“Sofan etzan naiz, Kea nire gainean. Lide ondoan. Poz pozik nago.”

Goizeko 6.30ak aldera jeiki naiz. Lehengo estudiora joan naiz, eta ohean etzan naiz. Kearekin hitz egin dut, prest gaudela esan diot, nahi duenean etortzeko, elkarrekin egingo dugula bidea… Erdi lo erdi esna nago, trantze moduko batean. Trantze horretan nagoela bixitan datozkit emakume inportante batzuk: Lide, nire ama, Nerea, Estitxu, Maddi, amama Mentxu… eta amama Izaskun. Aspaldi amama Izaskunen ahotsa entzun gabe… Denek hitz egiten didate erditzeari buruz, animatzen naute, bakoitzak bere hitzekin… Ze polita izan den. Zenbat babes eta maitasun.

Ekainak 5 da, San Bonifazio. Egun hau ere heldu da, eta oraindik Kea barruan… Ezin dut sinetsi… Nik uste nuen duela hilabete erdituko nintzela. Aurreko asteak gogorrak izan dira. Gaur Lidek etxetik egingo du lan. Azkenean. Ez dago oso umoretsu, 41+3 da gaur, beldurrez dago, 42ra iristeak kezkatzen du, ospitaleak, indukzioak… Nekatuta dago zain egoteaz. Ni gaur lasai nago, azken egunetan bezala. Badakit bere kabuz etorriko dela, konfiantza daukat. Lideri haurdunaldiko bideoa egiteko eskatzen diot, baina ezin du, lanean dago. Nik ez daukat Santa Barbarara bakarrik joateko gogorik, baina mugitu beharko nuke agian… Portaleko eskaileretan gora eta behera hasi naiz. Izerditan bueltatu naiz etxera.

Garbantzuak tokatzen ziren bazkaltzeko, baina pasta goxo bat egiteko proposatu diot Lideri. Eta gero pelikula bat ohean. Tartean harreman sexualak izan ditugu, lehenengo aldiz denbora askoren ondoren, eta intuitzen dut azkenengoz denbora luzez…

Itxura ona zuen pelikula txar bat jarri dugu, ta bapatean umorea aldatu zait. Liderekin haserretu naiz “ez delako pelikulaz gozatzen ari”… Pelikula uztea erabaki dugu, salara joan, eta Lideri gitarra jotzeko eskatu diot. Disfrutatzeko gogoz nago, agian Humon afaldu dezakegula komentatu diot. Uzkurdura bat dator, ezin dut kantatu, mugitu behar dut. Lidek gitarra utzi du.

18:45 edo izango dira. Pelotan eseri naiz, eta beste uzkurdura bat, oraingo hau ezberdina. Eta beste bat. “Hauek desberdinak dira, ipurditik hasten zaizkit”. Lideri arpegia aldatzen zaio. Pozik dago, zerbait aldatzen ari da… Googlen begiratzen du, batek dioenez “las contracciones me empezaban en el culete”. Jajaja. Grazia egin digu.

Uzkurduren app-an apuntatzen hasi da Lide, baina ezetz esan diot, oraindik goiz da, hobe lasai hartzea.

– Orain Magalekoek esango balizute paseotxo bat ematera joateko, joango zinateke?

– Ez, ez, ni de coña…

Donostin afaltzearena hurrengo baterako utzi beharko dugu…  Uzkurdura gehiago datoz, mingarriak dira… ez dut ulertzen zergatik diren hain mingarriak, oraintxe hasi dira… Nola izango dira gerokoak?? Hauek uzkurdura “arinak” badira, nola jasango ditut gerokoak?? Ezingo ditut jasan… Zenbat denbora pasatu dezaket horrela?… 

Ordubete pasa da uzkurdura “arraro” hauek hasi direnetik. Ondo nago, uzkurdura batzuen artean esertzea lortu dut, baten batean etzan ahal izan naiz… Estitxu eta Nereari idatzi diet, martxan gaudela esaten, baina lasai ibiltzeko, oraindik asko faltako dela seguru, kandela pizten badute urtuko zaiela Kea jaio aurretik (ja ja ja). 

Magaleko taldean ere idatzi dugu, aldaketak daudela abixatzen… orain arte ez dugu uzkurduren maiztasuna apuntatu, baina niri irregularrak iruditzen zaizkit. Poz pozik nago. Eta urduri ere bai.

Hemendik aurrera gauzak borrosoago izaten hasten dira.

Uzkurduren app-an apuntatzen hasi gara:

– Intensidad? “Leve”, “ligero”, “moderado”…?

