“Bapatean poltsa hautsi da, alua irekitzen tope, olatuak bata bestearen atzetik… indar basati batek lurrera botarazten nau, lau hankatan jarri naiz, olatu erraldoiak hasi dira… Aupa Lur!! Aupa ni!!”

Igandea urtarrilak 12; kalera atera gara paseotxo bat ematera eta bapatean sekulako mina sentitu dut pelbian ( bidea egiten hasi zara?). Handik gutxira berriro mina, puntzada bat bezala sentitzen dut… Ez, hauek ez dira uzkurdurak. Baina zer da? Aurreko bi haurdunaldietan ez dut hau sentitu… Alaznei eta gero Magaleko emaginei deitu diet eta Lur enkajatzen ariko dela esan didate. Lasaitasuna. Arratsaldean mendi buelta egin dugu, eguraldi zoragarria dago eta bikain sentitzen naiz!!

Astelehena urtarrilak 13; 37. astetik daramat pelbi-twista egiten baina gaurtik aurrera orduro egiten dut ea animatzen hasten zaren. Hori eta eskailerak igo eta jeitsi, igeriketa, mendi bueltak… Ez dut berriro bizi nahi eragindako beste erditze bat!!

Asteartea urtarrilak 14; 40. astean sartu naiz. Lur eta ni lasai gaude.

Ostirala urtarrilak 17; ginekologoaren konsultara goaz eta dena ondo doa, Lurren bihotz taupadak normalak dira, urtarrilak 21ean, asteartea, monitoreetara joateko txanda hartzeko esan dit eta egun hortan bertan baloratuko dutela haurdunaldiari bukaera eman (egun horretan 41. astean sartuko nintzateke) edo ez. Ufffff… urduri atera naiz. Etxera joan eta Ikerrekin hitz egin dut baina ez naiz lasaitu, iraganeko mamuak etorri dira arrapaladan… ez dut ospitalean erditu nahi!! Iker eta biok hilabeteak daramatzagu Lurren ongi-etorria gure etxean izan dadin prestatzen. Oso presente ditut Amets eta Eguzkiren erditzeak, batez ere Eguzkirena (gogorra izan zen bai erditzea baita erditze-ostea ere). Lehen aldiz haurdun geratu baino lehen, barru-barrutik sentitzen nuen etxean erditzeko nahia eta horrela izatea ahalegindu nintzen; Ametsekin asko, Eguzkirekin gutxiago ( beldurrak gailendu ninduen garai hartan) eta Lurrekin azkenean lortu dut. Erabakitzeko aske sentitzen naiz, seguru, indartsu, nire buruarengan konfiantza osoa dut eta Iker nirekin bat dator.

Larunbata urtarrilak 18; atzoko urduritasunari gaur tristura gehitu zaio. Bajoiakin nago, etengabe negarrez, blokeatuta… ez dut asteartea iristea nahi, ez dut ospitalera bueltatu nahi… Magaleko emaginei mezu bat idatzi diet, Josunek berehala deitu dit. Luze hitz egin dugu eta bere hitzek asko lasaitu naute. Eguerdian erabaki bat hartu dut, asteartean ez naiz monitoreetara joango. Zelako pisua kendu dudan gainetik!! Arratsaldean, haurrak amona eta aitonarekin utzi eta mendi buelta egin dugu Iker eta biok. Berriro eguraldiak lagundu digu, ze ongi sentitzen naizen!!

Astelehena urtarrilak 20; pozik jeiki naiz, oso ondo gaude Lur eta biok. Josunekin hitz egin dut, azken egun hauek gustoko ditudan gauzak egiteko aprobetxatu ditzadan; ibilaldiak, barre egiteko momentuak, argazkiak… Nire buruari argazkiak atera dizkiot, tripa ederra dut!! Haurdunaldi honetan inoiz baino ederragoa ikusten naiz. Arratsaldean, gustoko musika jarri eta Lurrekin mendira noa, aldapan gora eta aldapan behera…

Asteartea urtarrilak 21; gaueko 21:00ak inguru uzkurdura bat nabaritu dut… ez dut ezer esan, agian aurreko egunetan bezala pasa ahal dira. Handik ordu laurdenera gutxi gora behera beste bat… nire senak dio Lurrek kanpora irteteko bidea hasi duela… Iker afaria prestatzen ari da, sentitzen dudana esatea erabaki dut. Afaldu dugu, ni olatutxoekin batera… Haurrekin ohera sartu gara ipuinen munduan murgiltzeko. Lokartu dira eta ni etxeko eskaileretera noa. Igo eta jeitsi, nire gorputzak nahikoa dela esan didan arte, nekatu naiz eta lo egiten saiatuko naiz. Goizaldeko 4:30etan jeikitzeko gogoa dut, nik bakarrik egon nahi dut. Earki gosaldu dut. Lurrekin lasai hitz egin nahi dut; “maitia ze gogoa dudan zu besoetan hartzeko, zure azala sentitzeko, burua usaintzeko, bularra eskaintzeko,begietara begiratzeko, zu ezagutzeko!! Baina hau dena pasa aurretik bide bat egin behar dugu. Prest nago, lagunduko dizut, zurekin egongo naiz momenturo. Talde bikaina egiten dugu!! Elkarrekin bidai ederra egingo dugu”.
Sukaldeko leihoa ireki dut, kaleko haizea behar dut, olatuak gero eta intentsitate handiagoa hartzen doaz. 6:00ak aldera Alaznei mezu bat bidali diot nola nagoen kontatuz, distantzian bada ere gertu sentitzeak laguntzen dit, Alazneren hitzak laister etorri dira “dena ondo dago”.

7:00ak inguru Iker jeiki da; “Lur badator!!”. Begiratu gara eta gure begiradan indarra eta emozioa nabaritu ditut. Haurrak jeiki, gosaldu eta ikastolarako prestatu ditu Ikerrek ni olatuekin batera dantzan nagoen bitartean. Bizitzak momentu eder eta zoriontsuak badauzka hau izan zen horietako bat; nire txikitxoak ikastolara joan aurretik nirekin batera pelbi-twista egiten jarri dira eta txikiena ni bezala uluka hasi da. Nire familiaz maiteminduta nago!!! ( OXITOZINA!!!!)

Iker bueltatu da eta ni jada erditze-planetan nago. Iker dabil Alazne, Josune eta Clararekin kontaktuan ni nola nagoen informatzen.

12:00ak aldera Clara eta Josune iritsi dira, gure kabitxora sartu direnean negarrez hasi naiz, emozioak eztanda egin du… Orain bai, Lur etxean jaioko da. Prest gaude, gogotsu, ilusioz beterik, kontziente, indarrarekin!! Besarkada goxo bana eman diet eta lasai arnasa hartu dut. Tripatxoa ukitu didate Lur nola dagoen ikusteko, pixka bat falta zaio erabat enkajatzeko. Bihotz taupadak oso ondo doaz, ez dago sufrimenduaren arrastorik. Ariketa batzuk egin ditut Lurri laguntzeko eta segituan olatuen intentsitatea asko igo da eta erritmoa bizitu da. Alua irekitzen ari zaidala primeran sentitzen dut eta sentsazio honek pozez betetzen nau… zu ikusteko gutxi falta da. Zure aitatxoren beso artean dantzan jarraitzen dut, bat egin dugu inoiz ez bezala. Berarekin bakarrik nagoela dirudi, biok zuri laguntzen, hirurak bat eginda…
Bapatean poltsa hautsi da, alua irekitzen tope, olatuak bata bestearen atzetik… indar basati batek lurrera botarazten nau, lau hankatan jarri naiz, olatu erraldoiak hasi dira… Aupa Lur!! Aupa ni!! Egongelako sofari eutsi diot, belauniko nago, Iker nire ondoan dago hitz goxoak esaten, hitz indartsuak, maitasunez betetako hitzak… MAITE DUT INFINITO!! (OXITOZINA!!!!) Bapatean erre sentsazio izugarria dut alualdean, bultzatzeko gogoa, badator burua!! Ostrasss erditik hautsiko naiz!! Barru-barrutik ateratzen zait garraxia, Amets eta Eguzkiren erditzeetan egin ezin izan nuena, momentu haietan ez nintzelako nire erditzeen jabe izan.

Mikrosegundu batean ezin dudala pentsatu dut baina segituan arrazoiari sekulako ostikoa eman eta nire senarekin konektatu dut berriro bete-betean. Aske sentitu naiz eta bultza egin dut; “gelditu! ez bultza gehiago!” entzun dut eta arnasa hartzen dudan bitartean sentitu dut zure burua ateratzen… ondorengo olatuarekin batera bultza egin dut berriro eta zure gorputza nola atera den sentitu dut!!

Aaaaaaaaaaaaa!!!!! ZORIONA!!!!! Clara zu noiz irtengo zain zegoen eta hanka artetik hartu zaitut nik… Ederra zara bihotza!!!! Beroa zaude, bustita, usai gozo berezia duzu… Lasai jaio zara, nire gainean jarri zaitut, ze gustora zauden nire bularraldean, hain ondo zaude segituan aurkitu duzula titia eta edaten hasi zara. Une hori benetan magikoa da… Zure aitatxo nire ondoan dago ni bezain liluratuta, hunkituta, maiteminduta!! (OXITOZINA!!!!) Ze zoriontsu nagoen adierazteko hitzik ez dago.

Ongi-etorri LUR gure tribura, zu falta zinen gure familia borobiltzeko. Maite zaitugu kuttuna!!!

Eskerrik asko MAGALEKO taldeari hain goxo hartzeagatik. Maria, aurretik ez ginen ezagutzen baina lehenengo momentutik gertukoa sentitu zintugun, gure historioa entzun eta goxotasunez hartu zenigun.
Ohiane, gure etxera sartu bezain pronto sentitu genuen zure samurtasuna. Zure etorrerak gure nahiak eta ilusioak egia bihurtzeko ze gutxi falta zen jabetzen lagundu zigun.

Josune eta Clara, nire bihotzean eramango zaituztet betirako. Josune ez dut sekula ahaztuko eman zenidan lehen besarkada hura, hainbeste behar nuena. Gure etxera heldu zinetenean ametsak egi bihurtu ziren. Eskertu nahi dizuet zuen sentiberatasuna eta zuhurtasuna erditzen nengoen bitartean, Ikerrekin bakarrik nengoela sentitu nuen denbora luzean. Lur jaio ondoren emandako zaintzak, edoskitzearen inguruan emandako gomendioak… Gaur egun ere hitz goxoak dituzue guretzako…

Eskerrik asko EMEKI. Alazne, gure ITSASARGIA izan zara. Beti gure ondoan egon zarela sentitu dugu, beti laguntzeko prest. Nire gorputza ezagutzen lagundu didazu. Lurrek egin behar zuen bidea zein zen erakutsi eta nola lagundu ahal genion biziarazi zenigun. Bikote bakoitzaren egoera ulertzeko gaitasuna duzu eta samurtasunez hartzen gaituzu, zure kuttunak sentitzen gara guztiok. Nire kuttuna izango zara beti.

Joana, zurekin egindako bidean nire senarekin berriro konektatzea lortu nuen eta honekin batera nire buruarekiko maitasuna. Horrek egin ninduen aske. Horri esker, etxean erditzeko bidea hasi nuen, beldurrik gabe eta benetan nahi nuenaz kontziente. Nire erditzearen jabe izan nahi nuen eta Lur bere jaiotzaren jabe izatea. Lortu dut.

Anne, eskerrik asko zure gomendioengatik eta egiten duzun lanarengatik.

EMEKI eta MAGALE, emakumeongatik eta familiengatik egiten duzuen lan guztia eskertu nahi dizuet bihotz-bihotzez. Jarrai dezazuela urte askoan lanean, mundu honen ongizatea eta gure etorkizuna errespetuzkoa izan dadin.

Lur, Eguzki, Amets, Iker eta Haizea.

Leave A Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude