Etxean harrapa gaitzala
Laster ospatuko dugu Adurren 5. urtebetetzea, eta urtero bezala, bizipenak eta oroitzapenak esnatzen zaizkigu fetxa hauetan. Etxean erditzeko erabakia hartzea prozesu bat izan zen. Prozesu horretan jaiotzaren bizipenak bere horretan dituen aldagai asko izan genituen kontuan, hauetako asko berriak ziren guretzat, ezagutza prozesua izan zen hasiera. Bidean desadostasunak eta eztabaidak ere izan ziren gure artean, baina orokorrean, oroitzapen polita gordetzen dut. Begirada zabaldu zitzaigun, ez soilik etxeko erditzeen inguruan: jaiotzea, bizitzea, istripuak, gaixoaldiak, osasuna, heriotza… ez dago bata bestea gabe eta denak daude presente gu denon bizitzetan.
Adurren erditzea luzea, gogorra eta bero handiarekin oroitzen dut. Uztaila erdialdea pasata, 40. astea aspaldi atzean utzita eta tenperatura markak hautsita, bi gaupasen ostean eta 4 orduko egozpen-aldiaren amaieran, jaio zen txikia. Izerditan blai eta ahotsa urratuta, dena emanda. Zoriontsuena ni. Eta zorabiatzen hasi nintzen.
Segituan hartatu ninduten eta egoera egonkortu zen, karena ateratzea falta zen oraindik. Nire txikia besoetan, irribarrea ezin erantzi, atera zen karena, eta zorabiatu nintzen berriz. Behar baino odol gehiago galtzen ari nintzen eta anbulantziari deitu zioten. “Nola bururatzen zaizu?” galdetu zidan anbulantziako langileak ospitaleko bidean gindoazela, ez neukan indarrik hitzekin erantzuteko baina begiradarekin esan nion “ez al duzu ikusten munduko pertsonarik zoriontsuena naizela?”.
Etxeko giro goxo, lasai eta intimoa eraldatu zen ospitalean, beste testuinguru batean ginen orain. Bertan ederki hartatu ninduten ere, beste estilo batekin. Nik gosea eta egarria neukan eta nahiago nuen zerbait jan eta edan, nahiago nuen ni hartatzea eta ez Adur, bertan egoteko arrazoia ni nintzen eta ez bera. Protokoloek eta espektatibek ez zuten bat egiten. Deseroso nengoen, eta nire zorabioen arrazoia segituan argitu bazuten ere (anemia), 9 ordu itxaron nituen behar nuen burdina jasotzeko. Hau ez da kexu bat, bizipenaren deskribapena da. 40 gradutan ginen eta egarri asko neukan, ezin nuen jan ez edan interbentzioren bat egitea behar izango balitz, hala zion protokoloak. Nire kezkak beste batzuk ziren, indar gabe nengoen eta nire kumeak (momentu hartan ugaztun bat nintzen inoiz baino gehiago) titia behar zuen eta titia fundamentuz eman ahal izateko indarra berreskuratu behar nuen. Azkenean patata tortilla bokata eskutatik kendu nion Xabiri eta kantinplora osoa hustu nuen zurrutada batean. Gelakideen telebista piztuta bazegoen ere, nahiko ondo egin nuen lo.
Norberak bere ondorioak ateratzen ditu. Batzuk argi esan zidaten “hainbeste buelta etxeko erditzearekin eta azkenean ospitalean bukatu duzue!” lehiaketa galdu izan bagenu bezala. Nik ez nuen hala bizitu. Pena eman zidan erditze-ostea etxean ez pasa izana, hori zen gehien erakartzen ninduena etxean erditzetik, baina egoera horretan beharrezkoa izan zen medikuen interbentzioa eta halaxe egin genuen. Edo ez. Perspektiba kontua da azken finean. Orain, tarteka pentsatzen dut “karena jan izan banu…” izan ere, erditze osteko odol emariak eteteko eta anemiari aurre egiteko karena jatea da hobekien doana, ugaztun gehienek egiten duten moduan. Baina duela 5 urte nik ez nuen hau erabat sinisten, eta beharbada, karena janda ere ez nintzen nire onera etorriko. Batek daki!
Bizipen hauek ziren bigarren haurdunaldian murgildu gineneko aurrekariak. Hauek eta errutinazko analisi batzuetan estreptokoko positiboa eman izana. Ginekologoak telefonoz eman zidan berria, niretzat sententzia: arrisku ertaineko erditzea kontsideratzen zuten eta beraz, zain barneko antibiotikoarekin egin beharko zen. Lehen, medikura men egitera joaten nintzen, orain berriz, kontsultatzera noa. Duela urte batzuk, halako diagnostiko baten aurrean ez nuke ezer jarriko zalantzan, erabat lagako nuen profesionalen esku egin beharreko guztia. Denborarekin ikasi dut profesionalen artean ere badirela iritzi desberdinak, dena perspektiba kontua dela, eta beraz, aukera asko daudela egoera berari aurre egiteko, osasun kontuetan eta bizitzan oro har.
Etxean ala ospitalean erditu, erabakitze prozesu berri bat zabaldu genuen. Desadostasun eta eztabaidek erpin zorrotzagoak zituzten lehenengo aldian baino. Nik etxean erditu nahi nuen, Xabik ez. “Lasai erditzeko lasai sentituko naizen testuingurua behar dut, nik erdituko dut”. Zilegi da. “Hil egingo zinela uste nuen, ez dut hortik berriro pasa nahi”. Zilegi da ere.
Leizeren erditzea azkarra eta intentsoa gogoratzen dut. Tarte bat egon zen, non uzkurdurak eten egin ziren eta emaginak sukaldera joan ziren kafetxo bat hartzera gu lasai uzteko. “Jo, ohetik jeiki ditut eta denbora galtze bat izan da…” pentsatu nuen nik. Beraiek etengabe helarazten zidaten ezetz, normala zela, askotan gertatzen dela eta pozarren zeudela nirekin momentu berezi honetan egoteagatik. Bihotza pozten dute halakoek…
Rock n rolla hasi zenean gozatu egin nuen, benetan, gozatzeko aukera izan nuen, gogoz nengoen. Aurrekariak zirela eta neurri bereziak hartu zituzten eta egozpen aldia hasi orduko pistinatik atera arazi ninduten. Burua atera zuenean “listo, hau eginda dago!” pentsatu nuen. Eta bultzatzen jarraitu nuen. Hanka aurreratu nuen, eskatu zidaten moduan. Eta indar guztiekin bultzatu nuen. Eta saiatu nintzen bizkarra zutitzen, eskatu bezala. Eta bultzatu nuen. Indar guztia beheruntz bideratzeko ahotsa gorde nuen bultzatzerakoan. Arnasa sakon sakon hartu nuen, eta segitu nuen bultzatzen. Lasai eman nuen baimena emaginak behatzak aluan sartzeko. Bultzatzen jarraitzen nuen bitartean. Baimena eman nuen eskua sartzeko ere, noski. Ez nuen baimena eskatzeko beharra sentitzen, baimena hasieratik eman nien behar zutena egiteko. “Argi dago zerbait ez doala ondo, ez pentsatu, segi”. Xabiren ausentzia sentitu nuen. Hiru emagin zeuden gurekin, babes fisiko eta emozional inkondizionala. Denbora eteten den momentu horietako bat izan zen, non inork ez duen behar baino gehiago hitz egiten, atmosfera arraro batean murgilduta, mugimendu azkarrenak ere motel ikusten direlarik, nire arnasketa sakonak gela osoa hartzen zuen, emaginen arteko begiradak ez nituen ikusten baina sentitzen nituen, nire gorputzean Leizeren gorputza eta gorputzetik kanpo burua.
Atera zen. Instante batetik bestera moteltasunak abiadura eta zaratari eman zion lekukoa. Azkar erantzun beharreko instanteak. Ez dakit nondik atera ziren hainbeste gailu bapatean. Leize lehen aldiz ikusi nuenean lurrean etzanda zegoen, bere azala berde kolorekoa zen eta maskarila bat zeukan jarrita emaginek bihotz-biriketako masajea ematen zioten bitartean. “Eli, deituiozu”. Izoztuta nengoen, ezin nuen erreakzionatu, belarrietan tapoi bat edukiko banu bezala, ur azpian banengo bezala, bertan eta beste nonbaiten, “erreala da, gertatzen ari da”… “Eli, deitu Leizeri”. Ur hotza burutik behera, itzuli nintzen. Deitu nion, eskatu nion itzultzeko bera ere, elkartzeko nirekin… eta etorri zen bere onera. Nire txiki haundia…
Hurrengo minutuak tentsio puntu bat mantendu bazuten ere ederrak izan ziren. “Ondo dago, zoragarri dago, dena primeran dago…” etengabe errepikatzen ziguten, eta hala zen. Leize zoragarri zegoen eta primeran hartu zuen titia lehen une haietan. Xabi ere batu zitzaigun, hotzikara ezin erantzi bazegoen ere. Munduko pertsonarik zoriontsuena nintzen bitartean emaginak sukaldera joan ziren, negar egitera.
Beranduago parrez lehertu ginen bostak, txiki-haundia pisatu eta 4,650kg zituela ikusi genuenean. “Distocia no, distoción!!! Top10 Magale! Jajaja!”.
Hilabete beranduago berriro lehertu ginen parrez bizipena bir-gogoratuz. Etxera etorri ziren gertatutakoa errepasatu eta itxiera emateko, egoera berezietan beharrezkoa ikusten zuten. Ni nahiko lasai sentitu nintzen uneoro, bizipena desberdina izan zen Xabirentzat eta emaginentzat ere. Ez nago ziur nola bizitu zuen Leizek, orain bi urte t’erdi dituela buruhaundietara jolastea eta danborra jotzea da munduan gehien maite duena.
Sinistu dugu leku batzuk beste batzuk baino seguruagoak direla, hobeak direla ere. Badugu pertzeptzioa aditu batzuen hitza beste batzuena baino gehiago balio duela, edo norberaren senak baino gehiago dakitela profesionalek. Utzi dugu besteen esku norberari dagokion ardura, eta espektatibak betetzen ez direnean kexu gara. Uste dut gauza bat ikasi dudala, eta partekatuko dut zurekin: inon ez gaude salbu, herituko gara eta hilko gara berdin berdin. Kontua da nola nahi duzun bizi, zein nahi duzun egotea zure alboan aukeratzeko aukera duzunean, eta ea onartuko duzun bizitzak ekartzen dizuna bizipen bat gehiago bezala, ikasteko aukera bat, loratzeko aukera bat.
Hemendik, nire eskerrik beroenak beste behin Magaleko lan talde osoari, plazer hutsa izan da zuekin batera %1aren parte izatea. Eskerrik asko ere anbulantziako ekipoari eta ospitaleko mediku, erizain eta emaginei. Eta etxean erditzekotan egon garenoi hainbestetan galdetu digutenean “eta zerbait gertatzen bada?” hementxe duzue nire erantzuna “zerbait gertatzen bada, etxean harrapa gaitzala!”.