«Eskerrik asko bihotzez Mireni, beldurrak beldur nire etxean erditzeko borondatea sustengatu nahi izateagatik.»

Goizeko 4ak eta piko izango ziren bi hots-kolpek esnatu nindutenean. Ohartu nintzen hauek uterotik zetozkidala eta komunera abiatu nintzen zertxobait urduri. Pixa egiteko eseri nintzen, baina alutik isurtzen zitzaidan likido garden hura ez zela pixa konturatu nintzen; astiroago isurtzen zen eta ez nuen honen gaineko kontrolik. Papera pasa nuen, odol arrastoa ere ikusi nuen orduan. Usaindu egin nuen, garbi zegoen. “Tira, eskerrak”. Konpresa bat jarri nuen eta bi metro eskaseko komunean aurrera eta atzera ibiltzen hasi nintzen baldosa hotzaren gainean. Erabaki nuen burua argi izan arte behintzat ez nuela inor esnatuko.

Kalkulu azkar bat egin nuen: Streptococoan positibo emanda, arratsaldeko 20etarako Haranek kanpoan behar zuen. Nire odol-analisien emaitza berrien arabera ez nekien Magaleko emaginek artatuko ote ninduten ala ez, eta honek ordura arte saihesten ibili nintzen Ospitalaren ideia zabaldu zidan parez pare. Gainera, antibiotikoa jarri beharko zidaten erditze bitartean streptococoari aurre egiteko protokoloaren baitan. Honek bi beldur azaleratu zizkidan: bata antibiotikoen ondorioei dagokiona; bestea, aldiz, ospitalean eta bere arauen menpe erditzeari lotutakoa. Ibili eta ibili jarraitu nuen kontrakzio arinen artean, tarteka konpresa aldatuz, harik eta ez-ohikoki, 7:15ean gure lau urte bete berriko haurra esnatu zen arte.

Orduan Mirenengana joan nintzen: “Ur-poltsa puskatu dut”, “Bai zera! Eta orain zer? Deitu Bakartxori”. “Pixka bat itxarongo dugu, bitartean dutxatu egingo naiz”. “Ados, nik nire amari deituko diot Zuhainen bila etor dadin”.

Dutxan sartu nintzen,egun-argi zen jadanik eta garbi nuen ezerk ez zuela atzera bueltarik, beraz, ospitalean edo etxean, baina aurrera egin behar nuen. Erlojupekoan bezala, nire barruan zen haurrak lehenbailehen bertatik atera behar zuen, hortaz, hobe nuen pixka bat erlaxatu eta nire buruarengan konfiantza berreskuratu.

7:45 inguru ziren, eta ez genuen gehiago itxaron nahi, jakin nahi genuen ospitalera joan beharko ginen ala ez. Bakartxori deitu genion, hau ohetik jaikitzeko kezka eta ardurarekin. Asko lasaitu ninduen berarekin hitz egiteak, eta adierazi zidan, galdetzeko Osasun Zentroko emaginari, baina beste arrisku faktore bat tarteko, bezperan egindako gernu-analisian streptococoak positibo eman bazuen ez zirela erditzea artatzera etorriko. Halere, Laurak juxtu goardia zuela ospitalean eta beraz berarekin egoteko aukera izango genuela aureratu zidan. Ideia hark izugarrizko lasaitasuna eman zidan, “a ze zortea gurea!”.

Bakartxok esan bezala, gernu-analisiez galdezka Osasun Zentrora deitu nuen. Harrerakoak astebeteren buruan hitzartu nahi ninduen telefonikoki emaginarekin, beraz, kontatu egin nion ur-poltsa hautsi zitzaidala eta bai ala bai analitiken emaitza behar nuela. Bera ere larritu zen (eskerrak, bestela jai genuen!) eta emaginarekin kontaktuan jarri ninduen berehala: “Ha dado negativo”.

“Bakartxo, negatibo”. “Ados, Maria eta biok joango gara. Bitartean joan zaitezke Mirenekin paseatzera eta haurdunaldiari agur esatera, elkarrekin lasai hitz egitera… eta kontrakzioen maiztasuna eta intentsitatea handitzean deituidazue, nik bitartean kafe bat hartuko dut”. Pozez txoratzen nengoen, beldur zantzu guztiak uxatu ziren bat-batean. Haurdunaldiari agur esatearen ideia mendi-buelta bat emanez asko gustatzen zitzaidan, baina jadanik ez nintzen gorputza zuzen mantentzeko gai, beraz, deskartatu egin genuen. Pelota handiaren gainean eseri nintzen kontrakzioetan zehar pelbisa mugituz egoera eramangarriagoa egiteko asmoz. Julia etorria zen ordurako; haurra eta amona agurtu genituen eta zertxobait gosaldu genuen: platano bat, datil batzuk, kafesne laurdena…

Janari gehiago ez zitzaidan sartzen. “Musika jarriko dut”. Erditze-aurreko faserako, Edur-en laguntzaz, beste hainbat erritualen artean, nire bizitzan esanguratsuak izan diren abestien zerrenda luze bat prestatua nuen: Mercedes Sosa, Anari, eta hirugarren abestirako jasan ezina zitzaidan musika, beraz, berehala itzali egin nuen (uste baino aurreratuago zihoan erditze-prozesua seguruaski_). Mirenek kontrabentanak itxi zituen eta etxeko gela txiki eta erdi-huts batean sartu ginen pelota handiarekin. Gerritik heldu nion kontrakzio batean eta barren-barrenetik zetorkidan hots batez lagunduta mina eramangarria zitzaidala ohartu nintzen.

