“Minaren aurrean ahula nintzela aipatzerakoan esan zidaten esaldi bat izan da bidelagun denbora guzti honetan: ‘Zure gorputzak ez dizu jasan ezin duzun minik emango'”

Larunbata da (38+6) eta mendira joan baino lehen, Erlantzen ongietorrirako prestatu dugun mezuekin batera, orain dela hiru aste tripatxoarekin ateratako argazki pare bat inprimitu ditugu. Mendian primeran nabil, oraindik zortzi egun falta dira 40. astera iristeko eta energia handiarekin nago, nahiz eta azken asteetan izaten ari garen beroak itotzen nauen.

Lehen haurdunaldia izanik, erditzeari buruzko liburuak irakurri ditut, hainbat ikastaro egin, kirola eta yoga praktikatu eta elikadura zaindu. Hala ere, gorputzaz gain, alderdi psikologikoa lantzeko beharra ere sentitu dut, batez ere, etxean izan nahi nuen erditzeari begira. Magalera lehen aldiz deitu eta minaren aurrean ahula nintzela aipatzerakoan esan zidaten esaldi bat izan da bidelagun denbora guzti honetan: “Zure gorputzak ez dizu jasan ezin duzun minik emango”. Esaldi horrek erakutsi zidan, gorputzak ez ezik, nire gogamenak ere ez didala jasan ezin dudan sufrimenturik emango eta horregatik, lanketa pertsonal bat egiteari ekin nion; mina eta sufrimenduaren arteko ezberdintasuna, minari buruzko nire pentsamenduei lekua egin eta onartzea, eta batez ere, erditzea niretzako oso esanguratsua zen balio batekin lotzea; ama kontziente bat izatea, hain zuzen. Erditzean sentitutako minak zentzua hartu zuen, gure seme Erlantz gure besoetan edukitzeako egin beharreko bidea baitzen.

Bazkaldu eta idatziak ditudan mezu eta inprimitu berri ditugun argazkiei begira nagoela tanta bat nabaritu dut iztarretik behera. Magalekoei abixatu diegu eta bai, boltsa pixka bat hautsi da baino pentsatua geneukana egiteko gomendatzen digute. Ondo sentitzen naiz eta afaltzera joan gara Xabiren gurasoen etxera. Bueltakoan, kotxea utzi eta paseotxo bat eman dugu eta etxera etorri eta ohera sartu bezain pronto nere barruan zerbait hautsi dela nabaritu dut. Orain bai, poltsa erabat hautsi da.

Ezin dut ohean egon beroa dela eta, eta egongelara noa. Kontrakzioekin hasia naiz eta nahiz eta kontrakzio artean lokartze naizen, olatuak datozenean zutik jartzeko beharra sentitzen dut. Badoa gaua olatu artean eta hitz egin bezela, goizeko 6tan neskei deitu diegu pixkanaka etortzeko aipatuz eta bitartean dutxara noa nolabait mina gutxitzeko itxaropenarekin. Baineran etzanda nagoela iritsi da Bakartxo eta handik gutxira, Maria.

Badirudi egunsentiarekin olatuak gelditu egin direla eta ohean sartu eta lo egiten saiatzeko gomendatzen digute spinnign babies-eko posturak erabiliz. Ez dut lortzen sakonki lorik hartzea, izan ere olatuen intentsitateak bizkar behekaldean mina sortzen dit. Erlantz atzealdean dagoela ikusi dute neskek eta badirudi horrek sortzen didala sentsazio desatsegin hori.

Jeiki eta egongelara goaz pelotan jartzera, Erlantz ondo dago denbora honetan baino orduak aurrera doaz eta egongelatik komunera bueltaka nabil, ez dakit zein mugimendu egin ezta zein posturatan jarri, erditzea aurrera ez doala sentitzen dut. Bizkar aldean min handia sentitzen dut eta momentu batez, aurrera joan ezean, ospitalera joan beharko dugula pentsatzen hasi naiz.

Gauzak horrela, 14:00tan emaginek takto bat egitea proposatzen digute eta egitean , 7zm-ko nagoela diote. Rebozoa eta spinning babies-eko ariketak egiten ari gara eta halako batean botaka egiten dut bart gauean afaldutakoa, izan ere ordundik ez dut apenas ezer jan. 17:00tan beste takto bat egin eta 8 zm-ko nago baino burua oso ondo sartzen omen da pelbisean.

Ordu asko daramatzat deskantsurik gabe eta nekatuta sentitzen naiz. Bakartxok terapia neurala egitea proposatzen digu eta guk onartu. Momentu batez asko lasaiatzen naiz eta “zerbait mugitu” dela nabaritzen dut. 18:00tan bultzatzen hasi eta, uztailaren 10eko 19:55tan Erlantz jaio da eta lehen aldiz nire besoetan hartzen dut. “Ze politta zea” izan dira nire lehen hitzak, bapatean maitemindu naiz.

Mila esker Magaleko neskei, bereziki Bakartxo eta Mariari, oso oso profesionalak zarete, izugarrizko segurtasuna helarazi diguzue eta Erlantzi eman ahal genion ongietorririk bero eta polittena errealitate bihurtu duzue.

Mila esker Xabi, etxean erditzeko ideia errespetatu eta onartzeagatik eta batez ere, hor egoteagatik behar izan zaitudanean. Eskerrik asko ere nire semeentzako Aita paregabea izategatik.

Mila esker Erlantz, nire gorputza erdi erditik zatitu izanagatik ere, sortu genezakeen gizaki polittena zarelako. Izugarri matte zaittugu.