Lizar
Goizeko 6ak aldera kontrakzioak erregularragoak bilakatu ziren. 3 minuturo bat. Bikoteak Magalekoekin hitz egin ondoren, gure etxerako bidea hartu zuten.
8ak aldera iritsi ziren. Momentu horretan, eguna argitzen joan zen eta kontrakzioak pixka bat moteldu ziren. Deskantsatzea gomendatu zidaten baina ezin lasai egon. Zutik nengoen ondoen rebozoa zintzilika nuela atearen kontra. Mina, mina eta mina pubis gainean labankada baten moduan, zast. Ezin erlaxatu kontrakzio tartetan ezin postura hartu. Lizar ez zegoela ondo kokatua ematen zuen, hortaz, bere bidea errazteko denetarik probatu genuen, spinning babies, dutxa, asimetriak, walchers, terapia neurala… Bainera ere probatu nuen baina bertan ere ezinegona. Ondoen (zerbait esateagatik) dutxan nengoen 4 hankatan. Etsita nengoen sufritzen, agian, ospitalerako bidea izango da onena, pentsatu nuen.
Eguerdi aldera, taktoa proposatu zidaten, eta nik baiezkoa, 8-9 cm, poltsa tentsio baten, oso itxura ona, animo! Baineran sartu nintzen berriro eta plof bat nabaritu nuen hankartetik, likido gardena. Umearen taupadak ondo. Ezin batean jarraitzen nuen. Trantsizioa oso luze joan zen.
Halako batean, arratsaldean, bultzatzen hasi nintzen, minak ez zidan ordea postura hartzen uzten, labankadak pubisean, bortitzegia zen mina. Behatzak baginan sartu eta burutxoa.
Bukatzea nahi nuen, horretarako, bultzatu beharra neukan gogor, indar guztiak agortuta nituen arren. Kabaret postura proposatu zidaten. Ordubetez apnean bultzatu ondoren, 20tan lau hanketan jarri eta poliki-poliki atera zen burutxoa nire eskuekin laztanduz.
Ezin sinistu Lizar gainean nuela. Segituan eskalatzen hasi eta titian nuen.
Ondoren, nere bizitzako gaurik magikoena bizi izan nuen, umea gainean, etxean eta bikotea ondoan, denak biluzik odol artean. Ze basati ze eder!
Eskerrik asko Magale! Gure osasun sistema osatzeagatik, borobiltzeagatik. Zuek gabe famili asko herren geratuko ginateke.
Eskerrik asko Intza, Bakartxo eta Maria! Nire iparrorratza izan zineten, nire alaba mundura era goxoenean ekartzen lagundu zenidaten. Zoragarrik zeate!
Eskerrik asko ospitaleko langileei ere! Konfiantza osoa nuen traslado bat izatekotan esku onenetan egongo nintzela.
Eta azkenik, eskerrik asko Magaleko familiei, zuen etxeko ateak hain eskuzabal irekitzeagatik eta hainbeste irakasteagatik, plazer hutsa izan da!