Burua “erditze munduan” sentitzen dudan arren, zure arrebaren erditzean ez bezala, osopresente sentitzen ari naiz, lasaitasun ikaragarria sentitzen dut uzkurduren intentsitateahortxe dagoen arren

Urteko lehenengo eguna da, 2025 urtekoa izatea erabaki duzu. Jai egun eguzkitsu hau
aprobetxatu dugu. Goizeko giroan egon gera, familia batekin bazkaldu, bestearekin
arratsalde pasa eta paseo bat eman dugu.
“Zergatik ez goaz etxera eta deskantsatzen duzu?” esan dit aitatxok. Baina nik, iluntzean,
egun luzea eta gero, ibiltzeko beharra sentitzen dut, erditzera, fisikoki indartsu iritsi nahi dut
eta gainera, azken momentua arte, zu nere aldakan ahalik eta hoberen kokatzen lagundu
nahi zaitut.
Etxera iritsi eta gaueko errutinan murgildu gera aita eta biok. Egun osoan zehar kontrakzio
txikiak sentitu ditudan arren, arreta gehiegirik ez diet jarri. Erditzeko presarik ez daukat.
Gorputzak, bere aldaketa eta seinaleekin, zu kanpoan izateko gutxi falta dela jakinarazten
dit, baina aldi berean, badakit zu izango zarela momentua aukeratuko duena. Halaxe
adierazi dizut, baita zu ikusteko irrikitan banago/bagaude ere, asko disfrutatzen ari naizela
zu nere barnean sentitzearen azken txanpa hau.
Gaua aurrera doa, zure arreba lo dago, aitatxo lo, hurrengo goizean lana baitu, eta nere,
hobeto esanda, gure gaueko lasaitasun momentutxoa iritsi da.
Gaueko hamaikak dira, kakao bero batekin sofan telebista ikustera lasai-lasai eseri naiz.
Baina gaurkoan, kontrakzio dexente ditudala ohartu naiz… “Maitia, prest bazaude, aurrera.
Badakizu ni prest nagoela, ekipo egiteko prest” esan dizut. Kontrakzioak kontatzen hasi
naiz. Mingarriak ez diren arren, ongi sentitzen ditut eta txoro-txoro… 5 minuturo izaten ari
ditut!!
Duela egun batzuk “simulakro” bat egin zenuen, kontrakzio erregularrekin hasi nintzelako
oraingoan bezala, baino egun hartan, 10 minuturo ziren. Azkenean, prozesua gelditu zen.
Horregatik, gaurkoan Magaleko neskak abisatu aurretik gehiago itxoin nahi izan dut.
Gauerdia da dagoeneko, gaurkoan martxa hartuz doala dirudi. Logelara sartu naiz eta
aitatxori Bakartxo abisatuko dudala esan diot. Hurrengo egunean lana duenez, badaezpada
lo pixkatxo bat gehiago egiten saiatuko dela esan dit.
Bakartxori deitu diot, lasai nagoen arren, ze segurtasuna ematen didan berekin hitz egiteak!!
Beste pixkatxo bat itxoingo dugula adostu dugu, horrela prozesuak ze martxa hartzen duen
ikusteko. Aitatxi eta amatxi abisatu ditut ere, zure arreba esnatuko balitz eta etxean geratuko
nahiko balu, beraiek izango direlako zure arrebaz arduratuko direnak.
Kontrakzioek ez dute erritmorik galdu eta gainera nabarmenagoak izaten hasi dira.
“Bihotza, ulertu dut, bazatoz, elkarrekin ekipo egingo dugu, aitatxorekin batera, berak ere
lagunduko gaitu” motibazioz beterik esan dizut. Horrela, telebista itzali dut, dilatazio eta
erditzeko prestatutako musika jarri, olio esentzialak jarri, esterilla eta pilota atera ditut,
momentua iritsi da eta giro goxoa sortzearen garrantzia zein den ongi ezagutzen dut.
Ordu batak iritsi dira eta kontrakzioak nabarmenagoak izaten ari dira, 4-5 minuturo.
Horregatik, Bakartxori mezua bidali diot. Nahi izanez gero, badatorrela esan dit, eta egia
esan seguroago sentituko nintzateke hemen egongo balitz.
Aitatxo nerekin dago, dagoeneko lanera deitu du erditzea erritmoa hartzen ari dela
abisatzeko, eta horregatik goizean lanera ezingo duela joan esan die.
Salan nago ni, musika, olio esentzialak, argi goxoa, luzaketa batzuk egiten eta kontrakzioak
pilateseko pilota handian nagoela pasatzen ditut. Aita sukaldea txukuntzera joan da.
Bakoitza gure modura prestatzen ari gera biziko dugun esperientzia honetarako.
Goizeko ordu bat t’erdiak dira eta Bakartxo etxera iritsi da. Ze sentsazio polita transmititu
didana bere etorrera goxoak!!
Salara joan gera eta zeozer hitz egin dugu. Momentuz, uzkurdurak etortzean, isildu egiten
naiz, sentitzen ditut eta poliki-poliki badoaz. Gero, Bakartxok infusioa eskaini eta prestatuko
didala esan dit. Zure arrebak lo jarraitzen duenez, momentuz Aitatxi eta amatxi ez deitzea
erabaki dugu.
Bakartxok salan utzi gaitu aita eta biok. Kontrakzioak gero eta handiagoak dira eta ni,
uzkurdura bakoitzean, nere barnearekin geroz eta konektatuago nago.
Uzkurdurak datozen aldiro, postura desberdinak probatzen ditut, pilateseko pilotan,
kuadrupedian, zutik, errebozoa, aitarengatik “zintzilik”, aitak nere tripa eusten… Goizegi da
pistina muntatzeko, baina nik ez dakit momentu honetan ze postura hartu kontrakzioak
ahalik eta modu erosoenean bizitzeko.
Ordu bi t’erdiak dira eta Maria iritsi da, baina oraingoan, Bakartxorekin ez bezala,
kontrakzioen intentsitateak ez didate gehiegi hitz egiten uzten.
Sofan jarri naiz eta aitak, orduan gogorarazi dit beharbada dutxan sartzea lagungarri izan
zitekeela. Esan eta egin. Dutxan sartu naiz, baina nere gorputzak zutik ez den beste postura
bat eskatzen dit.
Baineran belaunikatu naiz ur beroarekin gorputza goxatzen jarraitzen dudan bitartean. Aitak,
hori ikustean, bainuontziko tapoia jarri du. Poliki-poliki urez betetzen ari da bainuontzia, eta
ni gorputzak eskatzen didan posturaren bila jarraitzen dut. Azkenean, buruz gora etzanda
jarri naiz. Badirudi aurkitu dudala gorputzak eskatzen didana.
Horrela uzkurdurak eramangarriagoak direla dirudi. “Oihu” edo barnetik datozen soinuak
egiten ditut uzkurdura bakoitzean, “como es arriba, es abajo” etortzen zaidalako burura eta
muskulaturaren tentsioa gutxitu nahian nabil. Tripa ukitzen dut uneoro, azken momentuak
dira horrela pasako ditugunak pottoko, eta aldi berean, hementxe naukazula transmititu nahi
dizut.
Burua “erditze munduan” sentitzen dudan arren, zure arrebaren erditzean ez bezala, oso
presente sentitzen ari naiz, lasaitasun ikaragarria sentitzen dut uzkurduren intentsitatea
hortxe dagoen arren. Konfiantza osoa daukat zugan, konfiantza osoa daukat nere
gorputzean, konfiantza osoa daukat Bakartxo eta Mariarengan eta guzti horrek indar
ikaragarria ematen dit.
Bakartxok igerilekua salan muntatzen hasiko direla esan dit. Aitatxok laguntzen ari die.
Joan-etorriak egiten ditu, komunetik salara, salatik komunera. Bitarte horretan, ni ez naiz
inoiz bakarrik egon, aita, Maria edo Bakartxo hor ditut, eskua emateko prest, bainuontzia ur
beroz betetzen, baita infusioa zein ura ematen ere.
Kontrakzioak aurrera doaz, postura pixkat aldatzen saiatu naiz, eta sentsazio berri bat
bizitzen ari naizela ohartu naiz. Egoeraz nekatzen eta nazkatzen ari naizela konturatu naiz,
“benga Amaia zure txikitxoa ezagutzeko gutxi gelditzen da, zure erditzea bizitzen ari zera”
esaten diot nere buruari. Maria ondoan daukat eta horrela jakinarazi egin diot: Maria, uste
dut “ momento de transición-ean” nagoela, nazkatuta nago, bukatzeko gogoz”. Marien hitz
goxoek indarra eman didate.
Hortik gutxira sentsazio berri bat sentitu dut, bultzatzeko gogoa sumatu dut. Ez dut ondo
identifikatzen zer den bultzatu nahi dudana, pixa? haurra? Mariari esan diot eta nere
gorputzaren seinaleak jarraitzeko esan dit.
Bakartxo etorri da, igerilekua muntatzen dabiltza baina erditzearen erritmoa ikusita,
betetzeko denborarik emango ez duela esan dit.
Bainuontzian gelditzeko erabakia hartu dut uzkurdurak eramangarriak egiten zaizkidala
kontutan hartuz. Argitxo goxo bat jarri du Bakartxok.
Kontrakzioekin bultzatzen hasi naiz, jada “oihuak” beste entonazio bat dutela konturatu naiz.
Pottoko, horrek esan nahi du laster nere besoetan egongo zarela! Gorputzak eskatzen didan
moduan bultzatzen dut. Aitatxori eskua estu-estu ematen diot, bultzatzeko indarra eginez.
Halako batean… “plas” poltsa hautsi da, sentitu eta ikusi dut. Aitatxo ondoan daukat, ez du
detailerik galdu nahi, badakit urduri dagoela, aurrera eta atzera ibili baita pasillotik baina aldi
berean egoerarekin seguru sentitzen dut, duela hilabete batzuk zu etxean jaiotzeko zituen
beldur horien presentziarik ez dago, eta horrek, berak ez dakien arren, energiaz betetzen
nau ni. Hasieran esan dizut aitatxorekin ere ekipo egingo genuela.
Bakartxok, orain sentsazioak indartsuagoak izan daitezkeela esan dit, eta bai halaxe da.
Orain bai ongi dakit zer eta nola bultzatu behar dudan. Segituan zure burutxoa nere barnetik
nabaritzen hasi naiz. Ez dakizu “erditze” hitzak nolako zentzua hartzen ari den, hori baita
sentitzen ari naizena. Koxisean presio handia eta puskatuko balitz bezala sentitzen dut eta
Bakartxori esan diot. Zure arrebaren erditzean berdina sentitu nuen arren, lasaitasun handia
eman dit sentsazio hori normala dela entzuteak.
Erditzearekin oso konektatuta nagoen arren, oso presente sentitzen naiz ere bai. Badakit
hartu dudan postura ez dela erditzeko “errexena”, horrela jakinarazi diot Bakartxori, eta
berak, nere gorputzak eskatu didanari jarraitzen ari naizela gogorarazi dit.
Bultzada gutxitan, zure burua geroz eta gehiago sentitzen dut, baita “erdituko” naizenaren
presio hori ere bai. “Aro de fuego sentitzen ari naiz ezta?” galdetu diot Bakartxori. Zure
burutxoa hortxe dagoela esan dit, “arnastu ezazu presio hori” izan dira bere hitzak eta
arnasketa aldatu dut, goxo-goxo egin behar dut orain, burutxoa ateratzear baitago.
Konturatzen naiz nola aitatxok eskua ematen didan bitartean begira eta begira dagoela,
hortxe zaudela esan dit berak ere bai. Goizeko 3h40ak inguru dira, bultza egin dut eta zure
burua nola ateratzen den nabaritu dut, ez dakizu sentitzen ari nintzen presioa sentitu eta
gero ze plazer sentsazioa izan den zure burutxoa atera duzunean! Gainera, zure burutxoa
eta belarritxo bat ikusi ditut, indartsu sentitzen naiz, hementxe zaude!!
Bultzatzen jarraitu dut eta aitatxoren eskua askatu dut, gorputz erdia uretan duzu dagoeneko
eta nik, besapetik eutsi zaitut. Ene!! Azalaren beste aldeko lehen kontaktu hori, bihotzeko
txoko goxo batean gordeko dudan momentua izango da.
Poliki-poliki ateratzen zoaz, hankatxoak oraindik barruan dituzu, “bultzatu pixkat eta
ateratzen lagunduko diozu” esan dit Bakartxok.
Eta nere bular aldera eramaten zaitudan bitartean…”Listo pottoko, hemen zaude, hemen
zaude!!” Emozioz gainezka esan dizut, “begira maitea, aitatxo hementxe dago”. Aita
zoriontsu dugu ondoan.
Zu nerekin zaudela, denbora bat pasa dugu bainuontzi barruan, lasai-lasai nago, badakit
erditzea oraindik ez dela bukatu. Babesa, maitasuna eta elikagai izan den zure plazenta
erditu behar dut.
Mariak uzkurdurak berriro hasten direnean abisatzeko esan dit. Eta momentua iritsi denean
horrela egin dut. Bultzatzeko eskatu dit, oraingoan, ez dut lehengo presioa sentitzen.
Uretatik atera eta ohean goxo etzan gera. Uzkurdura bakoitzarekin bultza egiten dut. Maria
ohean eserita dagoela, zilbor hestea nola eutsi behar dudan erakutsi dit, eta nola poliki-poliki
plazenta ateratzen lagundu behar dudan baita ere.
Ateratzear dagoela Mariak balde bat jarri du. Eta hortxe atera da! Orain bai! Nere erditzea,
zure jaiotza bukatu da! Guztiz guria izan da, Maria eta Bakartxoren begirada hortxe izan
dugu uneoro, beraien esperientziak eta ezagutzak gu babestu gaituzten bitartean, gu
mimatuz, baina zu eta ni izan gera dena “bakarrik” egin duguna, nere gorputzak eta zuk
planteatzen zenuten erritmora, eskatzen zenutenari jarraituz. Plazentaren erditzea barne!!.
Ze harrigarria den emakumearen gorputza!! Ze indartsu eta ongi sentitzen naizen!!
Ohean jarraitzen dugu, poliki-poliki bularra hartu duzu, Bakartxo eta Mariarekin plazentaren
oroigarria egin dugun bitartean. Denbora luze pasa eta gero, aitatxok 40astez lotu gaituen
zilbor hestea moztu du, ongi etorri Ganix!!
Goxo hitz egiten egon gera eta dena lasai eta ondo zegoela ziurtatu eta gero, Bakartxo eta
Maria joan egin dira.
Zure arrebak lo jarraitzen du, ez da esnatu ere egin. Esnatzen denean ezagutuko duzue
elkar. Azkenean, erditzearen erritmoa dela eta, Amatxi eta Aitatxi deitzeko beharrik ez dugu
izan.
Hala ere, zu jaio bezain laster aitatxok abisatu die, emozio eta ziur urduritasunarengatik ere
bai, esnatuak zeuden eta.
Goizeko 6h00ak dira, aitatxo lo egitera joan da. Ni aldiz, badakit lorik ez dudala egingo, zuri
begira nago, egoera disfrutatzen ari naiz. Erditze azkarra, lasaia, sentitua, intentsoa eta
basatia gure istorioaren parte da dagoeneko.