Libe
40. asteko errebisioan berriro ere presak, astelehenean monitoreetara bidali beharrean, etxean erditu behar nuela jakinda anbulategiko ginekologoak ostiralera aurreratu zidan zita. Arrazoirik gabe, asteburua tartean hobe horrela. «Hobe norentzat?» pentsatu nuen.
Baina ostegunean hasi zen festa, oraingoan ere ez nituen monitoreak ezagutuko. Afalostean Mikel Inar lokartzen ari zela eta ni sofan, lehen uzkurdurak nabaritu nituen. Ezagutzen nituen, ez ziren berriak eta banekien erditzea gertu zegoela, beraz oheratzea erabaki nuen.
Gaua lasai igaro nuen, ordu batzuetan zehar nire sekretua izan zen. Berriro ere sentsazio hauek sentitzeak pozez bete ninduten, nire haurtxoa prest zegoen jaiotzeko eta nire gorputza eta gogoa baita ere.
Goizeko lehen orduetan ezin disimulatu Mikel esnatu nuen. «Eguna iritsi da, Libe badator!».
Emaginei azken orduko aurrerapenen berri eman genien, ordurarte uzkurdurak ez ziren oso jarraiak, beraz, bost minuturo eta ordu betez izan arte lasai egoteko gomendioa eman ziguten, ur poltsa puskatzekotan edo intentsitatea asko handitzen bazen deitzeko, bitartean garrantzitsuena, momentu bakoitza gozatzea.
Eguna antolatzen hasi ginen, haurdunaldian zehar irudikatutako aukera guztien artean erabaki bat hartu behar genuen eta Inar etxean gelditzea nahi izan genuen, hala ere ideia aldatuz gero laguntza izateko, badaezpada aitona ere jakinaren gainean jarri genuen.
Uzkurduren intentsitatea eta maiztasuna handitzen ari zela, Inar esnatu zen. Gehiago garenean liburuko esaldia nirea egin nuen Inarri eguna iritsi zela esateko, bera ere prest zegoen eta ohean sartu zen nirekin. Uzkurdura etortzen zen bakoitzean postura aldatu behar izaten nuen, lau hanketan eta pelbisa mugitzen Inarren esku txikiek bizkarraldea laztantzen zidaten, azkar aspertzen zen eta nire gorputzak uzten zuen hutsunea bere jolaserako kobazulo bihurtzen zen.
Mikelek bitartean hiruon azken gosaria izango zena prestatu zuen. Mahaian geundela, ni pelotaren gainean olatuekin dantzan, mundu arrazionalean ezin jarraitu, nire animali sena gailentzen zen, bakardadea topatu nahian. Gainera, pubisaren gainealdean min sakon bat sentitzen nuen zorabiatzen ninduena, beraz aitona deitu genuen Inarren bila etor zedin.
Iritsi zenean ni dagoeneko berriro ohean negoen, uzkurdura bakoitzarekin gorputza luzatzen nuen mina hobeto jasateko, arnasa sakon hartu, esku eta masailezurreko tentsioak askatu eta kontrola ezinak ziren orroak kanporatzeak laguntzen ninduten, pasatakoan zein sentsazio ona. Aita hurbildu zen lasai, giroa apurtu gabe, zer moduz negoen ikustera, ea eguna zen galdetu zidan, nik parrez baietz erantzun nion eta muxu bat eman zidan eskutik helduz. Ez zuen beste ezer esan behar izan, bere begiradak nire erditzearengan zuen konfiantza guztia transmititu zidan.
Clara berriro deitu genuenean bidean zegoen eta segituan iritsi zen, pozik, oraingoan bai, gure alabaren erditzean egongo zen. Dena martxa onean zijoala ikusi eta jarraian Maite iritsi zen pistinarekin. Mikelek lagunduta beharrezko guztia prestatzen hasi ziren, pistina urez betetzen ere.
