«Haurdunaldia esperientzia hunkigarria izan zen, berezia, energiaz betea eta boteretsu sentitu nintzen. Bizitza markatuko zidan bide garrantzitsu honetan nire prozesuen jabe izan nahi nuela argi eduki nuen.»

Nikoleren erditzea.

Kostata baina heldu zaigu gure esperientzia konpartitzeko unea. Ez naiz barruan daukadana idatziz ateratzeko ohitura daukan horietakoa, baina bikotearen laguntzaz bizi izandakoa ahalik eta ondoen deskribatzen saiatuko naiz. Nire erditzea lagun eta senitartekoei kontatu diedan bakoitzean disfrutatu eta berriro unkitu naiz. Gure alabaren erditzea etxean izatearen erabakia landua,  kontzientea eta niretzako egokiena izan da, baina horretarako bide luzea egin dugu. Beste emakumeen erditzeen testigantzak irakurtzeak izugarri lagundu gintuela kontuan izanda, gure esperientzia ezagunekin baino ez konpartitzea berekoia litzake. 
 
Haurdunaldia bakarra da, baina haurdunaldi batek beste bat baldintzatu dezake, lehengo erditzeek hurrengoak baldintzatzen dituzten moduan. Nire haurdunaldiaz izugarri disfrutatu dudala egia bada ere, prozesua aurreko esperientzia gogor batek markatu zuen. Bigarrenez haurdun geratu baino hilabete batzuk lehenago espero genuen umea galdu genuen. Isilpeko dolu horrek haurdunaldiaren hasiera markatu zuen. Galera hauek azalarazi behar ditugula sentitzen dut, ezkutuko dolu honi isiltasuna eta sostengu falta gehitzen zaizkio, oso gogorra da. Gizarteak laster tabu horrekin apurtzea espero dut, horrela, dolua gogorra izateari utziko ez badio ere mina arinduko du.
 
Haurdunaldia esperientzia hunkigarria izan zen, berezia, energiaz betea eta boteretsu sentitu nintzen. Bizitza markatuko zidan bide garrantzitsu honetan nire prozesuen jabe izan nahi nuela argi eduki nuen. Horretarako informazioa behar nuen eta haurdunaldi, erditze, edoskitze zein amatasunari buruzko liburuak irensten hasi nintzen. Amatasunak nigan sortzen zituen kontraesanei argia eman nien irakurketekin. Haurdun egonda gizartea bere sakoneraino matxista dela konfirmatu nuen, sistema ez dago gure alde, amen alde are gutxiago. Patriarkatuak amatasuna etxeratzen du, pribatuan ematen dira zaintzak, ezkutatzen gaitu. Ni ez nintzen patriarkatuak saldutako ama bihozbera eta sakrifikatuarekin identifikatzen. Inposatutako amatasun perfektuaren irudiarekin eta prozesuan emakumeok sufritzen ditugun biolentzien aurka egiteko desobeditzea zen bidea. Ukatua daukagun gure gorputzen gaineko erabakitzeko eskubidea lortzeko non, noiz, nola eta batez ere, norekin erdituko nuen libreki aukeratzea zen gakoa. Azken finean etxean erditzeko autua politikoa izan zen. 
 
Haurdunaldiaren testean markatxo lotsati bat agertu zitzaigun egun berean, Magale Etxekoek Bilbon hitzaldi bat emango zutela irakurri nuen. Ezin nuen emaginak aurrez aurre ezagutzeko aukera hori pasatzen utzi eta hara joan ginen Esteban eta biok. Centro Mayan goxotasunez betetako Mariaren hitzak entzun ostean argi ikusi nuen. Gertukoen babesa beharko nuenez, hauei erditzeen inguruko oinarrizko liburuak pasatzea besterik ez nuen izan bideari elkarrekin ekiteko. Oso babestua sentitzen nintzen, bikotea, gurasoak eta Magaleko emaginak, ekipo perfektua!
 
Haurdunaldia aurrera egin ahala ahalduntzen joan nintzen. Nire gorputzaren mugak ezagutzen nihoan heinean, nire buruaren erabateko kontrola nuela sentitzen nuen eta nigan nuen konfiantzak horrek, erditzearen bide onean eragin zuzena izan zuela ziur nago. Burujabetasun horren baitan haurdunaldiaren bidea egiten joan ginen, Magalekoekin bisita geneukan bakoitzean indarberrituz.
 
Mariak aholkatu bezala, Nikoleren burua pelbisean murgiltzea erraztuko zuen kirola eginez, aldapak igotzen, 37. astera heldu nintzen. Erditzea etxean artatzeko epea hasia zen jada eta horrekin batera, gure txikitxoa gurera ekartzeko presak hasi ziren. Egunez egun disfrutatzen nuen, baina askotan zaila zen Nikole gure artean izateko inpazientzia ezkutatzea. 
 
37. asteko muga pasa eta lau egunetara, goizeko ordu txikitan esnatu nintzen tripan sekulako prezioa sentitzen nuela. Hauek ahal dira uzkurdura famatuak? Badator??? Ezin nuen sinetsi, ez al zen goizegi? Arnasestuka nintzela Esteban esnatu zen. Ni momentua iristeko irrikitan nintzela zekienez, ustezko uzkurdura horien atzean nire ama izateko gogoa baino ez zegoela pentsatu zuen berak, eta berehala lokartu zen. Ordu betez tripetako sentsazio berri hori sentitu nuen, baina bat-batean uzkurdurak desagertu ziren, gorputza prestatzen zebilen, baina oraindik ez zen momentua.
 
Aste bete beranduagoko gau batean, goizeko hiruretan tripetako sentsazio berdinak harrapatu ninduen. Uzkurdurak aurrekoan baino suabeagoak ziren, baina ez ziren ordu betean pasa, olatuen artean eman nuen gaua eguzkia atera zen arte. Eguna argitzean uzkurdurek bere horretan jarraitzen zuten, baina ez nituenez aurreko astean bezain indartsu sentitzen, erditzea heldu aurretik egunen bat falta zela pentsatzen nuen. Magaleko neskak abisatu ostean, noizbehinka arnasa sakon hartzeko beharrak etenda, goiza normaltasunez pasa nuen etxeko gauzak egiten. Esteban Michelle Odenten gomendioari jarraiki, hondartzara paseatzera joateko konbentzitu ninduen. Hondarra zapaldu bezain pronto uzkurdurak areagotzen joan ziren, orduantxe konturatu ginen egun horretan bertan Nikole ezagutuko genuela. Lasaitasun osoz ordu betez are sikutik ibiltzen egon ginen, uzkurdurak tarteka. Hauek gero eta intentsuagoak ziren eta etxera bueltatzeko unea iritzi zela erabaki genuenerako uzkurdurek erabat geldiarazten ninduten, nekez igo nituen etxeko azken eskaloiak bikotearen animo eta besarkada artean.
 
Etxera iristean, hortik ordu gutxitara nire alabaren aita izango zena, bazkaria prestatzen hasi zen bere nerbioak ezkutatzen saiatuz. Bitartean komunera joan nintzen eta hankartean odol nahiko nuela ikustean, gorriz bustitako paperari argazki bat egin eta emaginei bidali nien. Orduan bai aitortu behar dut zertxobait urduritu nintzela, baina berehala Mariak deitu gintuen etxerantz zetorrela esanez. Maria itxaroten genuen bitartean, nire burua zeozer jatera behartu nuen, gero eta jasangaitzagoak ziren uzkurdurei aurre egiteko indarra beharko nuen eta.
 
Maria arratsaldeko hirurak aldera heldu zenean ohearen kontra nengoen zutunik ahoarekin zaratak eginez mina arindu nahian. Lehengo begirada bat bota zidan dena behar bezala zihoala konfirmatzeko, eta hitzekin berak bakarrik transmititzeko gai den lasaitasunez, gauzak uste baino arinago zihoazela esan zidan. Bakartxo ere bidean zela esan zigun Mariak, baina ez zuen ematen momentua gurekin bizi ahalko zuenik. Azkenean Bakartxo heldu zen, ni dagoeneko nire munduan murgilduta nengoen eta begiradak elkar gurutzatu  genituenerako etxean denbora nahiko omen zeraman.
 
Lau hanketan jarri nintzen Estebanek giltzurrunetan zapi bat igurtziz masajeak ematen zizkidan bitartean. Denboraren nozioa galdua nuen aspaldi, baina postura horretan pare bat ordu eman nituela esango nuke, piszinan sartzeko erabakia hartu nuen arte. Piszina Nire muturren aurrean puztu eta egongela erdian bete zuten arren, ez nuen hauteman ere egin, Bakartxok barruan sartu ote nahi nuen galdetu zidan arte. Uretan sartzean uzkurduren mina arindu zen, baina erditzea moteldu egin zela sentitu nuen. Erditzeko momentu gogorrena izan zen, etsipenak harrapatu ninduen. Bultza eta bultza nenbilen baina gauza pitin bat ere aurrera egiten ez zuela ematen zuen. Banekien Magalekoek normalean ez dutela taktorik egiten baina etsipenak jota, Bakartxori bat egitea eskatu nion, Nikole mundu berria ezagutzeko denbora gutxi falta zela entzun behar nuen eta. Ez zen hala izan, oraindik oso dilatatua ez nengoela eta poltsa hautsi barik zegoela esan zidan. Egoera ikusita bi emaginek beheko tabernara kafetxo bat hartzera joango zirela adostu genuen, nire buruaren txipa aldatu eta aurrera egin nezan. Bakarrik geratu ginen orduan, arratsaldeko seiak inguru izango zirenean. 
 
Dutxara sartu nintzen. Mariak iragarri bezala, eurak alde egin bezain pronto, dutxan bost minutu neramanean poltsa hautsi nuen. Aurrera pauso itzela zen hura, baina danetarik pasatzen zitzaidan burutik txorrota azpian nengoela, ez ziren ideia baikorrak. Ordu betez bertan mantendu nintzen, uzkurdurak sentitzen nituen bakoitzean gorputzak makurtu eta bultzatzea eskatzen zidala. 
 
Dutxatik atera eta hasierako postura berreskuratu nuen. Nik lau hankatan bultzaka, bikotea belauniko zazpia nire gerrian kontra igurtzen, hasierako elkarlanari jarraipena eman genion. Maria eta Bakartxo beste behin, euren presentzia inhibitzeko gaitasun hori probestuz, gure artean zirela ohartu nintzen Mariak bederatzi hilabete itxaroten neraman berria eman zidanean, Nikoleren hilea ikusten zen!
 
Aurreko etsipen tartea guztiz gaindituta, uzkurdura mingarriekin disfrutatzen hasi nintzen. Tarte batez gogor bultza egiten egon ostean, Bakartxok kokoriko jartzea proposatu zidan. Esteban nire atzean eseri zen baloi puzgarrian, nire bizkarra bere gorputzaren kontra jar nezan. Uzkurduren olatua zetorren bakoitzean makurtu eta nire indar guztiekin beheraka bultzatzen nuen Estebanen besoek sendotasunez eusten ninduten bitartean. Nire hankartean jarri zuten ispiluan Nikoleren burua atera nahian ikustea hunkigarria zen. Uzkurduren maiztasunak behera egin zuen, zeozerk momentua luzatu eta gozatzeko aukera eman nahi izango balida bezala. Uzkurduren artean zutitu egiten nintzen oxitozinaz bustita apenas minik sentitu barik. Ipurdia zorurantz hurbiltzen nuen bultzaka horrenbestetan irakurri nuen su sentsazio hori heldu zen arte. Azkenengoz zutitu nintzen txikitxoaren buruaren erdia agerian geratu zenean. Uzkurdura bat baino ez zela falta zirudien, baina Nikolek ez zuen azken bultzada horri itxaron eta makurtu aurretik burua guztiz atera zuen. Estebanek besoak luzatu zituen Nikole eusteko asmoz eta Mariaren laguntzaz kordoia bere gorputzetik askatuz, bion artean heldu genuen jaioberria. Bularraren kontra jarri, sofan eseri eta maiteminduta Nikoleri ongi etorririk goxoena eman genion.