«Haurdunaldiaz gozatu nuen, erabaki desberdinak hartu behar izan nituen eta nere/gure lasaitasuna bilatu.»

Ohiko bidetik aldendu ginen zenbaitetan.
Baina gure bidea zen, behar genuena, nahi genuena
eta pakean nengoen erabakitakoarekin.

 

Haurdun gelditu aurretik erabakia hartua genuen; gure lehen aukera etxean erditzea izango zen. Haurdun egonda, baldintzak betetzen genituen eta bide horri eutsi genion.

40. astea estreinatu berri nuen, primeran nengoen baina banuen haurdun egon ondoren zetorrena ezagutu eta bizitzeko desira; haurdunaldiko ibilaldia gozagarria izan zen baina gure txikia besoetan eduki nahi nuen. Uda amaierako arratsalde hartan, bueltatxo bat eman genuen zelai inguruetan. Goian geundela elkarren ondoan eseri eta berriketan egon ginen goxo. Gure haurtxoari esan genion gogoz geundela ongi etorri beroa emateko eta berak erabaki zezala noiz izango zen momentua. Etxeratu, afaldu eta sofan jarri ginen. Hileroko minaren antzeko zerbait  sentitzen hasi nintzen baina ez nuen imaginatu ere egin sekula bizitu dudan bidairik gordin eta zoragarrienaren hasiera zenik. Oheratu ginen eta baita lokartu ere. Momentu batez esnatu egin nintzen mintxo horrekin. Nik besterik gabe, agian uzkurdurak izango zirelakoan baina garrantzi gehiegirik eman gabe, komunera joan eta ohera itzuli nintzen. Baina nere buruan zerbaitek iradokitzen zidan hasiera zela. Aritzi ordua galdetu eta goizeko 2:00ak omen ziren.

Lo egiten saiatu nintzen baina ez nuen lortu… Joan etorri ugari egin nituen komunera, hantxe nengoen erosoen. Orduak igaro ziren Aritzi berriz ze ordu zen galdetu nionean; goizeko 6:00ak ziren dagoeneko, agudo pasatu ziren 4 ordu hoiek. Aritzek uzkurdurak neurtu zituen eta itxuraz 3 minuturo omen zetozen. Goizeko 7:30etan Magaleko neskei deitzeko esan nion, jakinaren gainean jartzeko.

Bakartxorekin hizt egin nuen eta Bilbon zeuden, lanean, beste 2 erditze izan zituztela eta… Berehala gurera etortzea nahi ote nuen galdetu zidan eta nik esan nion momentuz ezetz baina prozesua aurreruntz zioala eta ahal zutenean Gipuzkoara hurbiltzeko. Deia moztu eta Bakartxok esan bezala pixka bat gosaldu eta dutxara sartu nintzen. Dutxa, a zer pakea eta plazerra han barruan, pilota ere sartu nuen eta gainean eserita igaro nituen hurrengo orduak. Txorrotada bizkarrean, Aritzen igurtziak gerrian eta uzkurduren olatuak gorputz guztian. Une batez dutxatik irten eta bat batean plast! Goizeko 10:30ak eta ur txorrotada hanka tartetik behera zuzenean komunera. Elkarri begiratu genion Aritz eta nik eta biok batera esan genuen «Ur poltsa!». Bai, puskatu berri zen, likidoa gardena zen eta orduantxe pentsatu nuen hortik aurrera zetorrela intentsitatea eta baita gertatu ere. Korrika berriz konfort gunera, dutxara pilotaren gainera. Hantxe, begiak itxita, dutxako soinuarekin, ondoan izan ditudan eta erditu diren emakume guztiak etorri zitzaizkidan bisitan burura…

Ama, amona, Maitane, Jenny… hainbat eta hainbat izen, aurpegi… Eta nere barru barrutik esan nien guztiei  «Ai neskak zuek ere hontatik pasa zarete, ze bortitz, ze gordin, kontrola ezin… Ze ongi ulertzen zaituztedan. Zuek esandako hitz bakoitza, kontatutako sentsazio bakoitza… Ze egiazkoak diren. Ni orain zuek egondako leku berean nago». Kontrolatu nahi nuen, baina laister ohartu nintzen buruak ez zeukala deus egiterik gorputzaren gidaritzapean. Ni eta nire txikia ginen gorputz berean bidea egiten.