– Yo qué sé, “ligero” jarri, nei kriston mina emateiate, baino hasierakoak dia… “Ligero” izango da…

Badakit “ligero” izateko intentsoegiak direla, ez dakit gai izango naizen…

Posturak probatzen jarraitzen dut. Suspentsioak egiten ditut Lidek atean jarritako zapiarekin. Uzkurdura batean super ondo, hurrengorako iada ez dit balio… Etxetik bueltaka nabil, batetik bestera…

20:00ak dira, Lidek zerbait afaltzeko esaten dit, indarra hartzeko.. Bi arrautza frijitzen ditu. Nik ez daukat jateko gogorik. Ez dut afaldu nahi. Hala ere, jateko gutxi dagoela ikusten dut eta ez nago lasai horrekin… Lide erosketa azkar bat egitera jaisten da, ni ez nago oso seguru, ez dut bakarrik gelditu nahi, baina bueno, bale, momentu bat izango da…

Badoa Lide eta ni nire uzkurdura festan gelditzen naiz: lurrean batean, zapian hurrengoan, alde batetik bestera…

Asko estresatzen nau app-an apuntatzen ibiltzeak. Gehiago ez apuntatzea erabaki dut. 20:20ean komunera joan eta odol dexente daukadala ikusi dut. Lehenago ere apur bat eduki dut, baina hau gorriagoa da, eta askoz gehiago dago… Lasai nago baina badaezpada taldera bidali dut argazkia.

Jarraian uzkurdura bat datorkit, lurrera noa, kuleroak eta kamixeta kentzen ditut, biluztu behar dut.

Bakartxorekin hitz egin dut, deskantsatzen saiatzeko esaten dit, agian gauean izango dela, agian bihar goizean… “Bai, bai, hori zen ni-re  a-s-mmm-oa” (uzkurdura bat etorri zait, ez naiz gai jarraian esaten didana entzuteko)

Lide itzuli da etxera, odolaren argazkia ikusita kezkatuta. Ondo nagoela ikusi du, eta zerbait jateko esaten dit berriro. “Baaaale, platano bat jango dut…” Baina platanoa ahoan sartu orduko lurrera botatzen nauen uzkurdura bat datorkit, eta ahoko platano zatia zuzenean doa atearen kontra. Lideren aurpegia ikusi dut, harrituta, eta barreari eusten saiatzen.

Animalia bat naiz. Dena dago lainotu antzean, bueltaka nabil, lurretik, oinez, oihuka… Ezin dut nire gorputza kontrolatu, berak agintzen du. Izkina batean nago, erdi belauniko, Lideri esaten lo egiteko pilula bat nahi dudala (kontziente naiz ez dudala horrelakorik hartuko, baina esan behar dut). Min handia daukat. Norbaitek Kea nire barrutik ateratzea nahi dut. Ezin dut gehiago…

Dutxan sartu naiz momentu batean, baina berehala irten naiz, ur beroa amaitu ez dadin, gero gehiago beharko dudalakoan. Dutxan nagoenean kakagure handia daukat, kaka egiteko egiten dut bultza (badakit erditzeetan honek zer esan nahi duen, baina nirea ez, nirea kakagurea da benetan. Ja ja ja berriz).

Logelara joan naiz. Uzkurdurak ditut etengabe, ze intentsoak diren, ze mingarriak… Lurretik botata nabil batera eta bestera, izarei tira egiten diet, koltxoiari bultza, oihuka egiten dut… oso oso basati nago. 

21:20 dira. Bultzatzen jarraitzen dut eta poltsa apurtzen da. Plazer haundia sentitzen dut poltsa apurtzean.

– Poltsa puskatu da…!!!

Mekonioa dago, mierda. Ni dutxan sartu naiz berriro, eta Lidek Bakartxorekin hitz egin du. Kea sentitzen dudan galdetzen dit, eta ez, ez dut sentitzen, ez da mugitzen… Baina dutxan nagoen bitartean lasai nago bere mugimenduak nabaritu gabe. Animalitasunetik atera naiz tarte batez. Mekonioan pentsatzen dut, ospitalean, etenik gabeko monitorizazioan… “Mierda, ez, ez, ez dut nahi, ez naiz gai izango mugitu gabe erditzeko…” Pentsamendu horiek datozkit burura, baina etorri bezala joaten dira. Lasai jarraitzen dut. Ez dut uste Kea ospitalean jaioko denik.

21:40 dira, logelan gaude berriro, min haundia daukat, ez dut Kea sentitzen, agobiatzen hasten naiz… Ez da mekonio gehiago atera, odola bakarrik, baina b-e-ss-t-e  u-z-k-urrr-du-r-a  bbbb-a-t. Oso nekatuta nago.

Bakartxok deitzen digu berriro. Berehala etorriko dira.

Lidek pelotan jartzeko proposatzen dit, eta hortxe jarrri naiz, salan, belauniko, besoak pelotan. Erosoago nago horrela. Kea jaio arte ez naiz pelota horretatik mugituko.

22:10ean iritsi dira Bakartxo eta Sofia. Nigatik izango balitz, ez lirateke etxean egongo; ez nion Lideri atea irekitzera joaten utzi nahi. Eskerrak etorri diren.

Goxo goxo sartzen dira, Kea ondo dagoela ziurtatzen dute. Ufff. Eskerrak. Ze lasaitasun ematen didan horrek.

Burua pixka bat ikusten omen da. Argazki bat ateratzen dute nik ikusteko “hori bakarrik?!”, gehiago ikusiko zela pentsatzen nuen.  Uzkurdura gehiago ta gehiago datoz. Denak segidan. Bakartxok masajeak ematen dizkit. Uzkurdura batean kaka pixka bat atera zait. Eta jarraian eztabaidatzen hasi gara, Lide eta Bakartxok ezetz esaten dutelako, eta ni ziur nago baietz, kaka egin dudala eta jaso ere jaso dudala gainera.

Bultzatzen jarraitzen dut. Poliki ari dela iruditzen zait, sekulako mina egiten dit, pisu haundia sentitzen dut, deseroso nago, mina egiten dit.

Clara ere iritsi da, eta Liderekin batera nire parean jarri da. Denek esaten didate oso ondo ari naizela. Poliki poliki ari dela ateratzen, ondo ari garela… Oso ondo egiten didate haien animoek, baina kexatzen jarraitzen dut oihuka “Mina iteit! Mina iteit! Mina iteit!!”. “Deseroso nao!”. “Aaaaai…”  Pentsatzen dut ez naizela inoiz berriro erdituko. Hau behin bakarrik.

Barre pixka bat ere egin dugu tarteka, uzkurduren artean. Asko ari naiz bultzatzen, uzkurduren artean ere bultzatzen jarraitzen dut, ateratzea nahi dut. Bakartxok tarte horietan deskantsatzeko esaten dit, arnasa hartzeko. Ez diot kasurik egiten Keak ere oxigenatu behar duela esaten didan arte.

Ez dakit zehazki zenbat tardatzen duen Kearen buruak ateratzen, baina niri orduak iruditzen zaizkit. Momentu batean apur bat atera eta jarraian apur bat sartzen du burua, behin eta berriro. Desesperatzen naiz… “Barruaka iteit! Barruaka iteit!!!”. Pentsatzen dut ez dela inoiz aterako. 

Baina bai, xuabe-xuabe, azkenean burua atera du. 

Ze emozio, zirrara, poz. Nik ez dut ikusten, baina den dena sentitzen dut. Lide bidali dut ikustera, eta Clarak mugitzeko amagoa egin bezela indarrez heldu dut besotik. “Lasai, ni zurekin geldituko naiz, ez noa inora” Hurrengo uzkurdura heldu arte denbora gehiago pasatu dela iruditzen zait, orduan bai, deskantsatu dut. Lasaitasuna eman dit burua jada kanpoan izateak.

Kea mugitzen ari dela sentitzen dut, eta berehala iritsi da hurrengoa, gogor bultzatu dut, eta gorputza atera da. 

“Kea!! Keaaa!” 

Kea jaio da. 23:10ean jaio da.

Lehenengoz ikusi dudan momentua kamera geldoan bizi dut. Lurrean ikusi dut, bere negarra entzun dut, nire umea da, bustita dago, asko maite dut… Besotan hartu eta arpegira begiratu diot… Ezin dut sinestu. ”Ai ama.. ai amaa!! Kea! Aiii! Kea..! Zu zinan…” Lide nire ondoan dago, eta Kea erakusten diot, aurkezten ariko banintz bezala…

Sofan etzan naiz, Kea nire gainean. Lide ondoan. Poz pozik nago. Titia bilatzen du, baina ez du ondo eusten. Momentu horretan ez dit inporta. Liluratuta nago, goxo, pozik. Kea daukat gainean. Zilbor-hestea mozten dut eta Kea negarrez hasten da, berriro. Munduko negarrik politena iruditzen zait.

00:00ak aldera Clarak karena solte dagoela esaten dit, bultzada txiki batekin atera da. Ez nuen espero, baina hunkitu egin naiz. Oso ederra iruditzen zait. Ikusten eta ikutzen dugu… Frigorifikoan gordeko dugula erabakitzen dut, zer egin erabakiko dugula aurrerago, ez naiz botatzeko gai (azkenean astebete pasako du frigorifikoan, botatzea erabakitzen dugun arte).

Giro eder ederra dago etxean. Oxitozina airean. Erditze intentsoa izan da. Oso intentsoa. Eta oso basatia. Gogorra momentu batzuetan eta aldi berean ederra. Goxotasuna, zaintza eta umorea.  Horrela behar zuen.

Ze ederra izan den bide hau zuekin batera egitea, ze ondo zaindu gaituzuen haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan.