«Mundu bat deskubritu genuen bertan. Ahalduntzea. Ez-jakintasunen gainetik, prozesua bizitzeko gogoa.»

 

2020ko martxoa, Lizarren erditzea

Lehenengo haurdunaldia. Ilusioa. Gogoa. Ez-jakintasunak asetze aldera Magaleko erditze-aurreko formakuntza taldean eman genuen izena. Mundu bat deskubritu genuen bertan. Ahalduntzea. Ez-jakintasunen gainetik, prozesua bizitzeko gogoa. Etxean erditzeko ilusioa nuen, baina bikoteari beldurra ematen zion. Ospitalean erditzea erabaki genuen.

2020ko martxoaren hasiera. Covid 19a. Pandemia. Denok etxera. Haurdunaldi bukaera… Zenbat beldur, zalantza, mamu… garai zailak denontzat. Beldurra ematen zidan ospitalean erditzeak: musukoak, bikotearekin ezin egoteak, egoera zertan zen ez jakiteak… baina berandu zen etxean erditzeko prozesua hasteko.

Asteazkena, martxoak 25: 40+6. Monitoreak Ospitalean. Etxera itzulitakoan kontrakzioak martxan. Hamiltona? Ezetz eskatu arren, gerora, egin ote zidatenaren zalantza. Hasi da prozesua.

Osteguna, martxoak 26: gau osoa erdi-esna, olatuekin surfean. Ilusioa, gogoa, urduritasuna, ez-jakintasuna… Uzkurduren maiztasuna ikusita, iluntzean ospitalera joatea erabaki dugu. 3 cm, lepoa %80 ezabatua. Ospitaleko logela batean pasa dugu gaua, kontrakzioekin. Intentsoak dira, baina jaitsi egin da maiztasuna.

Ostirala, martxoak 27: Kontrakzioak bai, baina ez hain maiz, eta dilatazioa geldi. Erditze fisiologikoa nahi badugu etxera joateko gomendatu digute 11:00etan. Surfean jarraitu dugu etxean.

Larunbata, martxoak 28: 41+2. Gauerdia pasata berriro Ospitalera. 4 cm, lepoa zentratua eta borratua. Plantara igo gaituzte. Goizeko 6ak aldera, 5 cm. Oraindik goiz izan arren “mugitzeko beranduegi izan baino lehen” erditze-gelara jaisteko esan digute. Amen. Bainera duen erditze-gela eskatu eta hala izan da. Iritsitakoan berriro taktoa. 6 cm. Ni ongi nago, fuerte, gogotsu, sufrimenduaz gozatzen. Baina nekea somatzen dut. Bi gau dagoeneko ia lorik egin gabe.

Bainera bete du emaginak. Oraindik ez dut sartu nahi, baina “bestela ura hoztu egingo dela” eta sartzeko. Amen. Lo geratu gara bikotea eta biok. Emagina etorri da. Taktoa egiteko, baineratik atera eta kamillara. Dilatazioa geldirik. Pisagurerik ez dudanez sonda sartu didate, ea hobeto dilatatzen naizen maskuria hustuta. “Erditze-gela denbora gehiegiz okupatzen ari garela” entzun beharra. Eskatu dut plantara eramateko, baina dagoeneko ezin omen da… Prozesua azkartzeko aukerarik fisiologikoena poltsa puskatzea dela. B aukerarik ez… Ez dut nahi. Txanda aldaketa. Taktoa. Dilatazio gehiagorik ez. Beldurra. Autoritatea. Menpekotasuna. Errepresioa. Sumisioa.

Amen. Poltsa puskatu didate. Zeruan egotetik infernura. Kontrakzioak jasangaitzak dira bat-batean. Oxido nitrosoa eskatu dut. Zorabioa. Epidurala eskatu dut. Efekturik ez. Epidurala berriro. Lo geratu naiz. Dilataziorik ez. Oxitozina sintetikoa… Baina lasai nago. Badakit esku-hartze hauek ez direla “nik ezin izan dudalako”. Badakit ahal dudala, nire gorputza prest dagoela erditzeko. Ahal izan dudan guztia (utzi didaten guztia) egin dudala Lizarren erditzea fisiologikoa izateko. Baina konplikatu egin da egoera. Nire denborak errespetatu balituzte… dilatazioa errazteko postura egokiak bilatzen lagundu izan balidate… bestelakoa litzatekeen egoera? Auskalo. Ahaldundua sentitu naiz eta ez dut nire gain hartu prozesua gaizki joatearen zama. Eskerrak. Formatuta egotearen abantailak.

21:30ak. Azkenean 10 cm. Grafikoak ongi. Nik sukar pixka bat. pHaren froga. Ongi, baina mugan dagoela diote. Zesarea agindu dute. Pandemia garaian sukarra zutenei zuzenean zesarea egiten zietela entzun dut gerora. Egia ote? Grafikoak eta pH-a ongi badaude, zergatik zesarea? Azalpenik ez.