Miren konturatuta zegoen kontrakzio batetik bestera minutu t’erdi igarotzen zela eta hauen intentsitatea esponentzialki gora zihoala, eta “Bakartxo, azkar etorri” esan zion. “Hamalau minutu” berak. Bakartxo iristerako ni hasia nintzen aurrez esperoko ez nituen hotsak egiten kontrakzioek irauten zuten artean. Nik nire ahizpari esana nion juxtu egun pare bat lehenago uste nuela nik ez nuela erditzean hotsik egingo, Mirenek Zuhainen erditzean egin ez zuen bezala. Bada, hotsak hasieran, dilatazio fasea aurrera joan ahala, marruka ari nintzela iruditzen zitzaidan.

Une honetatik aurrera lausotzen doakit erditzearen sekuentzia. Lehenik eta behin Bakartxok galdetu zidan nola ikusten nuen momentutxo bat sofan etzatea berak haurra ukitzeko sabeletik eta taupadak entzuteko. “Arazorik gabe”, esan eta egin. Orduan kontrakzio bat etorri zitzaidan eta ohe batean etzanda erditzen diren emakumeekin oroitu nintzen. Zein zaila egin zitzaidan kontrakzioa eramatea. Manta bat jarri nuen nire aurpegiaren kontra estutuz. Beste kontrakzio bat, eta Bakartxok bere lanak bukaturik, nere txokora joan nahi nuela garbi izan nuen. Orduan, ez dakit nork proposaturik, belauniko jarri nintzen alfonbraren gainean, hasieran pilotari helduta, eta gero Miren pilotaren gainean eseri zenean bere gerriari helduta. Gogoratzen naiz halako batean esan nuela kaka egiteko gogoak nituela. Bakartxok komunera lasai joateko esan zidan. Kontrakzio artean pixa egin nuen, kaka ez dakit, ez bainuen indarrik egin nahi, bada ezpada. Orduan Bakartxok “ez zaigu interesatzen haurra komunzuloan jaiotzea”. Eta niri, momentuan, nonbait, grazia egin zidala gogoratzen naiz, nahiz eta kanpotik seguru aski ez zitzaidan igarriko, beste frekuentzia batean bainengoen.

10ak inguru izango zirela kalkulatzen dut. Berriz ere gelaxkan nengoen Mireni helduta. Animoak jasotzen nituen etengabe, baita igurtziak ere lunbare eta sakro aldean. Orduan pentsatu nuen nire baitarako ze ondo nengoen nire etxean eta konpainia horrekin erditzen, eta baldintza kaxkarretan erditzen diren emakumeekin oroitu nintzen: laguntzarik gabe erditzen direnak, baldintza higieniko-material urriekin, espetxean erditzen direnak, edota ospitaleetan bestelako presio batzuen mende eta norberak nahiko ez lukeen protokolo eta interbentzioenpean…  “Alde ederrean nago”, pentsatzen nuen etengabe.

Maria ere bertan zen jada, nire ondoan jartzen zela sumatu nuen “kaixo Joana”, ahots apalez eta presentzia handiz. Oroitzen naiz momentu horietan kontrakzioak oso intentsoak zirela, eta aldaken alde banatan izugarrizko presioa sumatu nuen bizpahiru kontrakziotan. Ez dakit kontrakzio hauek luzeagoak izan ziren ala ez. Mirenek eta Bakartxok haien igurtzien bidez tentsioa askatzen laguntzen zidaten.

Intentsitate maila horretan, imajinatu nuen iristen ari nintzela Laurak erditze-aurreko saioan azaldu zigun trantsizio fasera, alegia, gehiago ezin denaren sentsazioak zeharkatzen zaituen horretara; dilatazioaren amaierara, espultsiboaren atarira. “Mugara iristen ari naiz” xuxurlatu nion Mireni, pentsatuz gertu nuela ezintasun fase hura. Eta bai, halaxe zen, baina trantsizioan nintzen jada eta ez nuen irudikatu hiltzera nindoanik nik pentsatzen nuen bezala. Jarraian, bultzatzeko izugarrizko gogo kontrolaezina sentitu nuen. Lehenengo bultzadarekin uste dut kaka egin nuela. Usainagatik jakin nuen, ez bestela. Eta, egia esan, momentuan bost axola zitzaidala pentsatu nuen. Uste dut bakarrik geratu nintzela gelaxkan. Seguraski eskuak garbitzera eta lurreko enpapadoreak aldatzera joango ziren, ala ez, nik ez dakit, hori pasa zitzaidan burutik.