Bitartean ni bakarrik nire kobazuloan erditze lanetan, banekien nolakoa zen egin beharreko bidea, beraz aldaketa bakoitzaren esperoan lasai, nire gorputzaren seinaleei adi. Baina ez negoen eroso, pubis aldeko mina ez zen desagertzen, ezin nintzen nahi bezala mugitu eta sentitzen nuena deskribatu nien emaginei. Liberen burutxoa ez zegoen behar zuen tokian, beraz bideratzeko postura aldaketa bat proposatu zidaten hurrengo uzkurduretan, oso gogorrak gogoratzen ditut, baina azkar pasa zen eta hortik aurrera pubis aldeko presioa desagertu zen eta mugitzeko askatasuna lortu nuen.
Orduan bai dena ondo zegoela sentitu nuen, baina dena azkarregi zijoan, prozesua geroz eta biziagoa zen, eta Mikel nire alboan behar nuen. Etxetik zebilen gainontzeko guztiaz arduratzen, etorri zenean, uzkurdura bortitz bat eta besotik tira egin nion logelatik ez ateratzeko eskatuz. Bigarren erditze honetan teoria guztiaz gain esperientzia ere bere alde zeukan, horrek lasaitasuna eta konfiantza handia eman zion, zer zetorren bazekien eta uneoro nola lagundu asmatzen zuen.
Handik gutxira pixagura handia sentitu nuen eta komunean eserita poltsa hautsi nuen, jarraian bultzatzeko gogoa etorri zitzaidan. Barre artean onena ohera itzultzea zela erabaki genuen, lagundu behar izan ninduten, Libe iristear zela sentitzen nuen nire hanka artean.
Inarren erditzean bezala, lau hanketan eta Mikelen lepotik besarkatuta sentitzen nintzen erosoen, biak batera talde lanean, Libe jaio eta azalaren beste aldean berriz elkartzeko. Bere animo hitzak, bere laztanak eta miresmen begiradak, horiek bai indarrak. Intentsitate handiko momentua, uzkurdurak, presioa, erremina, eta halako batean eskuekin burua ukitu nuen, bultzada gutxi batzuk eta burua kanpoan zen, indarra hartu eta azken batekin nolako plazerra! Clarak Libe jaso zuen, lepotik zilbor hestea askatu eta nire magalean hartu nuen emozioz beterik, titira hurbiltzen lagundu nuen. Pozez beteriko negar malkoekin, giroan nahasturik nire izerdia, Liberen azaleko koipea, bion odola, zeinen gertu mina eta plazerra, geroa eta oraina.
Libe ondo zegoen, ni ere, karena erditu eta atearen beste aldean urrats eta ahots isilak, bazetorren Inar, atzetik aita eta ama begiak zabal zabalik Libe bilatzen. Topatu zutena gordina zen, gordina bezain ederra, ni biluzik nire alaba bularrean bero, bere kumea zaintzen duen animalia basatia bezala. Karena baldean zegoen osorik, zilbor hestea taupadak egiteari utzi zion eta Maiteren laguntzaz Inarrek moztu zuen, beldurrik gabe naturaltasun osoz, Libe eta ni askatuz eta laurok familia berri batean elkartzeko.
Nire gurasoak gelatik atera ziren Clara eta Maiteri eskerrak ematera, nahiz eta ez zatekeen bere erabakia izango, bertan egoteak egiara urbildu zituen. Etxean erditzeko informatu eta formatu ginen, abantailak zein arriskuak ezagutzen genituen, ez gara arduragabeak ezta ausartak ere, gure seme alaben sortzean seguru sentitu nahi genuen, ingurune intimo batean eta guztiok errespetatuko gintuzten konfiantzazko laguntzaileekin. Etxean erditu ginen eta berriro egingo genuke, guretzat ez zegoelako gure etxea baino leku hoberik Inar eta Liberi ongi etorria emateko.