiz ahaztuko… segi horrela neskak, familiak zoriontsu egiten eta beste bat arte.

Amaia eta Unai