«Zu etortzeko inpazientzia daukat; izan ere, indukzioaz hitz egin ziguten atzo, eta ez dugu horrelakorik nahi.»

Antton

Esnatu egin naiz 4:30ak aldera. Zu etortzeko inpazientzia daukat; izan ere, indukzioaz hitz egin ziguten atzo, eta ez dugu horrelakorik nahi. Erditzea etxean izatea nahi dugu, eta zu zure kabuz martxan jartzea. Mesedez eskatu dizut etor zaitezen munduaren alde honetara, aitatxo eta biok zainduko eta babestuko zaitugula. Horrekin batera, titiburuak ukitu ditut oxitozina askatu nahian, eta magia moduan mina sentitu dut uteroan. Minarekin batera, irribarrea ahoan: uzkurdurak izango ote dira? Komunerako gogoa sartu zait. Ohera bueltatu naiz gero. 6:30ak aldera berriz komunera jaiki naiz, eta ur txorrotada nabaritu dut; poltsa puskatu da. Minez jarraitzen dut. Behin eta berriz eskertu dizut martxan jarri izana, maitia. Aitatxoren alarma entzun dut; 6:45 dira. Kosta zaio, baina esnatu da, eta martxan gaudela kontatu diot. Azkar jaiki da. Lurreko tantak lehortu ditu. Kandelak piztu ditu, lanparatxoak… Lanean lasai hasteko esan diot. Mariri, hainbeste lagundu didan lagunari, idatzi diot, eta Magalekoei. Zukua hartu dut, eta ondo nago.

9:08 dira. Uzkurdurak datoz tarteka, irregularrak. Oraintxe 10 minutara, oraintxe 20ra. Etzanda, mina; beraz pilotan hobe. Ez daukat gosaltzeko gogorik, aitatxok behin eta berriz galdetu arren.

11:25 dira. Laurarekin hitz egin dugu lehen. Uraren koloreaz galdetu digu. Gainontzean, gomendio batzuk egin dizkigu, eta aurrera. Amama Karmeleri deitu diogu enkargu batzuk eskatuz, eta, bide batez, esan diogu martxan gaudela. Negarrez hasi da, oso emozionatuta. Hainbesteko gogoa daukagu denok zu ezagutzeko, maitia…

Bueno, guk biok elkarlanean jarraituko dugu, ni bidea irekitzen eta zuk bidea hartzen. Ekipazoa gara, maitia.

Eguna aurrera doa uzkurduren joan-etorrian. Bazkalaurretik lo kuluxka ere egin dut. Bazkalondoren paseo bat egiteko saiakera egin dugu, baina gehiegitxo izan da. Ezin ditut pauso asko eman gelditu gabe, eta ez nago jendearekin topo egiteko. 

Etxera itzuli eta sofan jarri naiz irakurtzen. Etzan, eseri, pilotan jarri, dantza, etxetik mugitu…

Gauzak prestatzen hastea erabaki dugu. Ez dakigu honek ze martxa hartuko duen-eta. Magalekoek emandako zerrenda errepasatu dugu, eta dena eskura utzi dugu. Afalaurretik bizkotxoa egiten hasi gara. Uzkurdura bakoitzeko gelditu, arnastu, aitatxok bizkarrean masajea egin eta aurrera. Gerturatzen doa zu ezagutzeko momentua, Antton. 21:00ak aldera afaldu egin dugu, eta dagoeneko intentsuak dira olatuak eta sarriago datoz. Laurarekin kontaktuan gaude nola goazen jakin dezan. 23:30ean oso intentso doa: dutxan egon naiz pixka batean, baina atera nahi dut. Uzkurdurak 3-2 minutu oro. Magalekoei deitu die aitatxok, eta badatozela diote. 

00:30ak inguruan iritsi dira Maite eta Laura. Nik, dagoeneko, ezin dut hitz egin. Konstanteak hartu dizkidate, eta zure taupadak entzun ditugu. Oso ondo zaude, maitia. Gertuago dago elkar ezagutzeko momentua. 

Intentsitate handiarekin datoz uzkurdurak. Gero eta tarte txikiagoarekin. Mina handia da, baina badakit hau dela modua zu guregana iristeko, eta lasaitasun eta konfiantza handiz nago, maitia. Dutxan sartu naiz, eta mina berdina bada ere sentsazioa ona da ur beroaren pean. Dutxatik berriro egongelara noa. Belauniko jarri naiz, sofaren kontra. Hainbat teknika proposatu dizkidate, mina jasangarriagoa egiteko. Ados. Izpiliku usaina ere sumatzen dut. Mina oso intentsoa da, eta burutik pasa zait ezingo dudala nik honekin. Lehenengo aldiz, dudan jartzen ari naiz nire erditzeko ahalmena. Trantsizio fasea ote da? Akaso oraindik oso urruti dago, eta ni dagoeneko ezinean…

Eta, bat-batean, bultzatzeko gogoa. 02:30ak. Bazatoz, maitia? Ezin dut sinistu. Kukubilko jarri naiz; aitatxo atzealdean jarri da ni eusteko. Belaunak lurrean jarri ditut, eta bulkada dator. Ez dut nik bultzatzen, barruko indar batek baizik. Ispilua jarri dute Magalekoek, nola ateratzen zaren ikusteko. Ni begiak itxita hobeto nago. Zure eta nire artean egin behar dugu hau, eta erabat konektatuta nago zurekin. Bazatoz. Hirugarren bultzadan burua kanpoan duzu. Aitatxo flipatzen ari da gertatzen ari denarekin. Nik arnasa sakon hartzen jarraitzen dut. Bazatoz. Hurrengo bultzadan, goxo-goxo atera zara. 2:40ak. “Ai ama” da ateratzen zaidana. Maitasuna borborka dago gure egongelan. Zilbor hestea lepotik daukazu; kendu dizugu eta bularrera ekarri zaitut. Muxukatu egin zaitut. Laztandu zaitut. Hemen zaude. Ez duzu negarrik egin, begiak ireki dituzu eta argi-argi begiratu didazu. Aitatxori ere bai. Flipatzen ari gara zu azalaren beste aldera etorri zarelako, guregana. Hain lasai. Hain goxo. Titia topatu duzu eta asmatu duzu tiratzen. Zilbor hesteko zure odol guztia hartu duzunean, aitatxok moztu du, eta bat izatetik bi izatera pasatu gara, Antton. Zure ondoan jarraituko dut, baina bi gara dagoeneko. Ordu eta erdira karena atera da, Magalekoen laguntzaz eta nik pixka bat bultzatuta. Bederatzi hilabetetan zure etxetxoa izan dena ikusi dugu. Estanpazioak egin eta karena izoztu egin dugu, aurrerago landatzeko. Eta oxitozina maximoko giro horretan, ohera lagundu digute Laurak eta Maitek. Erabat eskertuta gaude beren babes eta goxotasunagatik. Biok ondo gaudela ziurtatu dutenean, besarkatu eta agurtu ditugu, eta badoaz. Aitatxo eta hirurok goxo-goxo gaude gure ohean. Sinistu ezinik hiru garela. Hemen zaudela. Zoriontasun gehiago ez da kabitzen gure logelan.

ONGI ETORRI, ANTTON! ESKERRIK ASKO, MAITIA!