 

Banekien barruan neukan haurtxoa ongi zegoela, zergatik egon behar zuen ba gaizki? Konfidantza osoa nuen. 12:00ak aldera iritsi omen zen Maria. Nik hantxe ikusi nuen, kristalaren beste aldean, makurtuta irribarre batekin. Oraintxe bai ongi! Behar nuen emaginak etxean egotea ta baita Aritzek ere!

Guztia primeran zegoen eta gelara joatea erabaki nuen. Lau hankan, Aritzekin, Mariarekin eta bere masajeekin, Bakartxorekin ze ongi! Intentsoa zen hura eta bukatu nahi nuen, oharkabean bultzaka ari nintzen baina ez zen nik nahi ordu amaitzen. Orduan Mariak argi esan zidan: «Ez da 20 minutuan jaioko» behar nituen hitz haiek, kokatu beharra nuen, onartu nuen eta aurrera jarraitu. Postura ezberdinetan egon ondoren, askotan errepikatu nien galdera egin nien neskei: » Hemen jaioko al da?». Eta Bakartxok esan zidan baietz, neronek ukitzeko burua non zeukan nere txikiak. Ez nengoen prest espero baino urrutiago topatzeko eta horregatik berari ukitzeko esan nion. Bertan zegoen, ze poza! Mantra baten gisan errepikatzen nituen emaginen eta Aritzen izenak, ez dakit zergatik, gustora egiten nuen.

Une batez kokorikoka nengoelarik hanka tartean nabaritzen nuen intentsitateak ikaratu ninduen eta albo batera etzan nintzen. Horrela erosoago nengoen eta horrelaxe atera zuen burua nere txikiak. Une hortan, gorputzak eskatuta, eskuak hankartera eraman nituen, aze erresumina, uste nuen goitik behera apurtuko nintzela. Ondoren lau hankan jarri eta hurrengo uzkurdura arteko tartetxo hortan arnasa hartu, nere txikiak begiak ireki zituela eta ongi zegoela entzun Bakartxorekin ahotik eta azken uzkurduran gorputza atera zen.

Bakartxok hanka tartetik eman zidan eta hantxe ikusi nuen nere haur ederra! Labainkor, epel, bustia… Zoragarria! Aurpegia lehortu nion eta haize pixka bat goxoki eman. Ze polita zaren bihotza!

Gure txikia besoetan genuen, arratsaldeko 15:46 ziren, gelako leihopetik argia sartzen zen gelan, Aritz eta biok besarkatu eta muxu eman genion elkarri eta noski gure Liliri.

Gure etxean, ohean, nahi eta behar genituen pertsonekin, pakean. Ez genuen presarik, guztia primeran zegoen eta lasai geunden. Zer gehiago behar genuen ba?

Karena kanporatu, pixa egin eta Lilik bularrari indarrez eutsi zion. Xilborhestea ere ebaki zuen Aritzek. Neskek etxetik alde egin zuten arratsaldeko 20:00ak aldera eta gu gure kabian gelditu ginen, zoriontsu.

Eskertza hitzak soilik ditut. Lehenik nere gorputzari, hain bikain zaintzeagatik ni eta nere txikia. Ondoren Aritzi, eduki nezakeen bidelagunik onena izateagatik, askotan nik neronek baino gehiago sinistu duzulako neregan, ez nauzu sekula epaitu eta beti beti elkarri eskutik heldu diogulako momentu goxo eta gazietan. Magaleko neskei, aurretik ere ezagutzen nituen eta bide honetan ezagutu ditudanei, ze polita eta erraza izan den zuekin egotea.

Eta zuri Lili nere maitia, nere txikia… Ama bilakatu nauzu, sekula ahaztuko ez dudan bidaia egin dugu elkarrekin, mugarik gabe maite zaitut. Handitzen zarenean kontatuko dizut bizitutakoa, zein gordina izan den eta baita ederra ere, zalantzarik gabe. Saiatuko naiz kontatzen zein indartsu sentitu naizen.

Irakurri izan dut erditzeak aldatzen zaituela, eraldatzen zarela, beste pertsona desberdin bat bilakatzen zarela… ba nik ere horrelaxe bizitu izan dut. Ez naiz berdina, desberdina naiz orain, onartzen dut, eta zoriontsu nago naizenarekin. ERDITZEA IRAULTZA BAT izan da, ezagutu dut nire gorputzaren gaitasuna, baita buruarena ere. Eskerrik asko!