«Puntu hontara iritsita ez dakigu zenbat iraundu dezakeen erditzea… Nahi baduzu Terapia neurala eskeintzen dizut.»

Maiatzak 4, osteguna.

Astebeteko atzerapenarekin, 41. astea bihar, niretzat ostegun lasai bat, ez zaitut gaur espero, amama etorri da Bizkaiatik, atzo etorri eta bihar badoa, azken bisitatxoa egitera dator, ni zaintzera (…)

Etxera heldu orduko, aitatxo gure zain zegoen afari goxo goxoa prestatuta eta mahaia prest terrazan, eguraldi goxoaz profitatzeko. Afari andaluza egingo genuela esaten zuen… Buruan ditut berak prestatutako zainzuriak. Eguna nola izan den kontatu diogu amama eta biok, pijama jantzi eta afaltzen jarri gara terrazan, goxo, eguraldia disfrutatzen. Halako batean izkurdura moduko bat nabaritu dut, pixkat intentsua, retortijoi modukoa baina giltzurrunetan. Amama eta aitatxori esan diet, lasai gaude aitatxo eta biok batez ere. Jarraitu dugu afariaz goxatzen, baina ratutxura berriro ere ziztada hori… bigarren aldian aitatxo urduritzen hasi da (kriston gogoak ditugu zu ikusteko), baina momentuz oso eramangarria da dena, dantza bat… edo… itsasoaren olatuak bezalakoak… badatoz… apurtu eta badoaz…

Lau edo bost aldiz euki ditut holakoak, eta azkenerako amamak denborak hartuak zituen, zehatz mehatz 7 minuturo. Martxan jarri zara, seme!!

Zelako poztasuna batetik, ezjakintasuna bestetik eta batez ere zelako gogoak zu ikusteko, zu usaintzeko eta besoetan eukitzeko.

Izeko Monika deitu genuen, bera izan baitzen nire doula magikoa, nik bera egotea nahi nuen, berarengan nuen konfiantza eta nire parte emozionala gehien ezagutzen duen pertsona delako, niretzat izeko Monika ahizpa bat baino askoz gehiago da, konfidente, kide, lagun, lurra hartzea eragiten didana… horregatik gurekin egotea behar nuen, horrelako momentu berezian, erditik erdituko nintzen eta zuri bizia emango nizun…

Izeko heldu zen, pixkat egoera ikusi zuen, ni oraindik gustura ari nintzen, olatuak ziren kontrakzioak gustura eramaten, etortzen zirenean arnasa hartu eta intentsitatea jasatzeko gai nintzen. Erdi jolas bat bezala hartu nuen hasieran, aitatxok prestatu zuen telak probatzen aritu nintzen, pilates pelota (hor eseri eta egia esan gustura hartzen nituen kontrakzioak bertan). Masajito batzuk egin zizkidaten bizkarrean… bueno, berandu zen eta nekatuta geunden, ohera joatea erabaki genuen, begiak ixtea ongi egingo zigulakoan 3roi, naiz eta kontrakzioak gero eta lehenago etortzen ziren, sarriago. ILARGIA oso betea zegoen, ez guztiz, guztiz 5ean izango zelako, baina bere magiaren magalean lokartu ginen.

Hala ere, kapaza izan nintzen lo egiteko, kontrakzioen artean baina gai izan nintzen, ordu batzuk izan ziren, goizeko 7ak aldera kontrakzioak nahiko potenteak ziren eta hor bai Monika bai aitatxo lanean jartzen hasi ziren, emaginak deitu ziguten ea nola zijoan erditzea, ni ongi nengoela esan nien, baina zalantzak nituen hain goiz etorri behar ziren edo ez, beldurra neukan goizegi etortzearaztea… eta halako batean kontrakzioa etorri, entzun zuten ateratzen nuen zarata eta erabaki zuten etxera etortzea.

Etorri bitartean, kontrakzioak joan eta etortzen ziren, baina jada intentsitatea oso handia zen, 3 minutuz behin etortzen ziren eta minutu bat irauten zuten. Indartsu nengoen, itsaropentsu, pozik, irrikitan zu ikusteko, gure begiradak lehen aldiz gurutzatzeko. Neskak agertu ziren, beti bezala hain goxo hain atsegin, Maria eta Bakartxo, gure bizitzako sorgintxoak. Laister hasi ziren kontrakzioetan laguntzen. Goizeko 9ak izango ziren eta martxa jada oso intentsua zen, hor nengoen olatuaren krestan, jeisteko biderik topatu gabe. Nire min guztia giltzurrunetan izaten zen, kakagurea neukala uste nuen, baina komunean jarri eta ez zen ezerrez ateratzen. Horrela erditze osoa eman nuen. Giltzurrunak eztanda egingo zutela sentitzen nuen, baina aurrean ezer ez, min guztia bizkarran neukan, uzkian.

Orduak joan eta etorri eta berdintsu geunden. Intentsitatea limitean eta mina uzkian. Urarekin probatuko genuen. Dutxan sartu nintzen pilates pilotarekin batera eta aitatxorekin, pilates pelotari besarkatuta eta aitatxok txorrota giltzurrunetan jartzen. Zertxobait baretzen ninduen mina, baina… zertxobait, gainera indarrik gabe sentitzen hasi nintzen. Ordubete egongo ginen dutxan aitatxo eta hirurok.

Dutxatik atera eta… berdintxu geunden. Aurrera egiten ez zuenaren sentimendua neukan. Emaginei ere horrelako sentimentua somatu nien, aurpegietan edo ez dakit nola, berez, niri animatu baino ez zidaten egiten.

Ohera joan ginen, ohean gustura nengoen indarrik gabe nengoelako, eta segundu batzuetan bazen ere guztiz botatzen nintzen koltxoian. Denbora batera neskek proposatu zidaten postura batzuk egitea kontrakzioak etortzean, ea horrela buelta edo mugimenduren bat egiten zenuen eta erditzea aurretzen zen. Baietz esan nien. Erditzearen oso momentu gogorra bezala oroitzen dut, posturak berez ez ziren erosoak baina okerrena ez zen hori, okerrena kontrakzioa etortzean mina jasanezina bilakatzen zen. Horrela ibili ginen gora eta behera baina berriro ere ez genuela aldaketa askorik lortzen ematen zuen, dena antzeko jarraitzen zuen, intentsitatea, mina eta jada nekea bereganatu ninduen.

Berriro ere dutxara sartzeko eskatu nuen, aitatxorekin sartu nintzen berriro, oraingoan pixkat gutxiago egongo ginen baina baita ere ordu betearen bueltan… dutxatik atera eta izeko Monikaren besoetan bota egiten nintzen, aitatxoenetan, Bakartxo, Maria… mina, kaka gurea… baina aurrerapenik ez.

Momentu kritiko batera heldu ginen. Erditzeak ez zuen aurrera egiten. Neskekin hitz egin eta gero etxean jarraitzea erabaki nuen. Bakartxok takto bate gin zidan eta arrazoia geneukan. Ez nengoen dilataturik eta lepoa ezabatu gabe zegoen. 16 ordu baino gehiago kontrakzio intentsuekin eta oraindik horrela. Pixkat etzitu nintzen. Momentu horretan pentsatu nuen: Zenbat gehiago aguantatzeko gai naiz? oso nekatuta nengoen, hanketan mina neukan, lehertzear nituen.

Etxean jarraitu nahi nuen. Ez nekien zenbat gehiago, baina bai gehiago nahi nuela. Bakartxo nigana zuzendu zen eta esan zidan: Puntu hontara iritsita ez dakigu zenbat iraundu dezakeen erditzea, baina esango genuke hurrengo 3 orduetan ez dela izango. Nahi baduzu Terapia neurala eskeintzen dizut, ez dauka inongo ebidentzia zientifikorik.

Baietz esan nion, momentu horretan edozertara heltzen nintzen etxean geratzeko. Bakartxo Donostira joan behar zen terapia neuralaren gauzatxuak hartzera eta bitartean gu etxean erditzetarako bañera jarri genuen. Bertan sartu nintzen eta egia esan pixkat lasaiago eramaten nituen kontrakzioak, mina berdina zen arren, urak lasaitzen ninduen. Ez dakit zenbat denbora emango nuen hor azpaldiko partez denboraren pertzepzioa guztiz galduta neukan. Holako batean Bakartxo itzuli zen bere orratzekin, terapia neuralari ekiteko. Tentsio puntuak bilatuko zituela esan zidan, orbainak non nituen eta hor sartzen zuen orratza. Mingarri bezala gogoratzen dut, baina horren ostean zerbait aldatu zen nire gorputzean, sorginkeria badirudi ere, nire gorputza askoz ere eramangarrigo eramaten zituen kontrakzioak.

Denbora batera gonbidatu ninduten pistinatik irtetzera, gustura nengoen, baina ateratzea zen onena, ohera joan ginen lasaitzen saitu nintzen, baina kontrakzioak oso bortitzak ziren eta oso nekatuta nengoen. Berriro sartu ginen dutxara, aitatxori esan nion hurrengo taktoan dena berdintsu bazegoen agin hospitalera joateko eskatuko nuela.

Dutxatik irten eta taktoa eskatu nuen, denbora juxtua zen, ez ziren 4 orduak pasa, baina nik takto hori behar nuen. Hala ere minutu gutxi falta ziren 4 orduak betetzeko. Lehenengo saikeran mina eman zidan taktoak eta hankakin kendu nion eskua Bakartxori, baina orduantxe bere irribarrea ikusi nuen, Bakartxok eskatu zidan faborez berriro saitzeko, zerbait ikusi zuela baina ez zegoen ziur berriro utzi behar niola. Ez dakit nondik atera nituen indarrak berriro ere aguantatzeko, baina orduan, taktorekin batera… buelta eman zenuen!! Bakartxo eta Mariak irribarrez ikusi nituen, badatorrela esanez, izeko Monikak besarkatu ninduen emozionatuta eta bere esaldia izan zen: Lortuko duzue!

Emozioz bete zen gela… hala ere ni oso nekatuta nengoen eta ez nintzen indarrarekin sentitzen bukatzeko. Momentu hortatik aurrera, dena oso azkar joan zen, kontrakzio bakoitzeko aurrerapen txiki bat ematen zen. Momenturen batean presio handia sentitu nuen hankartean, eta bultzatzeko gogoa. Baina indarrik ez nituen. Neskak ordun animatu ninduten, gutxi falta zela zu ikusteko.

Hiltzen nintzelaren sentzazioa neukan, ez dakit nola azaldu, baina barnetik ateratzen zitzaidan sentimentua zen eta adierazten nuen hitzekin esanez, hiltzen nintzela. Ez zen beldurra ezta mina ere ez, sentimentua zen. Mariak ordun inoiz ahaztuko ez dudan esaldia esan zidan: Hiltzen zara, Nerea berri bat jaiotzen ari delako.

Ze arrazoia zeukan Mariak!!! Hortxe geuden biok, lanean, bizi berri bati ongi etorria emateko.

Kontrakzio fuerte bat, suzko eraztuna aluan… gehiago ez zela dilatatuko uste nuenean… orduan magia bezala boltsa barruan agertu zen zure burutxoa, eta hurrengo kontrakzioan, boltsa apurtu eta zure aurpegi ederra agertu zen.

Beste kontrakzio bat, eta zure gorpu irristakorra eta plazenta (biak batera) atera zineten. AMA!! Zelako momentua!!! Nire besoetan zeunden!! Ezin nuen sinestu!! Ama nintzen!! Inoiz bizi izan dudan gauzarik handiena zen!!

Ambuarekin pixkat lagundu zizuten. Nire bularrean zeunden bitartean. Momentu hori eternoa egin zitzaidan, baina oso segundu gutxi izan ziren. Eta goxo jarri ginen ohean, bularrari heldu zinen instintiboki, eta horrela ratu bat egon ginen, zuri begira txunditurik. Inoiz ikusi dudan aurpegirik ederrena. Oraindik plazentari lotuta zinen, kordoiari bere denbora eman genion eta taupadak ez zituenenan aitatxok moztu zuen. Momentu berezia hau ere.

Orduan bai azkar pasatu zirela orduak, arratsaldeko 19:00etan jaio zinen. Ilargi betea, eskorpion eklipsea… gure sorgintxoa jaio zen!! Gaualdea heldu zen konturatu gabe, emozioz gainezka zurekin besarkatuta zuri begira besterik ez, titia hartzen, amatxuren magalean zoriontsu, lasai.

Hurrengo egunak horrela pasatu genituen ere bai, familian, goxo.

Eta gaur, konturatzerako urte bete egiten du momentu magiko hortatik, magiaz beteriko urtea, bere gora eta behera guztiekin baina zurekin. MAITE ZAITUGU SEME. Mila kilo zorion Jare.