Fase espultsiboak ordubete inguru iraun omen zuen. Niri askoz ere laburragoa egin zitzaidan, nahiz eta momentu batean pentsatu nuen Haranek burua jadanik kanpoan zuela, eta bai zera! Bagina hasieran zegoela ohartarazi zidaten. Halako batean, parentesi momentu batean nola, nire buruari galdetu nion ea berriro ere halako egoera batean egon nahiko nukeen, eta pentsatu nuen agian ezetz, intentsoegia zela besterik gabe errepikatzeko.

Mariak, besteak beste, kontrakzioetan matrailezurra erlaxatzeko esan zidan, eta kontrakzioa pasatzen zenean deskantsatzeko eta arnasa hartzeko aholkatzen zidaten. Uste dut ez balidate esan, ez nintzela ohartuko kontrakzio hauek barealdi handi eta argitsu bat eskaintzen dutela batere minik gabekoa. Bakartxok bultzada bakoitza eta gero ematen zen egoera berria integratzeko aholkatzen zidan. Perinea zabaltzen zihoakidan, eta erredura bezala sentitzen nuen. Haranek burua kanpora atera aurretik Bakartxok ohartarazi ninduen “Orain hautsiko edo erdibituko bazina bezala sentituko duzu”, eta askok esaten duten “klak” hori bizitzeko prest banengoen ere, bada, ez nuen halakorik sentitu. Jakinminez geratzen naiz. Bere burua atera zuenean su moduko bat, eta sosegua sentitu nuen gero, lasaitze izugarria, eta arnasaz eta bere pisu propioaz lagundurik atera zituen lehenik sorbaldak eta gero gainerako gorputza Haranek. Bakartxoren eskuek hartu zuten, eta errugbian bezala baina alderantziz, hankartetik luzatu zidan haur jaio-berria. 11:28 erlojuan.

Toaila epel batez estali zuten Haranen bizkarra eta gero nirea. Ni sinistu ezinik nintzen, eta Miren hunkituta zeharo. Zutitzen lagundu zidaten eta ohean etzan ginen. Hortik gutxira berriro ere kontrakzio intentsoak etorri zitzaizkidan, beldurrik gabe bultzatzeko esan eta zilborrestetik tiratuz karena atera zen kanpora, Mariaren eskuetara, baita erraldoia iruditu zitzaidan koagulo bat ere. Osorik omen zeuden bai karena eta bai nire perinea; zauri batzuk kanpoaldeko ezpainetan, besterik ez. Hau poza.

Gerora, logelako ateko zirrikitutik Maria karenarekin estanpazio tailer batean bezala, lientzoaren gainean honen arrastoa uzten ikusi nuen. Bakartxo, aldiz, kalostroaren inguruan aritu zitzaigun, ziurtatu arte ongi ulertu genuela honen balioa eta haurrak hau jatearen garrantzia.

Orduantxe, nire buruari berriro galdetu nion ea berriz erdituko nukeen hurrengo batean eta baldintza berdinetan… eta bai, jadanik ez nuen inongo zalantzarik erantzunean pentsatzean, nire pertzepzioa erditzearen inguruan zeharo aldatua zen. Zoragarria iruditzen zitzaidan dena. Haurdunaldian nire mendi-laguna izan zen Anerekin oroitu nintzen, hauetako ibilaldi batean, Xorrola-bidean, berak esan baitzidan “nik urtero erdituko nuke”. Ba…“Ane, ni ere batzen naiz urtero erditzeko planera!” Eta ez hori bakarrik, lehenago inoiz imaginatuko ez nuena: hurrengo egunetan behin eta berriz desiatu nuen erditzeko egoerara itzultzea, lagun batekin igarotako une berezi batera itzultzea desiatu dezakedan gogo berdinarekin.

Esan gabe doa, erditze denak ez direla errezak, guztiak ez direla batek nahiko lukeen modura amaitzen. Denek ez dute non, nola edota norekin erdituko diren hautatzeko aukerarik ere… eta bistan dena, erditze guztiak ez dira amets baten parte.

Nire aldetik, esker infinituak Magaleri haurdunaldi eta erditze osasuntsu bat bizi ahal izateko informazioa eta laguntza eskaintzeagatik, eta baita erditze prozesuaren gainean nik neuk erabaki ahal izateko osagaiak emateagatik ere.

Eskertza berezia Bakartxori eta Jeruri Terapia Neuralagatik eta terapiaz haratagokoengatik.

Emakumeok* gure sexu eta ugaltze prozesuen jabe izan arte…

Joana.