21:58tan atera dute Lizar nire sabeletik, botaka. Eramaten ikusi ditut. “Hilda dago? Hala bada jakin egin nahi dut”. Inork ez dit erantzuten. Dardarka dut gorputz guztia. Lasaigarriak sartu dizkidate. Eternoa ari zait egiten, inork ez dit ezer esaten. Azkenik anestesistak erantzun dit. Neonatosera jaitsi dute Lizar. Ongi dagoela, baina likidoa irentsi duela. Ordu eta erdiz egon naiz kirofanoan. Bertatik atera arte nire bikoteak ez du berririk izan gutaz. Oso gaizki pasa du berak ere. Esnatzeko gelatik plantara, bikotea eta biok, Lizar gabe.

Igandea, martxoak 29: Goizeko 5etan jaitsi da bikotea Lizar ikustera. Inkubadore itxi batean dago, hodiz beteta. Nik 16:00tan ukitu dut lehen aldiz Lizarren azal leuna.

Bakarka sartu behar izan dugu neonatosera ondorengo egunetan. Egun erdia ni, egun erdia bikotea. Gauetan Lizar ospitalean utzita, biok etxera joan beharra. Ordu askotako bakardadea. Sabela erditik irekita. Sakaletxesa hiru orduro…

3. egunera arte ez dut besoetan hartu Lizar. 5. egunean jarri dut lehenengoz bularrean. 8. egunean hiruok etxera. Hilabete pasata erori zaio zilbor-hestearen kondarra.

Haserrea, inpotentzia, bakardadea, injustizia, sistema aldatzeko beharra… Erreklamazioa ospitalean. Erantzuna? Hotza, humanitaterik gabea.

 

2023ko abendua, Harriren erditzea

Etxean erditzea erabaki dut, nik, ni naizelako erdituko dena. Nik sentitu behar dut seguru, aske. Bikotea prozesuan alboan egoteko prest azaldu da. Magalerekin egin dugu aurrera.

Osakidetzako jarraipenetan tamainagatik hiru egun aurreratu didate erditze-data. Haserrea, amorrazioa. Beldurra diot indukzioari. Izan ere, une honetan Osakidetzan ez dute errespetatzen 42. astera arte itxarotea erditzea induzitzeko… eta, gainera, 3 egunez aurreratu didate erditze data… erabaki dut Osakidetzako errebisio gehiagotara ez joatea. Prada doktorearekin egin ditugu beharrezko jarraipenak. Batzuetan sentiarazten digutenaren kontra: haurdun gaude, ez gaude gaixo.

Gozada bat izan da Magaleko neskekin izandako bilera bakoitza. Geroz eta konbentzituago nago hau dela nahi dudana, eta egin egingo dudala.

2023ko abenduaren hasiera: kontrakzioak izaten ditut iluntzetan, baina desagertu egiten dira lo hartutakoan. Ez dut oroitzen Lizarren erditzean hau sentitu izana. Badakit prozesua hasi dela. Gogotsu nago, baina aldi berean beldurtu egiten nau Ospitalera joan beharrak.

2023ko abenduaren 15a: arratsalde-partean kontrakzioekin hasi naiz. Intentsoagoak dira orain artekoak baino. Iruditzen zait gaur gauean deituko diegula Klara eta Sofiari… Ai, hau urduritasuna! Hau gogoa!

2023ko abenduaren 16a: kontrakoa uste nuen arren, deskantsatzen utzi didate kontrakzioek gauean. Jaikitakoan kontrakzioak sentitzen jarraitzen dut, baina oso eramangarriak eta irregularrak dira oraindik. Sofiak idatzi digu ea nola gauden galdetuz. Gurasoak eta koinata etorri dira etxera bixitan eta entretenituta nago. Geroz eta maizago ditut kontrakzioak, baina oraindik goiz dela iruditzen zait.

13:30tan kontrakzioak zenbatero diren galdetu digu Sofiak. Nik ez dakit, baina ezer esan gabe apuntatzen aritu da ama. 8 minuturo omen ditut. Koinata joan egin da eta geratu garenok mahaian eseri gara bazkaltzera. Lasai nago. Jaten hasi naiz, baina bigarren platera amaitu baino lehen altxa egin behar izan dut. Igo da intentsitatea eta ezin dut eserita egon. Salara joan naiz, bakarrik. Bazkaltzez bukatu dute besteek bitartean.

14:45ean idatzi die bikoteak neskei. Ordubete inguru daramat kontrakzioak 3-4 minuturo izaten. Iraupena ez da oso erregularra: minutu bat, batzuetan bi minutu irauten dute. Mariak esan digu badatozela, baina nahi ez badugu ez direla sartuko etxean guk esan arte. Bat-batean 2 minuturo ditut kontrakzioak. Oso azkar doa dena, eta ni primeran nago. Boteretsua sentitzen naiz. Aita eta Lizar kanpora joan dira, oilategia txukuntzera. Bikotea nerekin geratu da. Ama sukaldea jasotzen hasi da.

16:00ak aldera iritsi da Sofia. Ze goxoa den, ze umila. Oso gustora sentitzen naiz berarekin. Tripa ukitzeko baimena eskatu dit. Noski baietz! Baina ez dakit geldirik eta etzanda denbora luzez egoteko gai izango naizen… gorputzak mugitzeko eskatzen dit. Primeran doa dena.

17:00ak aldera iritsi da Maria. Zer nolako lasaitasuna ematen didan bera ere hemen egoteak. Dutxan sartzeko proposatu dit. Aurrera. Amari esan diot ez dudala nahi Lizarrek ni horrela ikustea… orro handiak ateratzen zaizkit… ongi nago, baina ez dut berak gaizki pasatzerik nahi. Gurasoen etxera joango dira aita eta Lizar.

17:30ak aldera dutxan sartu naiz. Kostata igo ditut eskailerak, baina a zer plazerra gorputza biluztu eta ur azpian jartzea. Baloiaren gainean eseri naiz. Asko igo da intentsitatea, olatuak oso jarraiak dira, baina gustora nago. Tarteka ama etortzen da, tarteka bikotea, baina lasai uzten naute. Maria eta Sofia sartzen direnean ere ez dute zaratarik egiten. Noizean behin burua jasotzen dut norbait dagoen begiratzeko, ez baitut beraien presentzia sentitu ere egiten… Mariak eta Sofiak esan digute aldaketaren bat somatzen badugu abisatzeko, bitartean pasiloan egongo direla eserita. Dena primeran doala. Hau poza!

19:00ak aldera uzki aldean presio moduko bat sentitu dut. Bultzatzeko gogoa da! Berria da sentimendu hau niretzako. Lizarren erditzean ez zidaten utzi hau sentitzen… Ai, ze ilusioa! Prozesua pausoz pauso sentitzen ari naiz! Den-dena sentitu nahi dut! Nere erditzea neure azalean bizi nahi dut!

Dutxan lau hanketan makurtu eta baloiaren gainean jarri ditut besoak. Ura gorputzean behera doakidala, hasi naiz bultzatzen. Bikotea eta ama txandaka daude nerekin, eskutik helduta. Bultzada bakoitzean eskua estutzen diet. Oso gogor. Indarra ematen dit horrek, babesa. Maria eta Sofia ere komunean daude. Ispilu batekin begiratzen dute tarteka nire hankartea, eta Harriren bihotz-maiztasuna entzuteko aparatua ere jartzen didate tarteka tripan. Baina inongo momentuan ez dute nire mugimendua oztopatu. Lurrean etzanda ere egon dira momenturen batean, pentsa.

19:15ak aldera, bultzadak ez direla oso eraginkorrak eta, posturaz aldatzeko proposatu didate neskek. Dutxatik atera, toaila batekin pixka bat lehortu eta kokoriko jartzen saiatu naiz. Karranpak ditut eta ezin dut. Azkenean bikotearen gainean eseri naiz. Suzko aroa sentitu dut! Ai ama! Neskei esan diet, ezin dut sinistu! Mariak esan dit nahi badut ukitzeko Harriren burua, bertan dela. Ene! Ezin dut hitzez adierazi une honetan sentitu dudana. Zer nolako plazerra! Mariak esan dit hurrengo olatuarekin jaioko dela Harri eta nahi badut nik neuk hartzeko ateratzen denean. Baina ezin dut, karranpak ditut hanketan eta ezin naiz ongi makurtu… Mariak arrazoi, hurrengo olatuarekin jaio da Harri. Atera eta berehala egin du negar. Ezin dut sinistu! Egin dut! Nire besoetan dago Harri… Nire gorputza erditu zitekeen…  A zer lasaitua, a zer plazerra! Bikoteak eta amak moztu dute zilbor-hestea, bihotz-taupadak gelditutakoan. Laugarren egunean erori zaio Harriri zilbor-hestearen kondarra.

Bigarren mailako desgarroa izan dut, eta lata pixka bat eman dit horrek hurrengo egunetan, baina ezin konparatu jasotako tratua. Nire erritmoa errespetatu dute Harriren erditzean. Ni izan naiz nire bigarren erditzean protagonista. Nire bizitzako bigarren momenturik polit eta bereziena ez da protokolo batek baldintzatua izan.

Mila esker Magale, hala behar dugunoi, etxean seguru erditzeko alternatiba eskaintzeagatik. Sorgin zoragarriak zarete.