«Nire testigantzak polita izan behar zuen, kutsu “negatiborik” (baldin badago) gabea. Baina ez zen erreala izango, benetazkoa. Erreala izateko momentu hau iritsi arte itxaron beharra nuen.»

BIZIA SORTZEAK SORTUTAKOAK 

Zenbat kostatu zitzaidan erditzeko etxeko argazkiak lehenengo aldiz ikustea, edo beste guraso batzuen testigantzak irakurtzea, baita neureari hitzak jartzea ere. Beldurra nuen barruraino sartuta. Itxita nengoen. 

Badirudi momentua iritsi dela, bai, heldu da garaia arantzak kentzen hasteko. Denbora asko pasa da eta nire gorputza eta arima berreskuratu nahi ditut. Inoiz galdu ez ditudanak baina nahi bezala ezin izan dutenak hegan egin. Bide horretan, nire testigantzak polita izan behar zuen, kutsu “negatiborik” (baldin badago) gabea. Baina ez zen erreala izango, benetazkoa. Erreala izateko momentu hau iritsi arte itxaron beharra nuen. Itxaron ez, neuk etorri behar nuen une honetara. Azkenean konturatu nintzen askatu beharra nuela. Zauriak sendatzeko lanean ari nintzen, baina ez emozionalki. Laguntza eskatu nuen eta eskerrak! Gauza asko gogoratu, sentitu, onartu, bizi izan ditut lan emozional honetan. Sendatzen ari naiz. 

Gaur Iosune ikusi dudala iruditu zait, baina ez zen bera. Barrua mugitu zait, urduri jarri naiz eta momentua iritsi dela pentsatu dut. Kontatu egin nahi dut, barrenetik atera eta hitzak jarri. 

Haurdunaldia ez zen erraza izan. Batez ere emozionalki nuen korapiloak arazo digestiboak sortu zizkidan hasieran. Uste baino denbora gehiagoz bihotzerrea, botalarria, haizeak…sentitu nituen. Betiko pilulek ez zuten eraginik. Pilulek ezin zuten sentimenduen korapiloa askatu. Parisko odol isuriaren sustoa ez zen atsegina izan. Beldurra sentitu nuen. Ez zen albokalterik izan, eskerrak nire gorputzari. Gainontzean dena “ondo” zihoan. Gogotsu, ilusioz geunden. Hautua egin genuen, Magaleko emaginekin egin nahi genuen Xuhare besoetan izan bitarteko bidea. Zuekin. Zuei esker informazioa jaso genuen. Zuen goxotasun eta gertutasunak gure jakintza aberastu zuen. Konfiantzaz bete eta ahaldundu egin gintuzuen. Zuen eskakizunak betetzen saiatu ginen eta sasoi betean iritsi nintzen egun handira. Oso indartsu nengoen zentzu guztietan, eta beldurrik gabe, ustez. Prest nengoen Xuhare jaiotzeko, prozesua bizitzeko. Laguntza paregabea izango genuen Xuhare eta biok. Konfiantzazko hiru emagin paregabe eta Aitor, mattie. 

Gaurko egunez, uztailak 20, orain dela 2 urte, goizeko 3ak aldera lo nengoela, sentitu nuen lehen uzkurdura. Xuhare prest zegoen jaiotzeko eta lanean hasi ginen. Tartea bazegoen uzkurduren artean baina ez ninduen loak hartu berriro. Goizeko 8ak aldera 2-3 minuturo uzkurdurak nituen, deitzeko garaia iritsi zela pentsatu genuen. Aitor arduratu zen, bidean ziren. Ni dagoenekoz nire munduan sartzen hasi nintzen. Iosune, Maria eta Igone iritsi eta baliabideak prestatzen hasi ziren, ixilik, goxo, errespetuz, espero nuen moduan. Banuen baineran sartzeko gogoa. Ez dakit zenbat egonaldi egin nituen bertan. Zenbat uzkurdura, ze sakonak ziren! Erritmoa egonkortu eta deskantsurik gabe lanean jarraitzen genuen. Lo hartzen nuen uzkurduren artean, baina ez nuen nekerik sentitzen. Nire gorputzak irekitzea nahi zuen baina kostatzen ari zitzaion. Xuharek burua okertuta zuen, lanean jarraitzen zuen berak ere. A ze indarra zurea matte hori! Ariketak egin genituen, era askotakoak, etxeko txoko desberdinetan, zuen laguntzarekin. Ze gogorrak izan ziren. Lanean segitzen genuen, indartsu geunden biok. Aitor, zenbat laztan, animo, ariketa…bazetorren Xuhare. Hain haurdunaldi kontzientea bizi izan genuen ( Alazne, behar izan zaitudan bakoitzean eskua eman didazu EMEKI), erditzea ez zen gutxiagorako izan. Orduak pasa eta pasa, euri asko egin omen zuen, nik ez nuen entzun. Nire mundutik gutxitan irten nuen, ahora janaria edo edaria ekartzean, ariketak proposatzean…Han zeuden ordea aukeratutako usaina, musika, argia, goxotasuna eta ERRESPETUA. Sentitzen nituen. Lehenengo aldiz eskua hartu zenutenean 8 bat zentimetro dilatatuta nengoen. Lanean jarraitu genuen. Ilundu egin zuen eta erabakia hartzeko garaia iritsi zen. Gure hautua, zalantza eta beldur artean, ospitalera joatea izan zen. Ez zegoen arriskurik, larrialdirik, baina blokeo bat zegoen. Ordu asko lanean jo eta su atsedenik gabe igaro eta gero, gaueko 12ak aldera ospitalerako bidea hartu genuen. 

Indar gutxi nuen etxean lanean jarraitzeko, analgesia behar nuen deskantsatu eta lanari berriro ekiteko. Nire galdera hau izan zen “eta han zer?”. Orduan nire gorputzari sentitzen utzi ez nion etsipena gerora sentitu dut. Nire erditzearen jabe izan nintzen ordura arte eta handik aurrera horrela izaten jarraituko ote zuen zen nire zalantza. Denok joan ginen ospitalera. Nik mina arintzea nuen buruan, deskantsua hartzeko. Iritsi, informeak elkarbanatu eta agurtu egin zintuztegun. Zuekin amaitu nahi genuen bidea, baina ezin izan genuen, bazindoazten. Ze lan gogorra egin zenuten, ordu luzez. Ospitalean profesional desberdinek artatu ninduten. Batek egoera gutxietsi zuen, besteak modu zakarrean lagundu zidan. Analgesiari esker lo egin genuen, baita zuk ere Aitor, oso nekatuta zeunden. Bestearengandik goxotasuna jaso genuen, momentu batez sinetsi egin zuen nigan, laguntza gehiago behar genuela erabaki zuen arte. Epidurala, oxitozina sintetikoa, poltsa gehiago apurtzea…Nire gorputzak hainbeste orduz hainbeste sentitu eta gero askoz ere gutxiago sentitzen zuen. Uzkurdurak arritmikoak, mingarriagoak…ziren. Erritmoa eta prozesua eten egin ziren eta berriro ekitea oso zaila izan zen. Laguntza berriak postura desegokienera eraman ninduen, bertan gelditzeko esanez. Ez omen zen postura kontua. Xuhare egonkor zegoen, borrokalaria gure txikia. Mina eman zidan, handia, erruz bultzatu nuen, ni ez nengoen han iada, nire gorputza han gelditu zen arren. Bere esku hartzea mingarria izan zen, laguntza instrumentala erabili zuen (episiotomiarik ez, eskerrak haurdunaldian egindako lanari eta nire gorputzari). Ni bultza eta bultza, agindutakoa betez. Ez nuen nire konfiantzazko profesionalik, aukeratutako usain, goxotasun, musika nahiz ERRESPETURIK sentitzen. Ez nintzen nire erditzearen jabe iada, ez eta Xuhare bere jaiotzaren jabe ere. Eta goizeko 6retan Xuhare jaio zen, ez nuen nire barrutik irtetzen sentitu, hau onartzea oso gogorra izan da niretzat. 

Eta hau dena idazteko gai izatera iristeko, nire buruari (defentsa modura) sentitzen utzi ez nion dena sentitu, liseritu eta barneratu dut denbora eta laguntzarekin ( Estitxu bidelagun zoragarri hori, hain erraza izan da zurekin…). Gorputza itxita dagoenean, denetik galtzen du, pozari zein tristurari isten dizkio ateak. Oraintxe bertan Xuhare bere osotasunean sentitzen dut, mugarik gabeko laztan eta begirada horiek egunero elkarbanatzeak egundoko bizipoza ematen dit. Eta AMA, zu hor zeunden. Fisikoki gure artetik joan zinela 10 urte bete baino 3 egun lehenago jaio zen zure biloba. Erditzerakoan, ez nengoen prest urteetan barruan gordetako denak sortutako korapiloa askatzeko. Erditzean, erdibitzean, ireki eta dena atera zen. Beldurra nuen sentimendu horiek erditzeko eta beldur horrek itxita mantentzen ninduen. Nire gorputza ez zegoen prest korapiloa desegiteko. Xuhare eta eduki nuen erditzeari esker, barruan topatu dudan dena ateratzeko beharra sentitu dut eta baita ausardiaz atera ere. Eta orain hasiko naiz nire gorputza eta galdutako indar guztia berreskuratzen, arima berreskuratzen hasi naizenean, bitartean behin eta berriz esan izan dit zauriak zeudela sendatzeko. ERDITZEA FISIKOA ETA EMOZIONALA baita. Teloia irekitzean, ikusentzunezkoa ez bazaigu gustatzen,joan egin gaitezke. Baina antzezlan hori norbere antzokian geldituko da, berriro teloia ireki arte behintzat. 

EZINEGONA sortzen dit indarkeria obstetrikoak. Askok ez gaituzte GAI ikusi nahi ezta erditzean ere. Jabetu gaitezen hontaz eta geurea denataz. Ez gaitzatela ez amak (gurasoak) ezta umeak ere gutxietsi, ez diezagutela informaziorik ezkutatu, ezta gezurrik esan ere. Ez dezatela normalizatu normala ez dena. Ez dezatela egoera infantilizatu, ezta garrantzia kendu ere. Aukera denak dira balekoak amak informazio guztia eskuan hautatuak badira. Bizia sortzen eta gure gorputzetatik kanpora bideratzen ari gara, handia da hori gero! Non, nola eta norekin erditu aukeratu nahi dut. Nire zergak horretara ere bideratu nahi ditut. 

ASKE MATTE, ASKE BIZI, ASKE ERDITU!! 

MILA ESKER ERDITZE FISIKO ETA EMOZIONAL HONETAN BIDELAGUN IZAN ZARETEN GUZTIOI. ERRESPETUZ ARTATU NAUZUEN PROFESIONAL GUZTIOI, SEGI LANEAN, BEHAR ZAITUZTEGU. 

MAGALE, sorginak zarete, sorgin maitagarriak, gure bihotzetan betirako. 
AITOR, hainbeste ematen didazu baldintza eta mugarik gabe…hori baita zure emateko modua. 
XUHARE, eskerrak zauriak sendatzeko bidea irekitzeagatik. Ederra da zure ondoan bizitzea. 

INFORMAZIOA. KONTZIENTZIA. AHALDUNTZEA. ERDITZEA. MAITASUNA. ERRESPETUA. KONFIANTZA. ASKATASUNA. 

BIHOTZEZ, BESARKADA ESTU BANA 

Alazne.