Kanela zaporedun erditzea
OTSAILAK 27, haurdunaldiko 40+2 egunean.
Landa eremuko herri txiki batean bizi gara, etxe atarian elurra ari du, mara mara. Errepidea zuri zuri dago, manta goxoa bota dute bere gainean. Postalerako irudi polita; baina nire burua lanean: “Eta Xuak martxan jartzea erabakiko balu? Eta emaginek ezin badute iritsi? Eta konplikatzen bada? Ai ene, Xua maitia, zuk nahi duzunean etorri, baina jakin dezazun, kanpoan hotz dago, elurra ari du.”
Barne sentsazio batek Xuari itxaroteko esan dio, elurra ari duela, hotzegi dagoela munduratzeko. Baina beste batek lehenbailen jaiotzea nahi du. Amets haurdunaldiko 38.astean jaio zen, erditze azkarra izan zen hura, ederra. Berak etxean jaio nahi zuen, etxean modu basatian bultza zidan kanporantz; baina Jexux eta biok ez geunden prest, eta ospitalera joan ginen. Iritsi eta segidan jaio zen. ‘”Pasa ditugu 37.astea, 38garrena, 39garrena eta 40garrena. Lasai egon nahi dut, baina luze egiten ari zait. Behin etxean erditzeko hautua eginda, ez dut ospitalera joan nahi erditzea induzitzera, beldurra diot indukzioari. Ametsek berak martxan jarri zuen erditzean gorputza ireki zitzaidan, baina ez dakit zer gertatuko litzatekeen kanpo estimuloen ondoren.”
Mamu horiek guztiak atzean ditudala egin dut Bearekin terapia kontsulta, online.
MARTXOAK 1, haurdunaldiko 40+4 egunean.
Aralarko Malloetako gailurrek estalki zuria dute oraindik, baina atariko elurra urtu da, errepidea garbi. Eguzkia lotsati, baina hasi da berotzen. Ametsi eskolara joateko autobusera lagundu diot. Etxera itzuli eta sua pizten hasi naiz, baina “ai! Zer da hau!” Kontrakzio bat sentitu dut, lehen olatutxoa. 15 minutura beste bat, eta beste bat, eta beste bat. Olatuak badatoz, eta badoaz. Atseginak dira, goxo hartu ditut. “Badirudi Xua hasi dela martxan. Ai ama! Ze poza, ze urduritasuna, ze… dena batera.”
Bakartxori deitu diot. Amablaiko saiora ez naizela joango esan diot. “Etxean egon nahi dut. Azalaren bestaldetik Xuak esan nahi didana entzun nahi dut.” Eta Xuak atseden hartzea erabaki du. Orduak aurrera, olatuak atzera. Arratsalderako jaitsi da erritmoa, ez dut kontrakziorik sentitzen. “Pozik nago hala ere. Badakit, ziur nago. Xua, lanean ari zara; eta gu prest gaude nahi duzunean elkar ezagutzeko.”
MARTXOAK 2, haurdunaldiko 40+5 egunean.
Ginekologoarekin hitzordua dugu Donostian. Haurdunaldiko azken asteetan Xuaren tamainarekin gora-beherak izan ditugu osasun sistema publikoko ginekologoarekin eta bigarren iritzi bat jakin nahi dugu. “Ea kezkaren korapiloa askatzen laguntzen digun.” Gustora atera gara kontsultatik. Xua ederki dagoela esan digu, tamaina eta kokapen egokian. Argirako bidea egiteko prest.
Behin Donostiara etorrita, Jexuxek eta biok elkarrekin bazkaldu dugu, lasai eta goxo, biok bakarrik aspaldiko partez.
MARTXOAK 3, haurdunaldiko 40+6 eguna hasi aurretik, gauez.
Gauero bezala, goizaldeko ordubatak aldera esnatu naiz, pixagurea dut. Ohean geratu nahi dut baina presioa handiegia da. Altxatzea erabaki dut. Ohetik jaikitzean zerbait mugitu da nere barnean, ‘klak’ bat sentitu dut. Komunera joan naiz, pixa egin eta ohera itzuli naiz. Sabelazpian sentitzen nuen presioa ez da joan pixa eginda ere. Ohean eseri naiz. Eta olatua etorri da.
– Jexux, kontrakzio bat sentitu dudala uste dut.
– Ados, ea nola doan. Bitartean saiatu atseden hartzen.
Nik ezin dut atseden hartu. Olatuak datoz, bata bestearen atzetik. Ez dira bezperan sentitutakoak bezain goxoak, intentsoagoak dira, indartsuagoak. Ohe gainean jarri naiz, ertzari helduta kokoriko.
