“Hitz hauek gogotsu eta pozik idatzi ditut, haurdun nengoenean besteen testigantzak irakurtzeak ahaldundu eta indarra eman baitzidaten.”

Aretzen erditzea.

Hitz hauek gogotsu eta pozik idatzi ditut, haurdun nengoenean besteen testigantzak irakurtzeak ahaldundu eta indarra eman baitzidaten. Espero dut nire esperientziak ere horretarako balio izatea.

Abenduak 5, larunbata, dagoeneko 38. astea osatu dugu eta ni erabat konbentzituta nago abenduaren 12an jaioko zarela. Zure arreba, Jare, azaroaren 11an (once del once) jaio zen eta 38 aste eta 6 egun egon zen nire barruan eta zu ere, bere antzera egoteko esperantzaz gaude eta haurdunaldi osoa abenduaren 12an jaioko zarela esanez pasa dut (doce del doce).

Aste horretan, erditzea martxan jartzeko egin daitekeen guztia egin dugu: infusioak hartu, paseoak eman, eskailerak igo, barre egin, sexu harremanak izan, deskantsatu… Gabonetarako gurekin nahi zaitugu!

Abenduak 11 da, ostirala, goizean Jare eskolan utzi eta Lazkaumendira joan gara paseoan, ingurua zoragarri polita dago, lainoen artetik Txindoki ikusten da. Arratsaldean, lagun batzuen etxean elkartu gara gaztaina batzuk jateko asmoz. Umeekin lurrean jolasean nenbilela, pixak alde egin didala nabaritu dut eta lurretik altxatu naizenean, uii! lehenengo kontrakzioa, hara, hara! Handik gutxira, bigarrena eta hirugarrena jarraian. Olatuak ez dira mingarriak baina nahiko jarraian direnez etxera joatea erabaki dut. Jareri zera esan diot “Jare, Aretz indarra egiten hasi da eta laster jaioko dela uste dut. Nahi diozu azken aldiz muxu bat eman tripari?”. Jarek muxu eman, agurtu eta etxera joan naiz. Etxera iristean, audioa bidali diet Magaleko neskei eta segituan Bakartxok deitu dit. Une horretan komunean nago, kakagura antzeko zerbait sentitzen dut eta kontrakzioekin jarraitzen dut (bi minuturo), altabozean jarrita hitz egin behar izan dut Bakartxorekin eta badaezpada gure etxera abiatuko dela esan dit. Hasieran, prezipitatu egin zela iruditu zitzaidan, oraindik ondo bainengoen, baina berak bazekien zerbait… eskerrak abiatu zen!

Pixkanaka kontrakzioak mingarriagoak dira, pelota hartu eta gainean jarrita, mugimenduan nago erosoen. Iñakiri idatzi diot, “etorri ya”. Jare nire gurasoen etxera eramatera joan da eta ni bakarrik nago etxean, geroz eta olatu intentsoagoekin.

Iñaki 20:25etan iritsi da etxera, Bakartxo bidean zela esan diot eta dagoeneko kontrakzioak potenteak direla. Kaka egiteko gogoa sentitu dut eta komunera joan garenean, odol pixka bat bota dut. Orduan, Bakartxori deitu diogu telefonoz eta gertatzen ari zena kontatu dio Iñakik, nik dagoeneko bultzatzeko gogoa dut, Bakartxok 15 minutuan iritsiko dela esan digu, lasai egoteko, kontrakzioan arnasa gorantz hartzeko… baina haurrak behera bultza egiten du eta nik ere bultzatzeko gogoa dut, oso zaila egiten zait eustea. Iñakik asko lagundu dit une horretan, Bakartxo segituan iritsiko zela gogoraraziz eta arnasketekin. Iñakiren arrebak (Lilik) bideratu zuen Bakartxo gure etxeraino eta iritsi zenean ze lasaitua. Oso ondo gogoratzen ditut nire hitzak eta Bakartxorenak:

– Ezin diot eutsi, bultzatzeko gogo izugarria dut, begiratu iezadazu eta esan mesedez bultza egin dezakedala.

Orduan bakartxok, lau hanketan jartzeko gonbita egin dit eta begirada bat bota dit:

– Aretzen burua ukitu dezaket, nahi baduzu bultza egin dezakezu lasai.

– Baina, ondo dago?

– Ez dakit Gorane, ezin izan dut begiratu. Dena oso azkar joan da eta ondo egongo da, primeran egiten ari zara.

Hori entzun eta bi bultzadatan, lehenengoan burua eta bigarrengoan gorputza atera zen. 21:10etarako eskuetan nuen Aretz. IKARAGARRIA IZAN ZEN, ZORAGARRIA, BASATIA, SINESTEZINA, MUNDIALA!

Niri dena hain azkar joanda kosta egin zitzaidan erreakzionatzea, ezin nuen sinestu nire besoetan zegoela eta Iñaki berriz, erabat emozionatu zen, aurretik pasa zituen tentsio guztiak askatu zituen malko artean.

Erditu ondoren, sofan jarri ginen eta Maria (beste emagina) iritsi zen. Ordu erdira edo, plazenta erditu nuen eta dena primeran zegoen. Aretz titian ongi engantxatu zen eta nik ez nuen punturik behar izan, desgarro txiki bat izan nuen baina pare bat egunetan bera bakarrik zikatrizatuko zela esan zidaten, infusio batekin garbitu eta kalendula krema eman ondoren, ohean eroso jarri eta lasai lasai geratu ginen.

Ondorengo bisitetan, Bakartxo etorri zen eta ikaragarri lagundu zigun, batez ere, titia emateko posturetan, pare bat trukorekin asko hobetu genuen eta gaur egun oso pozik gaude laktantziarekin.

Hauxe izan da gure esperientzia zoragarria eta eskerrak eman nahi dizkiogu posible egin duten pertsona guztiei, Magaleko neskei (batez ere, Maria eta Bakartxori bereziki) eta familia eta lagun guztiei. Animo eta besarkada goxo bat hau irakurtzen ari zareten emakume guztiei eta gogoratu, gure gorputza erditzeko prestatuta dagoela, norberarengan sinestu!

Oharra: azkenean Aretz abenduaren 11an jaio zen eta bere arrebak bezala, 38 aste eta 6 egun egin zituen amaren sabelean.

Gorane eta Iñaki