Uhara
Lehenengo haurdunaldian pasa zitzaidan etxean erditzearen ideia burutik. Magalek Hondarribian hitzaldia eman zuen ia bederatzi hilabeteko nengoela eta joateko tentatuta egon nintzen baina… Hobe ez, ziur bestela etxean erditzeko gogoekin geratuko naizela eta erditzea zer den jakin gabe, hobe lehen esperientzia ospitalean, pentsatu nuen.
Oraingo honetan argi nuen. Aurreko erditzea, ospitalean, oso ondo joan zen baina etxeko goxotasunean, Magalekoen esku onetan, ospitaleko Covid neurriak saihestuta, erditzeko gogo handia nuen. Eta hala esan nion bikoteari, eta noski, berak hasieratik babestu ninduen.
Online hitzaldian ezagutu genituen Bakartxo eta Maria. Magalerekin harremanetan jarri ginen eta pixkanaka talde guztia ezagutzen joan ginen. Erditze aurreko prestakuntza egin genuen Mariarekin, 39 aste betetzen nituen egunean.
Aurreko haurdunaldian, 41+2 nengoela Hamilton maniobra eskatu nuen. Indukziorako hitzordua handik bi egunera genuen eta ez nuen nire erditzea horrela hasterik nahi, lehen kontrakzioak etxeko goxotasunean eman nahi nituen eta hura zen nire azken baliabidea. Funtzionatu zuen eta 14 ordu eman genituen etxean goxo ospitalera joan aurretik.
Oraingoan ere iritsi gara 40. astera eta aurreko esperientzian oinarrituta, oraindik ez zaitugu espero, Uhara. Zalantzak ditut ea nire gorputza martxan jartzeko gai izango ote den Hamiltonik gabe. Baina azken egunak disfrutatzen saiatzen ari gara, eguraldi ederra dago eta menditik paseoak ematen ditugu goizero, zuretzako sortutako playlista bidelagun dugula.
Itsasoak bultzatu zaitu, zaramatza, zurekin noa itsututa.
40+3 eta sorpresaz harrapatu nau lehen kontrakzioak. Hau poza! Martxan gaude! Oraingoz olatuak txikiak dira, eta oso noizbehinka datoz, gauean gehiago.
40+4. Gau guztian zehar olatuak joan etorrian ibili dira, 15 minuturo. Egunez, ordea, barealdia dator. Eta arratsean berriro hasi dira etortzen, orain bai nahiko segidan. Neskak, orain bai ematen du Uhara badatorrela. Intzak deitu digu, hoberena gaur semeak aiton-amonen etxean lo egitea izango da. Aprobetxatu orain ondo zaudetela despeditzeko, Uharari ongi etorria egiteko.
Hau pena. Pozik geratu omen da aiton-amonekin baina ni triste nago. Faltan botatzen zaitut. Eta olatuak berriro eten dira… Gaueko 3:30ak arte. Berriro 15 minuturo.
40+5, 6:30ak. «Egun on neskak, duela hiru ordu kontrakzioekin nago baina oraindik 15 minuturo. Pentsatzen dut oraindik lo egongo zaretela, beraz, lasai ibili.»
09:00ak. Badator Maria. Zer moduz nagoen galdetzen dit. Nik hiru gau lo gutxi eginda eman ditudala, eta nekatuta nagoela baina era berean, gogotsu. Epiduralarekin fantaseatu dudala, ez minagatik, baizik eta lo egiteko, esan diot, txantxetan-edo. Jan zerbait eta joan zaitezte paseotxo bat ematera, gomendatu digu. Tripak nahasita ditut eta udare erdia jan dut. Paseoan zehar olatuak indarra hartuz joan dira. Etxera iristean hasi da festa. Dutxan sartuta nago eta olatuak indartsu datoz. Negarrez ari naiz, ez dakit zergatik. Uste dut zu ezagutzeko gogo handiz nagoela, Uhara, edo minaren beldurrez, edo ez dakit.
13:00 da baina nik ya ez dakit, denboraren nozioa galdu dut. Laura ere iritsi da. Mina handia da. Agian, Uhara, burua pixka bat okertuta duzu, Spinning babies ariketekin saiatuko gara zu ondo kokatzen. Rebozoak lasaitu egiten nau, oso nekatuta nago, lokartu egiten naiz kontrakzio artean. «Deskantsatu pixkat, datil batzuk jan eta edan kanela infusio bat, indarrak hartu behar dituzu», gomendatu didazue.
Ohean etzanda, kontrakzioak jasanezinak egiten zaizkit. Dutxara noa berriro. Ezin dut gehiago, oso nekatuta nago. «Ospitalera joan nahi dut eta epidurala jarri, deskantsatu nahi dut», esan dizuet. Orain ez nabil txantxetan.
15:30ak dira baina nik ez dakit. Laurak takto bat egiteko baimena eskatu dit, ospitalera joan aurretik zein puntutan nagoen ikusteko. «Estás de 8cm y el cuello super blandito, es que a nada que empujes vas a llegar a completa.» Animatu egiten naute, ez da hainbeste falta.
Badator enbata. Hirugarren pertsonan bizitzen dut hemendik aurrerakoa. Burua joan egin zait eta gorputzak agintzen du.
16:30ak eta bultzatzen ari omen naiz, baina ez naiz konturatzen. Arnasak ulu bihurtzen hasi dira, ondoren orro. Botaka egiten dut kontrakzio bakoitzaren ondoren eta okada batekin, zerbait ateratzen nabaritu dut, 17:15 dira eta poltsa ateratzen hasi da. Hau poza! Gutxi falta da!
18:50. Puntu berean nago, poltsa zati bat kanpoan, besterik ez. «Zenbat falta da?! Benetan, ezin dut gehiago. Ospitalean lagunduko didate ateratzen?!» Seguraski bentosa batekin erraz aterako zarela esaten didazue. Etxean ere ziur aterako zarela baina ezin didazue esan bi minutu edo hiru ordu falta diren.
19:00ak eta kontrakzio gogor batekin alua erretzen sumatu dut. «El aro de fuego!! Noto el aro de fuego!!» Hemen zaude, Uhara, orain benetan! Poltsa barruan ateratzen ari zara. Kokoriko nago, bikoteak besapeetatik eusten nau eta zure burua ikusten dugu poltsa barruan. Biratzen hasi zara, alde batera, gero bestera eta hurrengo bultzadarekin kanpoan zaude, baina oraindik barruan bezalaxe, likido amniotikoan flotatzen. Eta ukalondoarekin hautsi duzu poltsa.
19:04. «Kaixo Uhara, kaixo laztana.»
Mila esker Magaleko ekipo guztiari, baina bereziki Laura eta Mariari. Zuen goxotasunagatik, esperientzia hau gurekin batera bizitzeagatik, beti izango duzue lekutxo bat gurean ♥