– Jexux, hau martxan hasi da.
– Ongi bazaude, etxea berotzen hasiko naiz. Beheko sua piztuko dut eta toailak berotzen jarriko ditut berogailuetan.
– Bai.
Amets ondoko logelan dago. “Lo oraindik, eskerrak.”
Arnasak, barruranzko ahotsak eta gorputzaren mugimenduak laguntzen didate kontrakzioen mina eramaten.
Ordubata t’erdiak dira. Beroa sentitu dut hankartean. Jexux joan-etorrian dabil beheko sua eta gu zaintzen:
– Jexux, urak!
– Lasai, garbiak dira.
– Abisatu neskei.
“Hau oso azkar doa!” Kontrakzio eta kontrakzio artean ez daukat atseden hartzeko tarterik. Ze intentsitatea! 1, 2, 3, 4, 5, 6… olatua neurtzen ahalegindu naiz eta 30 arte kontatu dut. Erditzeko kontrakzioak dira, ez daukat zalantzarik. “Aupa Xua, indartsu zatoz!”
“Amets lo dago oraindik, eskerrak.”
Ordubiak laurden gutxi.
– Abisatu diezu neskei?
– Idatzi diet baina ez dute erantzun. Mugikorreko mezuak erakusteko eskatu diot Jexuxi.
– Ez dute mezua irakurri. Deitu.
Jexuxek Josuneri deitu dio. Badatoz.
Jexuxek Oskarri deitu dio, bere anaiari. Berak lagunduko digu Ametsen zaintzan. Badator.
Ordubiak bost gutxi.
Zerbait aldatu da. Orain arteko arnasak, barruranzko ahotsak eta gorputzaren mugimenduak ez didate laguntzen. Lau oinetan. Bai, lau oinetan bai. “Ai ama, ai ama, ai ama… mina, mina, mina. Ai amaaaaaa” garrasi egin dut erraietatik eta kaka atera zait ipurditik.
– Amaaaaaaa! Amets esnatu da.
Jexux joan da berarengana:
– Xua eta amatxo martxan hasi dira, Amets. Nahi duzu ikusi?
– Bai.
“Ezin dut gehiago”. Nere baitan nago, eta aldi berean inon ez. Suzko indar bat dut aluan, lehertuko nauen sua. Erdibituko nauen sua. Eta erdibitu nau.
Ordubiak.
Xuak kanpoan du burua.
Amets negarrez, bere logelara erretiratu da. “Amatxok otsoa dirudi.” Jexux Xua eta biokin geratu da.
– Eneritz, lasai. Xuak burua kanpoan dauka. Itxaron. Itxaron hurrengo kontrakzioari. Ez bultza.
“Bua, burua kanpoan!?!” Arnasa hartu dut.
Hurrengo olatutxoarekin atera da gorputz irristakorra. Jexuxek hartu du eta ohe gainean utzi dit, bular azpian. “Ongi etorri Xua, ongi etorri maitia.”
Jexux Ametsengana joan da.
– Amets, Xua jaio da. Ikusi nahi duzu?
– Bai.
Laurok gaude. Elkarrekin. Gure etxean. Ohean etzan naiz, Xua nere gainean. Hotza dut. Hankak dardarka. Jexux eta Ametsek toaila beroak ekartzen dizkigute goxo egoteko.“Ze ongi egin dugun, Xua.” Ezin dut sinetsi gertatu dena.
Oskar iritsi da. “Osaba, begira ze esku txikiak dituen Xuak!”.
“Gabon, familia”. Poliki, lasai sartu da Bakartxo gure logelan. Goxo besarkatu gaitu. “Zorionak, familia”. Josune ere gurekin dago. Beste besarkada bero bat.
Hiru t’erdiak.
Xua titian dago. Berriz hasi dira kontrakzioak. Josuneren laguntzarekin jaio da karena.
Bost t’erdiak.
Behar genituen zaintza lanak eginda badoaz Josune eta Bakartxo. Kanela infusioa utzi didate oheko mahaitxoan, bizitza osorako goxoki. Oskar eta Amets beheko sua zaintzen ari dira. Jexux eta biok, Xuari begira, ohean. Ederra izan da, basatia. Ezin dut bizitza berri bat munduratzeko modu hoberik amestu.
Josune, Bakartxo, Maria, Clara, Laura eta Bea, hankapuntetan eta esku finekin lagundu gaituzue. Bizitza osorako geratu zarete gure bihotzetan, etxean utzi zenuten kanela usaina bezala.